Lau araztegi nagusietan eguzki plakak jarriko dira

Guaixe 2023ko urt. 26a, 09:01
Lakuntzan dagoen araztegia. ARTXIBOA

Heldu den urtean Etxarri Aranatz eta Urdiain-Altsasukoan, 2025ean Irurtzungoan eta 2026an Lakuntza-Arbizukoan. Lauetan 108 kilowatt puntako potentzia ezarriko da 190.523 euroko inbertsioa eginda. Lauren urteko energia kontsumoa 548.293 kilowatt ordukoa da eta %25,47 (139.634) sortuko da plaken bidez.

Ur araztegiez Nilsa enpresa publikoa arduratzen da eta, dagoeneko, araztegietan panel fotovoltaikoak jartzeko plangintza egina du. 2023 eta 2026 artean hemeretzi araztegietan jarriko ditu eguzki plakak Nilsak. Gehienak eguzki ordu gehiago dituzten Nafarroa hegoalde eta erdialdean jarriko dira, baina ibarreko lau araztegitan ere jartzea aurreikusi da. Neurri horrekin Nilsako arduradunek “klima aldaketaren kontrako borrokan eta jasangarritasunaren aldeko pausoak” eman nahi dituzte. Izan ere, alde batetik, energia berriztagarriak sustatu eta argindar faktura murriztuko dute. Eta, bestetik, CO2 isurketak murriztuko dituzte.

Hemeretzi araztegi horietan eguzki plakak jartzeko Nilsak 1.128.739 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du. Haren %16,69 (190.523 euro) ibarreko lau araztegietarako izanen da. Enpresaren helburua da 647 kilowatt puntako potentzia ezartzea, %26,69 (108) Sakanan. Nilsak jakinarazi duenez, araztegi guztien artean 4.132.478 kilowatt orduko kontsumoa dute urtean, eta jarriko dituen azpiegiturekin 895.316 sortuko dira (%21,67).  


Etxarri Aranazko araztegia, herria atzean duela.

Sakanakoak 
Heldu den urtean bi araztegietan jarriko dira panel fotovoltaikoak. Etxarri Aranazko araztegian Nilsak jarriko dituen panelen potentzia 22 kilowatt puntakoa izanen da. Horretarako 39.735 euroko inbertsioa eginen du. Etxarri Aranazko araztegiak urtean 73.087 kilowatt orduko kontsumoa du, eta azpiegitura berriarekin argindar horren %40,19 (29.375) araztegian bertan sortuko da. Urdiain-Altsasuko araztegian, berriz, 50 kilowatt puntako potentzia jarriko da 84.069 euroko inbertsioa eginez. Burundako bi herrietako araztegiak urtean 210.793 kilowatt orduko elektrizitate kontsumoa du eta plaken bidez haren %30 (63.248) sortzea espero dute Nilsan. 

Hurrengo urtean eginen du Nilsak 22.234 euroko inbertsioa Irurtzungo araztegian 11 kilowatt puntako potentzia duen azpiegitura jartzeko. Irurtzungo araztegiak urtean 176.229 kilowatt orduko energia kontsumoa du eta eguzki plaken bidez haren %8,73 (15.387) sortuko dute. Azkenik, Lakuntza-Arbizuko araztegian eguzki plakak 2026 urtean jartzea aurreikusi du Nilsak. 25 kilowatt puntako potentziako instalazioa jartzeko 4.485 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du. Lakuntza-Arbizuko araztegiak urtean 88.184 kilowatt orduko energia kontsumoa du eta azpiegitura berriarekin haren %25,47 (31.624) araztegian bertan sortuko da.