Automobilismoa

Iker Palacios, Iñigo Galarza eta Arakil Motorsport, sarituak

Guaixe 2023ko urt. 25a, 12:00
Galan saritutako guztiak, Iker Palacios, Iñigo Galarza eta Arakil Motorsport tartean. AVM

Olaztik Nafarroako Automobilismo Federazioaren gala hartu zuen eta 2022 denboraldiko hiru sari Sakanan geratu ziren. Sakana Motorsportek lagundu zuen galaren antolakuntzan

Larunbatean Nafarroako Automobilismo Federazioak gala antolatu zuen Olaztiko Kultur Etxean. Guztia prestatzeko federazioak Sakana Motorsport eskuderiaren laguntza izan zuen. Ekitaldian 2022 denboraldiko automobilismo txapelketa ezberdinetako sariak banatu ziren eta aitortza eta omenaldietarako tartea izan zen ere. 

“Urtero denboraldiko sari banaketa egiten da, toki ezberdinean. Oker ez banago joan zen urtean Donezteben egin zen, eta federaziotik aurten guri galdetu ziguten, ea gala Sakanan egin ahal genuen. Tokia eta auzatea lortzea, eta sari ematean parte hartzea, Olaztiko udal zinegotziren batekin batera; ez ziguten aparteko ezer eskatu, eta baiezkoa eman genuen” aipatu du Sakana Motorsport eskuderiako Haizea Galarza Barandiaranek. 

Gala hasi baino lehen Sakana Motorsportek autoen topaketa txikia egin zuen Olaztiko plazan, “herriari xarma emateko. Lasterketako auto batzuk elkartu genituen plazan, ekitaldiaren iragarle”. 

2022ko Nafarroako Automobilismo Lasterketetako sarituen artean hiru sakandar zeuden. Iñigo Galarza Arregi 27 urteko kopilotu iturmendiarrak Asfaltoko Rallyen Nafarroako Txapelketako II. Klaseko kopilotu onenaren saria jaso zuen, bere pilotuak, Alvaro Gutierrezek, pilotu onenaren saria jaso zuen bitartean (Saxo VTS). Bestalde, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketan monoplazen hirugarren saria jaso zuen Iker Palacios Andueza lakuntzarrak (BCR B52), Luis Miguel Alonso txapeldunaren eta Arkaitz Ordoki bigarrenaren atzetik. Hirugarren saria Arakil Motorsport eskuderiak jaso zuen, Nafarroako Abiadura Txapelketako eskuderia onenaren saria hain zuzen ere. Aipatu eskuderian pilotu arakildarrak, larraundarrak eta Iruñerrikoak biltzen dira. 

Olaztiko Kultur Etxea txiki geratu zen ekitaldirako. Sari banaketa egiteaz gain, Nafarroako Mendi Txapelketako junior mailako irabazle Iker Etxeberriak eta Mikel Azconak omenaldia jaso zuten, azken honek turismo mailan lortutako munduko tituluarengatik. Azconak ezin izan zuen Olaztin egon, eta bere aitak jaso zuen saria. Aipamen berezia jaso egin zieten ere AVM-ko Aitor Goikoetxea eta Oscar Arancón argazkilariei aitortza egin zien Sakana Motorsportek. “Lasterketa guztietan argazkiak eta irudiak hartzen egoten dira AVM-ko Peli eta Piti. Bi txapela, argazki erraldoia eta jostailuzko argazki kamara bana oparitu genizkien. Ez zuten espero, eta pozik hartu zuten. Biak iruindarrak dira eta harreman handia dugu eurekin. Kartelendako edo edozertarako argazkiak behar baditugu, beti uzten dizkigute. Beraiek dira guk antolatzen ditugun lasterketen oroitzapen horiek oparitzen dizkigutenak, argazkien eta bideoen bidez, eta eskertuta gaude eurekin. Automobilismoari ematen dioten ikusgarritasunari aitortza egin nahi izan genien” gogoratu du Haizea Galarzak. Bukatzeko, Barandi tabernan auzate ederraz gozatu zuten eta hasi berria den 2023 denboraldia izan zuten hizpide pilotu, kopilotu eta eskuderietako ordezkariek, federazioko kideekin batera. 

Olaztiko Rallysprinta eta Urbasako Igoera
Haizea Galarzak baieztatu zuenez, aurten bi proba antolatuko ditu Sakana Motorsportek. “Apirilaren 22an Olaztiko Rallysprinta antolatuko dugu eta urriaren 7an Urbasako Igoera. Eskuderian dinamika eta erritmo berean jarraitzen dugu lanean eta pozik gaude, denboraldi berrirako gogotsu”.