Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadik Vueltan egon nahi du

Guaixe 2023ko urt. 24a, 09:45
Aurkezpena Euskaltel enpresaren bulegoetan egin zen. EUSKALTEL EUSKADI

Horixe da Jorge Azanzak zuzentzen duen taldearen helburu nagusia. Talde profesionalarekin batera emakumezkoen eta afizionatuen Laboral Kutxa taldeak aurkeztu ziren. Azken honetan jarraitzen dute Mintegi eta Lasa sakandarrek

Euskadi Fundazioak 2023 denboraldirako taldeak aurkeztu zituen ilbeltzaren 19an Euskaltel enpresaren egoitzan. Jorge Azanza zuzendariak UCI Pro Team kategoriako Euskaltel-Euskadi taldea gidatuko du beste behin, eta argi utzi zuen Espainiako Vueltaren gonbidapena lortzea dela taldearen helburu nagusia. “Vueltak denboraldiari ginga jartzen dio, eta bertan parte hartzea garrantzitsua da taldearen hazkundeari jarraipena emateko. Gainera, aurten bi etapa eder jokatuko dira etxean, eta horregatik bertan aritzeko ilusioa agian handiagoa da”. Erronka handia, kontuan hartuta Vueltak bi gonbidapen luzatzen diela UCI Pro Team mailako taldeei eta lau talde daudela gonbidapen hori lortu nahian: Euskatel-Euskadi, Rural Kutxa, Kern Pharma eta Burgos BH. Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak azaldu zuenez, “herri bat eta afizio bat duzue atzetik. Euskaltel-Euskadi familia bat da, eta, batez ere, harrobi bat. Aurrera egin beldurrik gabe”. 

Gazteak baina oso ongi prestatuak
Euskaltel-Euskadik 20 txirrindulari ditu, horietatik hiru berri, bi Laboral Kutxa harrobiko taldetik etorritakoak -Enekoitz Azparren eta Xabier Berasategi-, eta hirugarrena Rural Kutxa-Aleatik etorritakoa, Andoni Lopez de Abetxuko. Hiru baja daude: Antonio Angulo, Julen Irizar eta Mikel Aristi. Gainontzekoek taldean jarraitzen dute aurretik: Xabier M. Azparren, Ibai Azurmendi, Iker Ballarin, Mikel Bizkarra, Joan Bou, Carlos Canal, Unai Cuadrado, Asier Etxeberria, Peio Goikoetxsea, Unai Iribar, Xabier Isasa, Mikel Iturria, Txomin Juaristi, Juan José Lobato, Gotzon Martin, Luis Angel Maté eta Antonio Soto. Gazteak, baina sobera prestatutakoak. Taldea dagoeneko martxan da, igandean Comunitat Valenciana klasikoan lehiatu baitzen, ezin hobe, talde onenaren saria jaso baitzuen talde laranjak. 

Laboral Kutxa: Mintegi eta Lasa
Halaber, emakumezkoen Laboral Kutxa eta afizionatuen Laboral Kutxa taldea aurkeztu zituzten. Emakumezkoen taldeak 17 txirrindulari ditu Ion Lazkanoren zuzendaritzapean, eta afizionatuen taldeak 25 txirrindulari, Mikel Gaztañaga zuzendaria dela. Azken honetan bi sakandarrek jarraitzen dute, Iker Mintegi 23 urtez azpiko altsasuarra eta Ailetz Lasa elite ziordiarra.