Mendi lasterketak

Zazpi mendi lasterketa Sakanan, bi egutegitan banatuta

Guaixe 2023ko urt. 26a, 12:15

Bargagaingo lehen igoera 2021ean egin zuten. Aurten bigarrena izango da.

Bost lasterketa Nafarroako Mendi Federazioko egutegian jasoak daude, eta gainontzeko biak  Nafarroako Atletismo Federazioko egutegian

2023 denboraldian Sakanak zazpi mendi lasterketa hartuko ditu guztira. Horietatik bost Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan jasoak daude, eta gainontzeko biak Nafarroako Atletismo Federazioaren trail running egutegian. 

Nafarroako Txapelketak
Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituak 23 mendi lasterketa izango ditu aurten. Guztiak hartuko dira kontuan rankinga egiteko. Tartean daude ekainaren 11n jokatuko den Lakuntza-Aralar mendi lasterketa; ekainaren 25eko Triku Traila, aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izango dena; irailaren 3an erabakiko den Tritoiena, Nafarroako Koparako puntuagarria izango dena, beste bost probekin batera (Jurramendi, Arantza, Atarrabi Trail, Camille Extreme eta Basajaun); irailaren 17an jokatuko den Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izango dena; eta urriaren 1eko Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorria. 

Nafarroako Atletismo Federazioak 2023rako Navartrail Txapelketa aurkeztu berri du. Guztira bederatzi trail lasterketa jokatuko dira, tartean apirilaren 16an jokatuko den Bargagaingo Igoera. Dantzaleku Sakana klubak 2021ean antolatu zuen lehenengoz Bargagaingo Igoera, Altsasutik abiatuta Bargagainera igotzea helburu zuen proba. Aurten bigarrenez egingo dute, Navartrail Txapelketaren barruan, eta aldi berean Nafarroako Trail Running Txapelketa izango da. Navartraileko gainontzeko probak Larrate Trail, Trail Virgen del Yugo, Trail Mirador de las Bardenas, Trail Pinares de Lerin, Trail Peña de Andosilla, Pilon Trail Acofalces, Azkotrail eta Betagarri Trail dira. 

Bestalde, irailaren 30ean jokatuko den Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa Nafarroako Atletismo Federazioaren egutegian jaso da aurten.