Txirrindularitza

2023ko Kern Pharma, denboraldi berrirako gogotsu

Guaixe 2023ko urt. 19a, 10:00
Kern Pharma taldeko aurkezpen argazki ofiziala. KERN PHARMA

Eskuadra gaztea 22 txirrindularik osatzen dute, tartean Igor Arrieta Lizarragak. Taldearendako 2023 urteko txirrindulari garrantzitsuenetako bat izango da uharte arakildarra. Pablo Urtasun Perez urdiaindarrak kirol zuzendari lanetan jarraituko du.

UCI Pro Team mailako Kern Pharma txirrindularitza taldeak bere aurkezpena egin zuen atzo, ilbeltzak 18, Alacanteko Vila Joiosako Blue Line Hotelean. Talde farmazeutikoa bertan kontzentratuta dago, entrenamendu gogorrak egiten eta hastear dagoen denboraldirako azken ukituak prestatzen. 

Juanjo Oroz taldeko managerrak eta Manolo Azcona Galibier Kirol Elkarteko presidenteak gidatzen duten eskuadrak 22 txirrindulari ditu. Pablo Urtasun Perez txirrindulari ohiak kirol zuzendari lanetan jarraituko du, Mikel Ezkietarekin eta Jon Armendarizekin batera. 

Taldearen helburu nagusia trebatzen jarraitzea da, “progresioa izatea”. Egutegian lan ona egin nahi dute eta Espainiako Vueltarako gonbidapena lortzea da beste helburuetako bat. “2023 denboraldiak erronka ederrak ditu aurretik. Kategoria goreneko zenbait probatan lehiatuko gara, esaterako Volta a Catalunyan eta Itzulian, eta nazioarteko txapelketa handitan. Espainiako Vueltan aritzearekin denboraldiari ginga jarri nahiko genioke. Gure txirrindulariengan erabateko konfiantza dugu. Orain arte garaipen ederrak lortu dituzte” nabarmendu zuen Juanjo Oroz managerrak. Kern Pharma enpresa farmazeutikoa, taldeko babesle nagusia “oso pozik” dago taldea babestearekin “Kern Pharma duela 23 urte sortu zelako, Kern Pharma Txirrindularitza Taldeak duen ilusio berberarekin. Kirol honetara jarraitzeko bokazioz iritsi gara” nabarmendu zuen Manuel Garrido zuzendari nagusiak.  

Eskuadra gaztea
Talde oso gaztea du Kern Pharmak. Txirrindularien artean Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra da sakandar bakarra, taldean bere bigarren denboraldiari aurre egiteko prest. Taldeak itxaropen handiak ditu sakandarrarekin. “Etorkizuneko txirrindularia da. Gaztea da, baina handienen artean dirdira egiteko heldutasuna du. Joan zen urtean O Gran Camiñon, Asturiasko itzulian eta Alpeetako Tourrean maila handian aritu zen eta 2023an Kern Pharma taldeko txirrindulari garrantzitsuenetako bat izango da” azaldu dute taldean. 

Berrikuntzei dagokienez Pablo Castrillo eta Mikel Retegi harrobitik igo dira -lehen Lizarte taldea zena eta hemendik aurrera Finisher taldea izango dena- eta Movistar Team taldetik Iñigo Elosegi iritsi da. Eta gainontzeko txirrindulariak joan zen denboraldikoak dira: Roger Adrià, Jon Agirre, Urko Berrade, Giovanni Carboni, Hector Carretero, Ivan Cobo, Kiko galván, Carlos García, Raul García, Alex Jaime, Jordi Lopez, Martí Marquez, Pau Miquel, Jose Felix Parra, Vojtêch Repa, Ibon Ruiz, Eugenio Sanchez eta Danny van der Tuuk.