Asteburuan Hirugarren mailako Areto Futbol Txapelketako hamahirugarren jardunaldia jokatu zen. Chivite Cintruenigo izan zuen aurkari Uharte Arakilgo Aralar Mendik, Erriberan. Partida oso lehiatuan Cintruenigo finago ibili zen lehen zatian eta 4 eta 2 aurreratu ziren. Jon Iribarren eta Jorge Mariñelarenak sartu zituzten Aralar Mendiren golak. Bigarren zatian uhartearrek ongi erantzun zuten eta Jon Iribarrenek sartutako bi golei esker 5 eta 4 hurbildu ziren. Gutxigatik ezin izan zuten berdinketa gauzatu.
Aldiz, Ibararte Xotak garaipen ederra lortu zuen Erriberrin Oliteren kontra. 10. minuturako 0 eta 3 aurreratu ziren irurtzundarrak, Oihan Belarrak (2) eta Unai Gorostietak sartutako golei esker. Ibarartek agintzen jarraitu zuen eta, azkenean, 3 eta 5 gailendu zen. Oihan Belarraren hirugarren golari eta Issa El Akkariren sartutako azken golari esker.
Sailkapena eta datorrena
Hirugarren mailan Universidad de Navarrak jarraitzen du lider (25 puntu). Ibararte-Xota zazpigarren da (16 puntu) eta Aralar Mendi zortzigarren (16 puntu). Asteburuan hamalaugarren jardunaldia dago jokoan. Ibararte-Xotak sailkapenean laugarren den Gazte Berriak taldea hartuko du Irurtzunen, larunbatean, 12:30ean, eta Aralar Mendik sailkapenean bosgarren den Bonel Construcciones Ablitas taldea du aurkari larunbatean, 19:00etan, Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan.