Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea

Gasbideak hainbat bilera eragin ditu

Guaixe 2023ko urt. 31a, 14:01

Egiarretako lurretatik pasako da gasbidea.

Etxeberri eta Lekunberriko industrialdea gasbide batekin Aralar mendian barna betetzeko proiektuari beste alternatiba bat proposatu diote Larraungo eta Arakil aldeko toki erakundeek. Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu haien helegitea 

Nedgia Navarra SAk Etxeberri eta Lekunberriko industrialdea lotuko dituen eta 14.671 metroko luzera duen gasbide bat eraiki nahi du Aralar mendian barna. Auzitegien bidea agortuta, Larraungo alkate Mikel Uharte Martija eta Arakilgo Udaleko alkate Oihana Olaberria Jakak Nafarroako Gobernuaren ateetan jotzera ekin diote. Azken bilera atzo arratsaldean izan zuten Mikel Irujo Amezaga Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariarekin eta Izaskun Goñi Razkin Enpresa politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lan zuzendari nagusiarekin. 

Aurretik bi alkateak proiektuan ardura zuzena izan duten eta sinadura jarri duten pertsonekin bildu dira: Nedgiako zuzendaritzako kideak, Madrildik propio etorri zirenak; Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile Alberto Baiona Lopezekin, Lekunberriko alkate Gorka Azpiroz Razkinekin, Ingurumen zuzendari nagusi Pablo Muñoz Trigorekin eta Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari Uxue Itoiz Mariñelarenarekin. Guztiei ere alkateek esan diete Lekunberriko industrialdeko gas beharra ase beharra dagoela, baina mahai gainean dagoen proiektua “zentzugabekeria hutsa” dela, “inork ez digu gasbidea Aralarren jartzeko pisuzko arrazoirik eman”. Olaberriak gaineratu duenez, “gobernuaren txostenak berak dio aukeratutako alternatiba ez dela egokiena, ingurumen kalte handiak sortuko dituela”. 

Bileretan udalek alternatiba ere proposatu dute: “humanizatutako bide batetik, Plazaolatik, eramatea gasbidea. Adituen txostena eta proiektua egiteko 35.000 euro ordaindu ditugu udalok. Alternatiba egingarria da”, jakinarazi du Arakilgo alkateak. Gaineratu duenez, aurreneko bileretan “inork ez digu arrazoi bat bera eman azaltzeko zergatik joan behar duen gasbideak Aralartik eta ez humanizatutako bide batetik. Ez digute batere argitu zergatik tematzen diren Aralartik pasatzen. Gainera, jasangarritasunaren izenean defendatzen ari dira proiektua”. 

Olaberriak jakinarazi dutenez, “Muñozek eta Itoizek hainbat txosten irakurtzeko konpromisoa hartu dute, orain arte irakurri gabe zituztelako. Itoizek esan zigun ez zuela proiektua ezagutzen, gainbegiratu zuela. Ingurumen Departamentuaren txostena begiratzeko eskatu genion, nahiko gogorra baita”. Arakilgo alkateak gaineratu duenez, “Itoizek esan zigun atzera egiteko berandu izan zitekeela. Guk argi dugu proiektua gelditzea borondate kontua dela”. Esan duenez, “haserre eta minduta gaude. Gauzak beste modu batera egin behar ziren”. Horregatik, bilera guztietan hainbat txostenekin batera, landutako proiektuaren kopiak utzi dituzte. Zuzendari nagusiek haiek aztertu eta hots eginen zietela esan zieten, baina alkateek ez haien ez beste inoren deirik ez dute jaso. 


Etxarrenen gasbidearen kontra egindako bilkura. UTZITAKOA

Epaia 
Nedgia Navarra SAren 2018ko plangintzan jaso zen gasbidea egiteko aukera. Hainbat trazadura proposamen aztertu ondoren Aralarkoaren alde egin zuen. “Legegintzaldi hasieratik gaude gai honekin”, gaztigatu du Olaberriak. Trazadurarekin ados ez zeuden toki erakundeek Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenera jo zuten lehenik. Epaileek ez zuten haien alde egin. 

Ondoren Espainiako Auzitegi Gorenaren administrazioarekiko auzien salan helegitea aurkeztu zuten Larraun, Arakil eta Irurtzungo udalek eta Alli, Astiz, Oderitz, Etxeberri, Egiarreta eta Etxarrengo kontzejuek aurkeztutako helegitea ez zuen tramitera onartu azaro hasieran. “Jasotzen dituen eskaeren %8 onartzen ditu. Interes orokorraren kontrako auziak onartzen ditu eta hau interes puntuala dela esan du”, azaldu du Olaberriak. Gorenaren auto horrekin auzitegietako bidea bukatu da.