Auzitegiek atzera bota eta joan den urteko etenaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Iparraldeko Autobian (A-1) eta Leitzarango Autobian (A-15) ibiltzen diren 3,5 tona baino gehiagoko kamioiei bidesaria kobratzen hasi zaie. Ordainketa horiek 2018 eta 2021 urteen artean indarrean izan ziren, baina auzitegiek atzera bota zuten araudia Gipuzkoatik kanpoko garraiolariendako “diskriminatzailea” zelako. Araudia berritu eta Europako Batasunaren oniritzia jaso ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jarri zuen berriz martxan kamioiendako bidesaria.
Horrekin batera, deskontuak ezarri ditu aldundiak: salgaiak garraiatzeko ibilgailu elektriko astunek eta gas eta hidrogeno motordunek %25eko deskontua dute; Euro 6 kategoriako ibilgailuek %20ko deskontua dute eta Euro 5 kategoriakoek, berriz, %15ekoa. Kamioi guztiek maiztasunaren arabera ere deskontuak dituzte: hilean 21 eta 50 aldi arteko erabiltzaileendako %10ekoa, 50 aldiz baino gehiago bi autobideetan ibiltzen direnendako %13.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, kamioiendako bidesariak bost autobideetan jarriko du, Sakanako hiruak barne. Foru gobernuak bidesaria jarriko duen aurrenekoa Iparraldeko Autobia (A-1) izanen da Ziordia eta Etzegarate artean, urte honen bukaerarako nahi du indarrean egotea. Leitzarango Autobian (A-15) eta Sakanako Autobian (A-10) bidesariak 2024ko urte akaberarako indarrean aurreikusten du foru administrazioak. Bidesari horiek eta beste kudeatzeko enpresa publiko bat sortuko du Nafarroako Gobernuak, eta haren egoitza Arakilen egonen da.