Txirrindularitza

Gorka Izagirre bederatzigarren Tour Down Underren

Guaixe 2023ko urt. 24a, 10:45

Movistar Team taldeko txirrindulariak eta Imanol Erbiti taldekideak Antipodetan ekin zioten denboraldiari

UCI Pro Tour mailako Australiako Tour Down Under Tourrak 2023 denboraldiari hasiera eman zion. Movistar Team taldearekin bertan lehiatu ziren Imanol Erbiti Ollo hiriberriarra eta Gorka Izagirre Insausti. Lan bikaina egin zuen taldeak, Gorka Izagirre Top Tenean sailkatu baitzen, bederatzigarren postuan, Vine txapeldunetik (UAE) 1:13ra. Imanol Erbitik 49. postuan despeditu zuen proba, 10:01era. 

Ezinbesteko beteranoak
Imanol Erbitik 39 urterekin profesional gisa bere hemeretzigarren denboraldiari ekin dio, eta guztiak eskuadra berean, Abarcan, egungo Movistar Team taldean. 13 Tourretan, 14 Vueltatan, Giro batean eta beste hamaika lasterketa eta klasikoetan parte hartu du, eta langile fina da, liderrek alboan nahi izaten duten ezkutari trebea. Gutxik ezagutuko dute txirrindularitza berak bezainbat. Aurten “jarraikortasuna izatea, disfrutatzea eta dagokion liderrari laguntzea”, horiek dira bere nahiak. 

Gorka Izagirrek 35 urte ditu eta aurten bere hamalaugarren denboraldia osatuko du txirrindulari profesional gisa. Movistar Team taldean bere bosgarren denboraldia egingo du, 2014-2017 eta 2022-2023 denboraldiak kontuan hartuta. Profesional mailan bederatzi garaipen ditu eta txirrindulari indartsua da, bakarka garaipenak lortzeko gai izateaz gain, liderren konfiantzako talde gizona. 

Etxeberria eta Arrieta
Aurten profesionalen tropelean lau sakandar izango ditugu, UCI Pro Tour kategorian lehiatzen ari diren Erbitiri eta Izagirreri UCI Pro Team kategoriako Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria Azpilikueta iturmendiarra eta Kern Pharma taldeko Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra gehitu behar baitira. Etxeberriak profesionaletan bere hirugarren denboraldiari ekingo dio eta Arrietak bere bigarren denboraldiari. 

Aurki Mallorcako Challengea eta Vuelta Comunitat Valenciana jokatuko dira eta bi txirrindulariek aukera asko izango dituzte bertan egoteko.