Ibarrean SMS bidezko iruzur kopuruak gora egin du

Guaixe 2023ko urt. 24a, 12:29
Telefono mugikorretara bidalitako SMS bidez iruzurra egiten saiatzen dira gaizkileak. GOIENA

Foruzaingoak jakinarazi duenez, iruzurrak Euskadiko Kutxako bezeroei egiten zaizkie.

Delitu Informatikoen Taldeko foruzainek azken asteetan Euskadiko Kutxaren bezeroei emandako "smishing" kasuen gorakada antzeman dute. Iruzur saiakera horiek batez ere Sakanan atzeman dituzte foruzainek. Foru poliziak azaldu duenez, "smishing"-a delitu jarduera da eta honetan datza: “zibergaizkile batek SMS bat bidaltzen dio erabiltzaile bati, erakunde legitimoa dela simulatuz (bankua, erakunde publikoa, eta abar), informazio pribatua lapurtzeko edo kargu ekonomiko bat egiteko”.

Foruzaingoak gomendatu du gure banketxetik edozein SMS jasotzen badugu lotura batekin batera, esteka horretan klik ez egitea. Bankuek ez dute estekarik bidaltzen orrietara sartzeko, eta ez dute eskatuko gure datu pertsonalak edo gakoak sartzeko. Edozein zalantza izanez gero, klik egin aurretik, gure ohiko kutxa edo bankuko kudeatzailearekin harremanetan jarri eta gaia argitu behar dugula jakinarazi du Foruzaingoak. Eskaera kontuan hartzen ez bada, ez da segurtasunaz kezkatu behar.