Mugikortasun urria dutenen aparkatzeko txartelak berritzeko prozesua martxan da

Guaixe 2023ko urt. 25a, 14:02
Mugikortasun urriko pertsonendako aparkatzeko plaza iragartzeko seinale urdina eskuinean. ARTXIBOA

Mugikortasun urria duten pertsonen ibilgailuak aparkatzeko txartela kudeatzeko lege berria dago indarrean Nafarroan. Pertsona fisiko eta juridikoek eskuratu ditzakete. Martxoaren 24a baino lehen egin behar da eskaera.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuak mugikortasun urria duten pertsonen  ibilgailuak aparkatzeko txartela arautzen duen legea onartu zuen joan den urtean. Araudi horren arabera departamentuak Nafarroa guztiko txartel modelo bat sortu du eta txartel guztien datu base zentralizatua osatu du, azaroaren 14az geroztik erabilgarri dagoena. 

Legeak jaso duenez, mugikortasun urria duten pertsona guztiek beraien ibilgailuak aparkatzeko dituzten txartelak berritu behar dituzte; martxoaren 24ra arteko epea dute. Horretarako, erroldatuta dagoen tokiko erakundearen udaletxera joan behar dute. Bestela, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (https://labur.eus/111rU) egin daiteke eskaera. Aurrez aurreko eskaera egin denean, udalek tramitatuko dute eskaera. Udalak berak erabakiko du eskaeraren inguruan, eta oniritzia emanez gero txartela inprimatzeko eskatuko du. Aparkatzeko txartela posta bidez etxean jasoko du eskatzaileak. 

Bi txartel mota 
Urritasuna duten pertsonen mugikortasuna bermatzeko txartelak bi motatakoak dira: iraunkorrak eta behin-behinekoak. Aparkatzeko txartel iraunkorrak desgaitasunaren balorazioa egin zaien eta eskubide horren onuradun izan diren pertsonek dute. Txartela bost urterako emanen zaie. Legearen arabera, aparkatzeko txartela baliozkoa izateko, titularrak txartela emateko eskatzen diren baldintzak bete beharko ditu. Azkenik, pertsona bat hiltzen bada edo eskubidea galtzen badu, datu-base zentralizatuak baja emango dio txartelari, baliozkoa izateari utzita, eta pertsona fisikoak edo erakundeak bere toki-erakundera itzuli beharko du.

Behin-behineko txartelen kasuan, mugikortasun murriztua duten pertsonatzat ofizialki jo ez diren arren, gaixotasun edo patologia oso larrien ondorioz beren adinerako eta gainerako baldintza pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena nabarmen murrizten duten pertsonei zuzendutakoak dira, baldin eta, arrazoiz, desgaitasunaren balioespen-eskaera arrunta garaiz izapidetzea ahalbidetzen ez badute. Behin-behineko txartelak gehienez sei hilabeteko iraupena izango du, eta gehienez ere urtebetez luzatu ahal izango da. Epe hori igarotakoan, pertsonak ezin izango du berriro behin-behineko txartelik eskuratu.

Bestalde, txartela pertsona fisikoek eskuratzeko beharrezkoak dira nortasun agiria eta onuradunaren argazkia. Txartel hori bakarra, pertsonala eta besterenezina da, eta titularrak ibilgailu bat gidatzen duenean edo ibilgailu horretan garraiatzen denean bakarrik erabiliko da. Txartel horiek ez dira lotuta egongo inolako autoren matrikularekin. Bestetik, txartela eska dezakete mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako soilik diren ibilgailu egokituen titular diren pertsona juridikoek (zentroak, erakundeak eta abar). Kasu horietan IFK zenbakia eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasunari arreta eskaintzeko gizarte-zerbitzuak eman izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Txartel hori ere bakarra, pertsonala eta besterenezina izango da, mugikortasun urriko pertsonen garraio kolektiborako soilik den ibilgailuaren matrikula-zenbaki bati lotuta egongo da, eta soilik izango da eraginkorra ibilgailuak pertsona horiek eraginkortasunez garraiatzen dituenean.

Harremanetarako
Argibideak behar dituzten pertsonendako Gizarte Eskubideen Departamentuarengana jo daiteke: 848 683 000 telefonora hots eginez edo buelasaparcamiento@navarra.es posta elektronikora idatzi (astelehenetik ostegunera, 08:00etatik 17:30era eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara).