2021-2027 Sakanako Estrategia Plana

"Denon artean bideorria adostu dugu"

Guaixe 2023ko urt. 26a, 14:00

Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren oniritziarekin onartu zen estrategia plana. UTZITAKOA

Sakanako Estrategia Planak ibarrak sozioekonomia arloan jarritako helburuetara iristeko bide orri edo mapa berria du. Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola Matxain kudeatzaileak prozesu guztian parte hartu du.

Ibarreko aurreneko estrategia planak 2013 eta 2020 urte tartea hartzen zuen eta, hura bukatuta, aztertu eta eguneratzeko lanketa egin zuen Sakanako Sozioekonomia Behatokiak. Azaroaren 24an aurkeztu zuen 2021-2027 Sakanako Estrategia Plana. Iker Manterola Matxarain Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea da eta bi estrategia planen prozuetan parte hartu du.


 
Noiz hasi zenuten aurreko planaren berrazterketa eta berria egiteko prozesua? 
Berez, 2020an egin behar zen berrazterketa, baina pandemia etorri zenez 2021. urtean abiatu genuen. Garbi genuen prozesuak eskatzen zuen denboraz eta patxadaz lan egin behar zela. 2021ean hasi eta 2022ko azaroaren 24an onartu zen. Bi urtetako lanketa izan da, beharrezko denbora hartzeari garrantzia emanez. 

Pandemiak lanean utzi dizue? 
Lehenengo momentuaren ondoren denok horretara ohitzen joan gara. Horrek ere eman digu gauzak beste modu batera ikusteko bidea. Bigarren estrategia plana hainbat arlotan indar gehiagorekin aurrera ateratzeko eragina izan du. 

Zeinek parte hartu du? 
Aurrekoari jarraituz antolatu zen. Beti ere Sakanan bizi eta lan leloari erantzungo liokeena; lan mundutik erantzungo liokeen estrategia bat da. Sektoreak kontuan hartuta hainbat lantalde sortu dira. Haietan udalek eta Sakanako Mankomunitateak parte hartu dute, baita enpresa arloko elkarteek, sindikatuek, norbanakoek eta lan munduko bestelako eragileek. Egia esan prozesua oso irekia da. Eta hemendik aurrera hala izateko asmoa dugu, eta beste eragile batzuen parte hartzera ere irekia izanen da. 

Berria egin aurretik, lehenengo Estrategia planaren balorazioa edo egoeraren diagnosia egin duzue? Zein izan da emaitza?
Aurreko planaren balorazia positiboa izan zen, baina bere argi-ilunekin eta hobetzeko kontuekin. Bere ezarpenean parte hartu zuten eragile guztiek aitortzen zuten egindako lana. Ikusten zen komunikazioan hobetu beharra eta eragile gehiago proiektura barneratu beharra. Alde horretatik, bigarren planean aurrerapausoak eman dira. Horren adibidea da, aurreneko planean ez bezala, oraingo honetan Jarraipen Batzordean eta prozesu beraren zuzendaritzan hasieratik egon direla Cederna-Garalur eta Sakanako Enpresen Elkartea. Azken horretan zuzendaritza berria dago eta hor aldaketa handi samarra ikusi dugu, jendearen inplikazioan, parte hartzean... Aurrekoaren aldean beste indar batzuekin abiatzen garela dirudi. Aurreko planak hainbat lorpen izan ditu. Esaterako, Dinabide, Nafarroan erreferentzia dena. Lortutakoez aparte, aurrera begira konfiantzazko oinarriak ezarri dira. Horri Sakanako Garapen Agentzian balioa ematen diogu. 

Lortutakoez aparte, aurrera begira konfiantzazko oinarriak ezarri dira.

Zer inpresio utzi dizue prozesuak? 
Aurrekoarekin alderatuta, parte hartze eta inplikazio handiagoa eta lanerako beste gogo bat, beste baldintza batzuk ematen dira. Planak ez du atzetik aurrekontu jakin bat, esaterako, Nafarroako Gobernuak plangintza bat egiteko hainbat diru bideratzen duenean bezala. Gure kasuan da denon artean bide orri bat adostea eta, ondoren, finantzabideak eta bestelakoak lortzea dugu helburu. Hortik abiatuta, oso garrantzitsua da inplikazioa eta proposizio jarrera. Prozesuaren oso-oso balorazio ona egin dugu. 

Aurrekoarekin alderatuta, bakoitzari dagokion ardura mailan, eragileek plan hau haiena balitz bezala hartu dute. Norberak bere tokitik defendatu dezakeen proiektua da. Aipatu nahi nuke Cederna-Garalurrek emandako bultzada, merkataritza arloan izandako inplikazioa nabarmentzekoa da. Sakanako Enpresen Elkarteak borondate eta jarrera ona izan du prozesu guztian. Planari bultzada emateko parte garrantzitsua izan dira. 

Aurreko planean lortu den emaitza esanguratsuena izan da hainbat eragileren arteko elkarlana. Helburuak lortzeko bidean elkarlanaren garrantzia agerian gelditu da. Lantaldeetan aipatu da: nora joan badakigu, noraino iritsiko garen? Hori hemen gaudenon elkarlanaren gaitasunaren araberakoa izanen da. 

Heldu diren bost urtetan mila pertsona inguru jubilatuko dira eta Sakanan bizi den gazte kopuruarekin ez da jarraipena ziurtatzen.

Pandemia, Ukrainako gerra, inflazioa... Diagnosia egiterakoan zer izan duzue kontuan? 
Diagnosi nahiko zabala egin da. Azterketa ekonomikoa egin da, baina baita gizarte arlotik ere. Eta horretan arlo ekonomikoari eragiten dioten hainbat gai atera dira, esaterako, etxebizitza, mugikortasuna eta lanari oso lotuta dauden beste hainbat behar plazaratu dira. Ekonomia jarduera ez da gizartetik isolatuta dagoen zerbait, haren baitan txertatuta dago. Azaleratu den gaietako bat da langile edo errelebo faltarena. Heldu diren bost urtetan mila pertsona inguru jubilatuko dira eta Sakanan bizi den gazte kopuruarekin ez da jarraipena ziurtatzen. Horri lotuta etxebizitza premia eta beste hainbat gai mahai gaineratu dira. Plana ikusi nahi duenak www.sakanagaratzen.com webgunean du.

Zein ikuspegirekin egin duzue plan berria?
2027. urtera begira, Sakanako eskualdea lurralde erakargarria eta interesgarria izatea nahi dugu, bere zerbitzu eskaintzari eta bere ekosistema sozial eta ekonomikoari esker. Nahi dugu Sakanan pertsonek euren bizi proiektuak erabat garatu ahal izatea, maila pertsonalean zein profesionalean. Eta Sakanak hazkunde iraunkorra eta orekatua izatea sektore ekonomiko guztietan. Sakanan bizi eta lan leloari sostengua emanen diona. Plana ibarreko ekonomiaren suspertze estrategia bat da eta heldu diren erronkei begira elkarlan esparruak zehaztea. Alde horretatik, hainbat eragileen artean partekatua da. Norabidea finkatua dago, baina garrantzitsua da unean-unean egoerak irakurri eta horietara egokitzeko mekanismoak izatea, malgua izatea. Horregatik, urtero egoera berraztertu eta egokitzeko beharrezko moldaketak eginen ditugu. Pandemiak hori erakutsi digu: egoera berrietara ahalik eta modu azkarrenean moldatzeko beharra. 

Hori guztia lortzeko zer pauso emanen dituzue?
Estrategia planean sei esparru daude eta horiei zeharkako estrategia elementuak, edo zehar lerroak gehitu dizkiegu. Lau dira. Batetik, jasangarritasuna, eraldaketa ekonomikoaren gako nagusia, Sakanako gaitasun teknologiko eta industrialak ingurumenarekiko eta pertsonekiko irtenbide arduratsuak bilatzera bideratuz. Bestetik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna. Horrekin batera, digitalizazioa, eraldaketa-prozesua, datuaren ekonomian, prozesuen automatizazioan eta fabrikazio aurreratuko teknologietan oinarritutako soluzio digitalak garatzea eta ezartzea dakarrena. Eta, azkenik, gizarte ekonomia, arlo pribatuan interes ekonomiko edo sozial orokorra bilatzen duten erakundeek edo biek egiten dituzten jarduera ekonomiko eta enpresarialen multzoa. Beraz, sei arlo horietan egiten diren eta proposatzen diren ekimen guztiei lau zehar lerroen begirada txertatuko zaie. 

