Futbola

Preferente mailako hamazazpigarren jardunaldiak ez du Sakanan punturik utzi

Guaixe 2023ko urt. 25a, 10:00

Altsasu, Etxarri Aranatz eta Lagun Artearendako ez da jardunaldi ona izan

Asteburuan Preferente mailako hamazazpigarren jardunaldia jokatu zen eta talde sakandarrek galdu egin zituzten euren partidak.

Burladés B izan zuen aurkari Altsasuk Ripagainan jokatu zen partidan, eta etxeko taldea seigarren minuturako aurreratu egin zen. Altsasu saiatu egin zen, baina atsedenaldira 2 eta 0 galtzen ari zirela joan ziren, eta bigarren zatian ildo beretik jarraitu zuen partidak, hirugarren aldiz aurreratu baitzen Burladés. Partida bukatzear zela Imanol Lobok Burlatakoen atea zulatu zuen, baina ez zen gehiagorako denborarik egon eta 3 eta 1 galduta itzuli ziren altsasuarrak Burlatatik. 

Etxarri Aranatzek sailkapenean laugarren den Rotxapea taldea hartu zuen larunbatean San Donato zelaian. Hotza zen nagusi, eta bi taldeek norgehiagoka ederra eskaini zuten. 30. minutuan Xabier Ormazabalek Etxarri aurreratu zuen, eta etxekoak abantailarekin joan ziren atsedenera. Bigarren zatian lehia estua izan zuten bi taldeek. Etxarrik ez zuen partida itxi, oker larria, 90. minutuan Rotxapeako Iñaki Vicentek bi gol sartu baitzituen segidan eta azken minutuan Etxarriri hiru puntuak ihesi joan zitzaizkiolako, 1 eta 2 galduaz. 

Lagun Arteak Oibarren jokatu zuen sailkapenean hirugarren den Aibarés taldearen kontra eta bi taldeek partida borrokatu eta entretenigarria eskaini zuten. Aibarés aurreratu zen, baina Maurice Gomisek bana berdindu eta banakako berdinketarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bi taldeek parez pare borrokatu zuten. Tamalez,  73. minutuan eta 82. minutuan sartutako golei esker, azkena penaltiz, 3 eta 1 aurreratu zen Aibarés. Iñaki Berastegik Lagunen bigarrena sartu zuen 90. minutuan, baina ez zuen gehiagorako denborarik eman. Itxura oso ona eman zuten lakuntzarrek, baina, tamalez, ez zuten punturik ekarri.

Hurrena
Preferente mailako liderra Universidad de Navarra da (38 puntu). Altsasu zortzigarren postura jaitsi da (25 puntu), Etxarri Aranatz hamazazpigarrenera jaitsi da (10 puntu) eta Lagun Arteak azken postuan jarraitzen du, hemezortzigarrenean (5 puntu). 

Datorren jardunaldian Aibarés taldearen kontra jokatuko du Altsasuk, larunbatean, 16:00etan, San Lorenzon. Etxarri Aranatzek sailkapenean hamabigarren den Leitzako Aurrera hartuko du larunbatean 16:15ean San Donato zelaian, eta Lagun Arteak beste partida zaila du jokoan, lidergoa lortzeko borrokan sailkapenean bigarren den Amigó taldearen kontra jokatuko baitu larunbatean, 165:00eta, Amigó ikastetxean.