Geroa Baik Sakanan 536.000 euroko inbertsioak bulkatu ditu

Guaixe 2023ko urt. 26a, 10:02
Geroa Baiko kideak Uxue Barkos Nafarroako Gobernurako lehendakari gai aurkeztu zutenean. UTZITAKOA

Koalizioak Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren bidez ibarrerako proiektuak eta hobekuntza lanak egiteko inbertsioak sustatu ditu.

Geroa Baik Nafarroako aurrekontu orokorrei Sakanarekin zerikusia zuten hainbat zuzenketa aurkeztu zituen, eta horrela, “2019an ekin zion munizipalismoaren aldeko lanari jarraipena eman diogu. Eta, aldi berean, Nafarroako aurrekontuetan parte hartzeko beste modu bat badagoela frogatzen da ere” adierazi dute koaliziotik. Geroa Baik jakinarazi duenez, Sakanan proiektuak eta hobekuntzak egitera bideraturiko hainbat inbertsio bulkatu ditu aurtengo foru aurrekontuetan, guztira 536.000 euroko balioa dutenak. “Lurraldea egituratzeko eta Nafarroako herritarren beharrizanei erantzuna emateko koalizioaren apustua finkatuz, herritarren bizilekua edozein izanik ere”, azaldu dute Geroa Baitik.

Inbertsioei dagokionez, Altsasuko Udalak 400.000 euro jasoko ditu bi inbertsiotarako:  futbol zelaiko belardia eta argiztapena berritzeko 253.590 euro eta 146.410 euroko tenis zelai bat eraikitzeko. Bestalde, EH Bildurekin batera aurkeztutako 100.000 euroko zuzenketa bati esker Aralarko santutegiko ostatua eta aterpea zaharberritzeko proiektuaren aurreko azterlana burutuko da. 

Azkenik, PSN, EH Bildu eta Ahal Dugurekin batera aurkeztutako 36.000 euroko zuzenketa baten bitartez Biak Bat elkartearekin hitzarmen bat bultzatuko da Sakana aldean buruko nahasmendu larria duten edo gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntza eskaintzeko. Koalizioak azaldu duenez, “uneotan, Sakana eskualdeak ez du buruko gaixotasuna duten edo gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako zerbitzu okupazionalik. Gabezia hau dela eta, baliabide hori behar dutenak Iruñera joan beharra dute. Biak Bat elkarteak animaliekin lagundutako interbentzio eredu bat eskaintzen du, horrek beste esparru batzuetan bere eraginkortasuna frogatua duelarik jada, hortaz hurbiltasunezko landa ingurune batean jarduera okupazional berri baten pilotu proiektua izango da hau”.