Osasun publikoaren aldeko bilkurekin segituko dute

Guaixe 2023ko urt. 24a, 09:01
Hiru bilkuren ondoren, asteazkenean, 12:00etan, atzera ere, osasun etxe parean jende ugari elkartuko da.

Mediku kopuruak gora eta behera egiten du egunero Burunda mendebaldeko osasun eskualdean, eta pediatrarik ez dago. Plataformak hurrengo hiru asteazkenetan Altsasuko osasun etxearen parean elkartzera deitu du. 

Lau sendagile Altsasuko osasun etxean eta beste bat Olatzagutiko kontsultategian. Horiek ziren joan den asteazkenean Burunda mendebaldeko osasun eskualdean lanean zeuden medikuak. Baina egunetik egunera kopurua aldatzen ari da. Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformatik azaldu dutenez, hilaren 26an beste mediku bat lanean hasiko dela jakinarazi du Osasunbideak. Lan eskaintza publikoa egitean hutsik gelditu ziren bi plaza finkoetako bat beteko du emakumezko mediku horrek. 

Plataformako kideendako pediatriaren egoera “oso kezkagarria da. Pediatra plaza eta erdi daude. Lehen pediatra bat zegoen, baina egin beharreko lanera ez zen iristen, eta, ittota, alde egin du”. Gaztigatu zutenez, “gaur egun pediatria zerbitzuan bi erizain eta erdiko lanaldia dago. Haiek ez dira pediatrak eta ikusten dituzten kasuak osasun eskualdeko medikuren batengana edo Iruñera bideratzea erabakitzen dute”. 

Horregatik guztiagatik, plataformako kideek hurrengo hiru asteazkenetan, 12:00etan, herritarrak Altsasuko osasun etxearen parean protesta bilkuran parte hartzera deitu dituzte. Aldi berean, Altsasuko osasun eskualdeko Osasun Kontseilua biltzea eskatu du plataformak. “Badakigu bere presidentea horretan ahalegintzen ari dela, baina Osasun Departamentuko arduradunek egon behar dute presente bilkura egin ahal izateko. Haien azalpenak entzun nahi ditugu bilera horretan”. Bestetik, jakinarazi dute Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udalak erakunde adierazpena prestatzen ari direla eta hura udal bilkuran onartuko dutela. 

Batera
Sakanako plataformako kideek jakinarazi dutenez, Bortzirietan antzeko egoera bizi dute. Horregatik, haiekin harremanetan jarri dira, elkarren berri izan eta elkarrekin zerbait egiteko aukerak aztertzeko. “Gure ahotsa entzunarazteko, beti hobe izanen da eskualde bat baino gehiagokoak elkarrekin aritzea, bakarrik baino”. 

Bestetik, Nafarroako plataformako kideak osasun kontseilari Santos Indurain Orduñarekin eta Osasuneko zuzendari nagusi Carlos Artundo Purroirekin bilera izanen dute hilaren 27an. Bilera horretara ibarreko plataformako kide bat joanen da.