Zein dira aipatu dituzun sei arloak? 
Aurreko planari jarraituz, honakoak dira: industria, energia, merkataritza, turismoa, elikadura eta toki erakundeak. Azken hori da berrikuntza, tokiko erakundeen parte hartzea eta haien inguruko proiektuak. Hor sartzen dira aipatu ditugun etxebizitzaren eta zahartze aktiboaren inguruko politikak. Eta aipatu den malgutasuna kontuan izanik, etor litezkeen eskari eta beharrei erantzuteko moduak. 

Goazen labur aletzera arloak, hasteko industria. 
Kualifikazioa duten langileen falta nabaria da. Orain arte oso maskulinizatua izan da eta apustu garrantzitsua izanen da emakumezkoak industrian aritzea erraztuko duten politikak aurrera eramatea.  Sakanako Enpresen Elkarteak konpromiso argia adierazi du horrekin. Bestetik, berrikuntza eta garapenerako enpresen arteko elkarlanetik bideratu nahi da. Horrekin batera, enpresek lurraldearekiko eta gizartearekiko erantzukizuna bideratzeko ekintzak egitea. 

Energia arlorako zer aurreikuspen? 
Energia berriztagarrien garapena, gizartearen sentsibilizazioan sakontzea, etxebizitzen energia eraginkortasuna sustatzea eta hondakinen murrizketa aipatzen dira. Proposatzen den ekintza nagusietakoa, lehenbailehen martxan jarri nahi duguna, energia komunitateen sustapena da. Energia berriztagarrien garapena hortik ikusten dugu nagusiki. 

Aurrera eginez, merkataritza. 
Merkataritza bizitzen ari den aldaketa horiekin guztiekin, oinarrizko erosketak herrian egiteko aukera izatea da helburu nagusietako bat. Merkataritza gune nagusiak indartzea, eskualde mailako eta aisialdia ikuspegia duten arloarekin lotuta. Hori egin ahal izateko merkataritza espazio fisikoen sustapena eginen da. Eta elkartegintza bulkatuko da. 

Turismorako, zer? 
Sakanako ondareari balioa aitortzea. Eta, beti ere, turismo iraunkorra sustatuz. Aurreko planetik hainbat ekimen heldu dira, esanguratsuena, bizikleta ibilbideari lotutako turismo produktuak dira: Donejakue bidea eta zikloturismoari dagozkion produktuak. Espezializazio horretan zentratuz, turismo iraunkorra, kirol turismoa eta mendi baliabideei lotutakoa. Trakzio lana eginen zuen produktu baten beharra ikusten zen orain arte. Bizikleta ibilbideko lanak aurten hastea espero dugu. 

Elikadurari erreparatuko diogu orain.
Aurreko planaren jarraipena izanen litzateke: bioeskualde agroekologikoaren ikuspegia landu nahi da. Batetik, lurraren erabilera jasangarria sustatu nahi da, komunalek duten garrantziari helduz. Aldi berean, sektorearen garrantzia herritarrei iritsaraztea eta, horrekin batera, tokiko produktuen kontsumoa sustatu. Bestetik, elkarlan esparruak. Horien artean garapen fase aurreratuan dagoen Kalaska proiektua, haragi-eraldaketarako kooperatiba publiko komunitarioa.

Arlo berria dira toki erakundeak. 
Eskualde ikuspegia eta jarduera lortu nahi daa. Elkarrekin atera daitezkeen hainbat ekimen banaka ateratzeko zailtasun handiak daude. Eraginkortasunagatik eta eskualde nortasuna indartzeko. Ibar gisa heldu beharreko gizarte beharrak ere. Honakoak dira identifikatu diren premia nagusiak: etxebizitza, adinduendako bizitoki eskaintzaren beharrak eta garraio publikoa eta mugikortasuna. Azkenik, ekonomia sustapenari dagozkionak, esaterako, industria poligonoen egokitzea.

Hori guztia kudeatu beharra dago. Nola eginen duzue?
Sakanako Sozioekonomia Behatokia izanen da organo nagusia. Bertan Sakanako Estrategia Planeko sei arloak eta lau zehar lerroak, ikuspegi osoa, kontuan hartuko duen foroa izanen da. Behatokia, orain arte bezala, urtean gutxienez bitan elkartuko da. Urteko ekintzak onartuko ditu, eta haien balorazioa egin ere. Beti ere, ikuspegi makro horretatik. Bestetik, Talde Eragilea dago. Hura Cederna-Garalurrek, Sakanako Enpresen Elkarteak eta Sakanako Garapen Agentziak osatzen dute. Haren lana da planaren ezarpenaren eguneroko jarraipena egitea eta erabakiak hartzea. Azkenik, orain arte ez bezala, lantaldeak zehaztuta daude, arlo bakoitzeko lantaldeak daude. Bakoitzean teknikaria izanen da arduraduna. Lantaldeek urtean zehar zer gai landuko diren zehaztasunez landuko dituzte, urteko ekintzak proposatuko dituzte eta haien ondorengo balorazioak egin ere. Lantaldeen bileren maiztasunak beste dinamismo bat izanen du. Gure helburua da sakandarrei eta eragileei parte hartzeko bideak irekitzea.

Horiek osatuta, zein dira hurrengo pausoak? 
Talde Eragilea osatzen dugun hiru erakundeok elkarlan akordioa sinatuko dugu. Haren bidez lan banaketa eta gure arteko funtzionamendua zehaztuko da. Bestetik, Nafarroako eragileei Sakanako Estrategia Planaren berri emanen diegu, planeko helburuak lortzeko haietako asko guretako garrantzitsuak izanen direlako. 

Gure asmoa litzateke Behatokiaren deialdia otsailean egitea, bertan mahai gaineratzeko urteko ekintzen proposamenak. 

Lantalde bakoitzak aurtengo plana edo egitasmoak zehaztuak dituzue?
Bilerak abenduan hasi ziren. Lantalde erdiek lehen bilerak eginak dituzte, eta lehen proposamenak ontzen ari gara. Horiek ondu, lantaldeen azken oniritzia jaso eta Talde Eragilera eta Sozioekonomia Behatokira aurkeztea falta da. Gure asmoa litzateke Behatokiaren deialdia otsailean egitea, bertan mahai gaineratzeko urteko ekintzen proposamenak. 

Horiek nola finantzatuko dira?
Hau guztia aurrera eramateko dugun erronka da finantzazioa bilatzea. Orain arte plana aurrera ateratzeko Sakanako Mankomunitatearena izan da ekarpen nagusienetako bat. Eta urtez urte Nafarroako Gobernuak atera dituen eskualde aktibazio planeko deialdiak. Orain hainbat ildo lantzen ari gara planean jaso ditugun ekintzak finantzatzeko. Plana bide orri bat da. Gure lana da ekintza horiek aurrera egiteko finantzabideak aurkitu, identifikatu eta lantzea. 2023ra begira, Mank-en eta gobernuaren ekarpenez aparte, esaterako, bizikleta ibilbidea egiteko estatuko 1,7 milioi euroko dirulaguntza izanen dugu. Beste arloetan ere hala litzateke, proiektuen bitartez, deialdietara aurkeztu eta finantzazioa lortu horiek aurrera ateratzeko. 

Bakarren batek ekarpena egin nahiko balu, zer egin beharko luke? 
www.sakanagaratzen.com webgunean Sakanako Estrategia Planaren dokumentazio guztiaz aparte, galdetegi bat dago. Proposamenak eta ekarpenak egiteko aukera izanen da. Gainera, urtez urte ekintzen proposamenak plazaratuko ditugu, eta horiei ekarpena egiteko aukera izanen da. Beti ere, Sakanako Garapen Agentziaren webgunearen bitartez. Sakandarrak haiek irakurtzera eta ekarpenak egitera animatzen ditut. 

 


Plana
27 ardatz estrategiko, 29 helburu estrategiko eta 126 jarduera edo proiektu identifikatu dira, honela
banatuta.

 

Industria 
Estrategia ardatzak 

  • Pertsonak.
  • Enpresa sarea.
  • Berrikuntza eta garapena.
  • Gizartearekiko erantzukizuna.
  • Lurraldearekiko erantzukizuna.

Estrategia helburuak

  • Industria-jarduerarako prestakuntza duten pertsonen kopuru nahikoa izatea (8 ekintza).
  • Enpresa kopurua egonkortzea (3 ekintza).
  • Sakana berrikuntzan erreferente den lurralde gisa prestatu eta irudikatzea (7 ekintza).
  • Sakanako gizartearekin arduratsua den sare industriala (6 ekintza).
  • Sakanako lurraldearekin arduratsua den sare industriala (4 ekintza). 

