Pilota

Liderrek Ezkurdia eta Martija bere onetik atera zituzten

Guaixe 2023ko urt. 23a, 11:40
Ezkurdia, Irribarria eta Zabaleta, ostiraleko partidan. P.URRESTI

Elordi ordezkatu zuen Irribarriak ezkerrarekin min handia egin zien zuloan jarraitzen duten Ezkurdiari eta Martijari. Zabaleta ederki aritu zen

Binakako hasierako ligaxkako bederatzigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Sakandarren arteko derbia ostiral iluntzean jokatu zen Urdulizen. Ezkurdiak eta Martijak “bai ala bai, irabazi beharra zutela” azaldu zuten material aukeraketan, entrenamendu onak egiten ari zirela, “baina kantxan ez zutela erakusten eta joera horri buelta eman beharra” zutela. Arerio zailak egokitu zitzaizkien, egungo atzelari onenetakoa den Zabaleta eta eskuko minez zegoen Elordi ordezkatu zuen Irribarria. 

Partida hasiera txukuna izan zen. 2 eta 0 eta 5 eta 4 aurreratu ziren Ezkurdia eta Martija, baina hortik aurrera Irribarriak eta Zabaletak aginte makila hartu eta partidari buelta eman zioten. Irribarriak min handia egin zuen ezkerrarekin, atzera tanto luzeak bidaliz eta aurrean, gantxoz eta boleaz tanto ederrak eginez eta Ezkurdia bere onetik ateraz. Ezkurdiak ez zuen zortea alde izan eta ezin asmatu ibili zen. Eta atzeko koadroetan Zabaleta Martijari gailendu zitzaion. Horrela, azkenean 11 eta 22 gailendu ziren Irribarria eta Zabaleta, lidergoa sendotuz. 

Aldiz, Ezkurdiari eta Martijari play-offetara sailkatzea zaildu zaie. Hemendik aurrera guztia irabazi beharrean daude. Larri eta ezin txapelketa bideratu dabiltza. 

Sailkapena
Binakako sailkapena horrela dago: Elordi eta Zabaleta dira liderrak (8 puntu), Laso Imaz bigarrenak (6 puntu) eta Altuna-Tolosa hirugarrenak (6 puntu). Peio Etxeberria-Rezustak 5 puntu dituzte, Urrutikoetxea-Albisuk 4 puntu, Peña-Mariezkurrenak 4 puntu, Ezkurdia-Martijak 2 puntu eta Jaka-Arangurenek puntu bakarra.

Datorrena
Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia dago jokoan. Ostiralean Laso-Imazek Peña-Mariezkurrena izango dituzte aurkari Hendaian. Larunbatean Ezkurdiak eta Martijak Altuna eta Tolosaren kontra jokatuko dute Bilbon eta Elordik eta Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Rezustaren kontra, Iruñean. Bukatzeko, Urrutikoetxeak eta Albisuk Jaka eta Aranguren izango dituzte aurkari Agoncillon.