Nafarroako hainbat eremutako euskalgintza, literatura, kirola, politika, hezkuntza eta bertsolaritzako 19 eragilek sinatu eta aurkeztu dute Sorionekuak manifestua. Haien artean bi sakandar daude, Castillo Suarez Garcia idazlea eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleko kidea. Manifestuaren sinatzaileek esan dutenez, "zorionekoak" izan eta "euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, telebista ikusi, erosketak egin, fikzioa ikusi, amets egin" nahi dute; "euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe".
Esan dutenez, "ez dugu euskara kezkarekin eta ahaleginarekin lotu nahi", baina garbi dute euskarazko ikasketak ez daudela denen eskura, euskarazko kultur ekoizpena eta zabalpena txikia dela, administrazioan zerbitzuak euskaraz jasotzea ez dela erraza izaten, posta-kodeak nafarren hizkuntza-eskubideak definitzen dituela, makina bat lanpostuetan euskara atzerriko hizkuntzen azpitik puntuatzen dela edo hizkuntza paisaia elebidunak maiz lan handia eskatzen duela.
Deia
Manifestuaren sinatzaileen iritziz, "euskarak historia luzea du, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko du" Euskara Nafar guztiena dela gaineratu dute. Horregatik, haiekin bat egin nahi duten eragile sozial eta politikoei bat egitera dei egin diete, "euskararen aldeko bidea batera" egiteko. Sinatzaileen iritziz, "ardura politikoak exijitzeko garaia da, ez bazterketa betikotzeko garaia". Horrekin batera exijitu dute, "eskubide guztiak herritar orori bermatzeko, fikziozko mugarik gabe". Aldi berean, "euskarari dagokion lekua eta prestigioa emateko" eskatu dute, "izan ere, euskarak hiztunak behar ditu eta hiztunok, eskubideak. Bereizkeria eta bazterketa ez dira aukera bat: pertsona guztiontzako eskubide guztiak nahi eta behar ditugu". Horregatik, "administrazioak erantzukizuna bere gain ardura hartzeko" eskatu dute. "Herritarron garaia" dela eta "etsitzea" ez dela aukera bat iritzita, etorkizuna euskaraz idazteko garagarrilaren 10eko mobilizazioan parte hartzera deitu dute Sorionekuek.
Orain arteko sinatzaileak
- Iraia de la Torre Landera
- Uxue Rey Gorraiz
- Saioa Alkaiza Gualar
- Nerea Urbizu Ruiz
- Tania Gonzalez Agirre
- Lorea Lizarreta Intsausti
- Lander Majuelo Itoiz
- Reyes Ilintxeta Jimenez
- Patxi Zabaleta Zabaleta
- Haizea Lizarbe Boneta
- Castillo Suarez Garcia
- Jon Zapata Borda
- Haizea Ramirez de Alda Pozueta
- Garazi Gartzia Lopez
- Ibai Sueskun Gonzalez
- Leire Ubani Larrainzar
- Ainhoa Jauregi Zudaire
- Xabi Gartzia Castell
- Ane Eslava Serrano