Hondakindegian lan bat egiteko eguraldiaren zain

Guaixe 2023ko ots. 2a, 08:50

Hondakindegiko lixibiatuen putzua. SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Prebentzio moduan eta ihesak saihesteko lixibiatuen putzua indartu nahi da eta eguraldi oneko hiru aste behar dira.

Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen hondakindegian pilatzen ditu ibarrean jasotakoak. Hondakinek ura dutelako edo euria egitean ura iragazi egiten da, materia batzuk disolbatu eta behera egiten dute. Lixibiatu horiek jasotzeko putzua du hondakindegiak, eta hura egokitu nahi du orain. Mank-eko hondakin teknikari Olatz Garde Mazkiaranek azaldu duenez, “putzuaren laminaren egoera aztertzeko ez da inolako ikuskaritzarik egiten. Mank-ek putzuaren lamina ikuskatzeko eta filtraziorik zuen jakiteko kreditatutako erakunde bat kontratatu zuen. Hark aztertu zuen eta egoera onean dagoela ziurtatu zuen”. 

Hala ere, “lixibiatuen isuriak saihestu eta prebentzio modura, putzua egokitu eginen dugu”, jakinarazi du Gardek. “Oraingo laminaren gainean drainatze sistema jarriko dugu eta haren gainean beste lamina bat, hondakindegiko lixibiatuak jasoko dituenak”, argitu du teknikariak. Zehaztu duenez, “lamina berria hondatuko balitz lixibiatuak drainatze sistemara pasako lirateke eta handik kutxatila batera joanen lirateke. Lamina konpondu ondoren, punpa baten bidez, lixibiatuak putzura bueltatuko lirateke. 

Mank-ek lan horiek joan den urtearen hasieran eman zituen eta udan egitekoak ziren. Baina eraikuntza materialen prezioen gorakadak dena gelditu zuen. Izan ere, “administrazioek ezin dugu aurrekontua %10 baino gehiago handitu. Azkenean, lortu dugu enpresarekin akordioa eta lanak eginen ditu. Dagoeneko material guztia du”. Asprosur enpresa da lanak egiteaz arduratuko dena eta haien truke 82.651 euro jasoko ditu. Lanak eguraldiak uzten duenean eginen dira, “hiru aste iraunen dute eta komeni da euririk ez egitea, baltsarik ez dagoelako eta lixibiaturik ez sortzeko”, argitu du teknikariak.