Gazte Koordinadora Sozialistak manifestazioa deitu du Iruñean, larunbatean, 18:00etan. Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! leloa du deialdiak. Tasio Merchan Fernandez eta Manex Insausti Olasagarre Gazte Koordinadora Sozialistako kideak mobilizazioaren zergatiak azaldu dituzte.
Egoera aztertuta, zer ondorio atera dituzue?
Krisi egoera bizitzen ari gara. Ez da egoera neutrala, ez die berdin eragiten gizarteko hainbat klaseri. Alde batetik, langileria eta langileok geroz eta pobreagoak gara, geroz eta okerrago bizi gara. Bestetik, enpresari eta agintariak daude, geroz eta hobe bizi direnak. Batez ere, enpresariak. Azkeneko datuek erakusten dute haien irabaziak %21 igotzea lortu duten bitartean langileen irabaziak 7 aldiz gutxiago handitu direla. Mundu mailako krisi testuinguru batean gaudela esaten dute: pandemia, inflazio egoera, Ukrainako gerra... Eta beraien interesen alde egiten duen bide orri bat proposatzen dute. Baina ikusten dugun errealitatea da: gu, langileok, geroz eta okerrago bizi garen heinean, beraiek geroz eta hobe bizi direla.
Egoerak zer norabide hartuko du zuen iritziz?
Pandemia eta gerra garaian jartzen ari diren baldintzak atzera bueltarik ez duten neurriak dira.
Denak aditzera ematen du geroz eta okerrago biziko garen horretara jotzen duela. Esan bezala, krisi testuingurua baliatu dute gure bizi baldintzak pobretzeko: inflazioaren harira izandako prezioen gorakada, gure soldaten kontrako erasoak. Horrek zuzenean eragina du gure jaten dugunean, erabiltzen dugun gasolinan, gastatzen dugun diruan, Euskal Herritik joateko edo ez joateko gaitasuna guztiz determinatzen du. Gainera, zerbitzu publikoen desegitea gertatzen ari da: osasun zerbitzuen kalitatea nabarmen okertzen ari da, gazteondako hain garrantzitsuak diren dirulaguntzak eskuratzea geroz eta zailagoa da eta abar. Orokorrean, krisiaren izenean, langileon bizi baldintzen okertzea ematen ari da. Hori argi eduki behar dugu. Hau guztia okerrera doa. Bitartean burgesia handiak haien poltsikoak betetzen jarraitzen du inoizko irabazi altuenekin.
Horren aurrean, zer?
Guk, esaterako, planteatzen dugu manifestazioko leloa: enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara joan behar dugula. Gazteok izanen gara gure egoera hobetzeko aukera dugun bakarrak. Eta, gainera, beharra dugunak. Azaldutako ekonomia egoeraren eta enpresari horien geroz eta irabazi handiagoen aurrean, alde ekonomikotik, enpresariak seinalatu behar ditugu. Baita agintariak ere. Azkenean, gure egoera geroz eta latzagoaren errudun bezala seinalatzen ditugu. Haien helburua ez da gure bizi baldintzak hobetzea. Hitz potoloak erabiltzen dituzte: gaur egun espainiar estatuko gobernu progresistena den honek erabiltzen dituenak; oraingo krisi testuinguruan langileriaren bizi baldintzak defendatzeko gizarte ezkutu bat dagoela... Baina errealitatean ikusten dugu etxegabetzeek segitzen dutela, beraiek esan zuten arren ez zirela emanen, eskaintzen dituzten laguntzetarako sarbidea geroz eta zailagoa da, gasolinaren prezio altuen aurrean zegoen 20 zentimoko dirulaguntza kendu dute... Nolabait esanda, beraiek esaten digute haiengan sinisteko, langile klaseak hainbeste ez sufritzeko. Hori da gaur egun agintean dagoen sozialdemokraziaren lelo orokorra. Baina errealitateak eta datuek erakusten dute ez dela horrela. Errealitatean egiten dutena erabat alderantzizkoa da: gerra inperialista baten aurrean Ukrainian, beraiek armak ematen dituzte eta gerra elikatzen dute; gerrak eragindako energia prezioen gorakadaren aurrean, harekin irabazi historikoak dituzten energia enpresen (Iberdrola, Repsol...) irabaziei ez diete mugarik jartzen; langileriaren antolakuntzaren aurrean, pandemiak argi ikusi zenez, aterabide autoritarioak proposatzen dituzte: geroz eta polizia gehiago, poliziaren baldintzak hobetu, haien jubilazio adina jaitsi, arlo militarrera bideratutako aurrekontuak onartu...
Zergatik joan beharko litzateke manifestaziora?
Enpresari handiek eta agintariek gure bizitzak erasotzen dituzte. Gainera, horri aurre egiteko ditugun bitartekoak mugatu eta desagerrarazi nahi dituzte. Esate baterako, zigor kodearen gogortzea. Elikagaiak eskuratzea geroz eta zailagoa den momentuan, lapurreta txikien zigorrak gogortu dituzte; sistemaren zaindariak diren poliziak indartu dituzte. Kontziente izan behar gara miseriazko egoera dugula. Egoeraren larritasunaren aurrean kalean erantzutea dagokigu. Larunbatean hori egiteko aukera paregabea dugu.