Pilota

Ia aukerarik gabe

Guaixe 2023ko urt. 30a, 11:25
Ezkurdia eta Altuna, hamargarren jardunaldiko partidan. ASPE

Ongi jokatu zuten Ezkurdiak eta Martijak, baina ezin izan zituzten Altuna eta Tolosa mendean hartu eta txapelketan aurrera egitea zaildu zaie. Elordik eta Zabaletak, aldiz, euren bederatzigarren garaipena lortu zuten

Larunbatean Ezkurdiak eta Martijak Altuna eta Tolosa izan zituzten aurkari sarrera ederra izan zuen Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Partida irabazi beharra zutela argi zuen biko sakandarrak eta ongi ekin zioten lanari. Ongi aritu ziren. Aspaldiko partez, betiko Martija ikusteko aukera izan zuten pilotazaleek. Etxeberrikoak atzean agindu zuen, baina Tolosak ongi eutsi zion. Eta aurrean Ezkurdia ere ongi aritu zen; bizkarra ongi zainduta zuela jakitun, berme gehiagorekin jardun zuen eta arbizuarrak ere gora egin zuen. Eta Altuna betiko moduan aritu zen; partidan sartzen ez denean ere, hor dago, zelatan. 

Ongi hasi ziren Ezkurdia eta Martija. 14 eta 11 aurreratu ziren partida oso lehiatuan. Konfiantza alde, gozatzen ari ziren. Baina, tamalez, ongi jokatzeak ez zien balio izan Ezkurdiari eta Martijari, bigarren txanpan Altunak magoaren kapela jantzi eta ustekabeko jokaldi ederrak sortu baitzituen; gainera, sakandarrak gipuzkoarrek aukeratutako pilotari ez ziren ongi egokitu. Horrela, Altunak partidaren agintea hartu zuen eta partidari buelta eman zioten, zazpi tantoko takadarekin 14 eta 18 aurreratuz. Ezkurdiak arriskatu behar izan zuen eta akatsen bat egin zuen. Bi pareta bikainarekin eta gantxo ikusgarriarekin Altuna eta Tolosa 22 eta 16 gailendu ziren eta Ezkurdia eta Martija zuloan utzi zituzten. 

Liderrak, agintzen
Labritek Elordiren eta Zabaletaren eta Peio Etxeberriaren eta Rezustaren arteko partida hartu zuen. Liderrek hasieratik agindu zuten eta alde nabaria atera zuten. Peio Etxeberriak eta Rezustak ez zuten etsi eta gutxika gerturatu ziren, baina ez zioten partidari buelta ematea lortu eta 22 eta 18 irabazita, euren bederatzigarren puntua lortu zuten Elordik eta Zabaletak. 

Sailkapena eta datorrena
Elordik eta Zabaleta dira liderrak (9 puntu), Altuna-Tolosaren (7 puntu) eta Laso-Imazen (6 puntu) aurretik. Bosna puntu dituzte Peio Etxeberria-Rezustak, Peña II.a-Mariezkurren II.ak eta Urrutikoetxea-Albisuk. Ezkurdia-Martijak bi punturekin jarraitzen dute eta Jaka-Arangurenek puntu bakarrarekin. 

Binakako hasierako ligaxka despeditzeko lau jardunaldi geratzen direla kontuan hartuta, Ezkurdiak eta Martijak oso zaila dute play-offetara sailkatzea. Jokoan dauden lau partidetatik hiru irabazi beharra dute eta gainontzekoen emaitzen zain egon. Asteburuko hamaikagarren jardunaldiaren barruan otsailaren 3an Amorebietan Urrutikoetxea eta Albisuren partida irabaziko balute eta Baikokoek gainontzeko partidak galduko balituzkete izanen lukete play-offetan egoteko aukera. Horri eutsi beharko diote. 

Bestalde, Elordik eta Zabaletak Peña eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari otsailaren 4an Idiazabalen, eta Labritek Jaka-Arangurenen eta Peio Etxeberria-Rezustaren arteko partida hartuko du egun berean. Bukatzeko, otsailaren 5ean, Eibarren, Altuna III.ak eta Tolosak Laso eta Imaz izanen dituzte aurkari.