Tentuz gidatzeko goiza

Guaixe 2023ko urt. 24a, 08:37
Trafikoa Sakanako autobian Bakaiku eta Iturmendi artean, Aralar eta Beriain elurtuak lekuko direla.

Izotz gainean elurfitsak erori dira eta errepideak oso irristakor daude.

Tenperaturak zeropetik jaistearekin izotza egin du gauean. Horren gainean elur amukela txikiak erori dira eta kale eta errepideak oso irristakor utzi dituzte. Horregatik agintariek tentuz gidatzeko aholkua zabaldu dute. 

Bestalde, Leitzarango Autobian (A-15) eskuin erreia itxita dago istripu baten ondorioz. Gorriti parean izan da ezbeharra 04:55ean. Sakanarantz zetorren kamioi batek bazter hesia jo du. Foruzaingoa gertakaria artatzen ari zen bitartean, bi ibilgailu bidetik atera dira eta istripua izan duen kamioiarekin talka egin dute. Azkenik, bigarren kamioi batek guraizearena egin du, eta behin betiko blokeatu du bidea. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 50 urteko gizon bat eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, pronostiko arineko kolpe ugari zituelako. Horren guztiaren ondorioz autobia itxita egon da 08:10 arte. Orain irekita dago, baina eskuineko erreia itxita dago Iruñerako noranzkoan, 133 Km-tik aurrera; eta ezkerreko erreia ere itxita dago, Donostiarako noranzkoan, puntu berean.