 


Energia 
Estrategia ardatzak 

  • Energia berriztagarrien garapena.
  • Gizarte sentsibilizazioa.
  • Etxebizitzetan hobekuntzak.
  • Hondakinak murriztea. 

Estrategia helburuak

  • Eredu energetiko berri bat bultzatzea: energia berriztagarrien ezarpena (6 ekintza).
  • Gizartea energiaren erabilera arduratsuaz sentsibilizatzea (2 ekintza).
  • Etxebizitzen energia-baldintzak hobetzea (2 ekintza).
  • Hondakinen birziklapena eta berrerabilpena sustatzea (ekintza 1).
     

Merkataritza 
Estrategia ardatzak 

  • Oinarrizko erosketa.
  • Merkataritza jarduera.
  • Gizarte eragina.
  • Espazio fisiko komertziala.
  • Asoziazionismoa. 

Estrategia helburuak

  • Udalerri guztietan oinarrizko produktuak banatzeko merkataritza-jarduera sustatzea eta mantentzea (5 ekintza).
  • Merkataritza-jarduera antolatzea eta dinamizatzea, merkataritza-jardueren kopuruari eusteko (5 ekintza).
  • Gizartearen, haren balioen, kulturaren... eta merkataritza-jardueraren arteko harremana bultzatzea eta bistaratzea (4 ekintza).
  • Merkataritza-jarduera erraztu eta bultzatuko duen espazio publikoa sortzea (6 ekintza).
  • Sektorea ordezkatu eta bultzatuko duen eskualdeko merkatarien elkarte bat mantentzea eta sendotzea (3 ekintza). 

 

Turismoa 
Estrategia ardatzak 

  • Turismo gobernantza.
  • Sakanako ondarea.
  • Turismo iraunkorra
  • Kirol turismoa.
  • Aralar mendia, santutegia eta Zamartze.
  • Marketinga eta merkaturatzea. 

Estrategia helburuak

  • Turismo-kudeaketan sakontzea, eragile eta lurraldeekiko gobernantzatik (7 ekintza).
  • Sakanako ondareari balioa ematea, eskaintza integral bat prestatuz: produktu eta zerbitzu turistikoak definitzea eta merkaturatzea (3 ekintza).
  • Bere jardueran esku hartzen duten elementu guztiak bilduko dituen Turismo Iraunkorraren eskaintza integrala garatzea (7 ekintza).
  • Mankomunitatearekin lankidetzan, kirol-turismoko eskaintza bat garatzea (4 ekintza).
  • Aralarko San Migel Santutegiaren jarduera Sakanako eskaintza turistikoan integratzea (3 ekintza).
  • Informazio, komunikazio eta merkaturatze kanal guztiak hobetzea (4 ekintza). 

 


Elikadura  
Estrategia ardatzak 

  • Lurraldearen erabilera eta kudeaketa.
  • Sektorearen garrantzia.
  • Berrikuntza.
  • Lehiakortasuna. 

Estrategia helburuak

  • Lurraren erabileran eta kudeaketan ikuspegi jasangarriaren ezarpena. Lurraren eta paisaiaren kudeaketa iraunkorra, elikadura sistema lurraldetua lortzeko (4. ekintza).
  • Gizartearen aurrean lehen sektorearen garrantzia azpimarratu (2 ekintza).
  • Lehen sektorean berrikuntza bultzatzea: ekoizpena, banaketa (3 ekintza).
  • Lehen sektorea bidezkoak eta orekatuak diren errentak sortzen dituen jarduera lehiakor gisa eratzea (5 ekintza). 

 


Toki erakundeak 
Estrategia ardatzak 

  • Eskualdeko ikuspegia eta jarduera.
  • Gizarte beharrak.
  • Ekonomia sustapena.

Estrategia helburuak

  • Eskualde-ikuspegia indartzea zerbitzu publikoak ematean (8 ekintza).
  • Eskualde-ikuspegia indartzea Sakana marka komunikatu eta sendotuz (2 ekintza).
  • Gizarte-beharrei erantzuteko baliabideen eskaintza egokia (4 ekintza).
  • Gizarte-beharrei erantzutea ingurumenaren ikuspuntutik (2 ekintza).
  • Sakanan jarduera ekonomikoa garatzeko baldintza egokiak sortzea (8 ekintza).