Txirrindularitza

Arrieta, Mulu Kinfe eta Etxeberria, martxan

Guaixe 2023ko urt. 30a, 14:04

Igor Arrieta. KERN PHARMA

Lehendabiziko biak Mallorcako Challengean aritu ziren eta hirugarrena La Marsellesan

Eguraldi kaxkarrarekin jokatu zen Mallorcako Challengea, bost trofeoz osatutako proba. Ilbeltzaren 27ko Andratx Trofeoan euria eta hotza izan ziren nagusi eta Kern Pharma taldeko Igor Arrietak erorikoa izan zuen. Ez zuen aparteko minik hartu eta 37. postuan iritsi zen helmugara. Bere taldekide Roger Adriá bosgarren sailkatu zen. Hurrengo egunean, ilbeltzaren 28an, Trofeo Serra Tramuntana zegoen jokoan. Eguraldi txarragatik antolakuntzak ibilbidean aldaketak egin behar izan zituen, eta txirrindulari askok ezin izan zuten proba despeditu, Igor Arrietak eta bere taldekide Iñigo Elosegik tartean. 

Ilbeltzaren 29an despeditu zen Challengea, Palma Trofeoarekin. Egun horretan Igor Arrietak ez zuen parte hartu. Bai, ordea, Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Kinfe Hailemichaelek. Etiopiarrak Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin debutatu zuen Mallorcako Challengean eta Palma Trofeoan 93. sailkatu zen. 

Bestalde, Josu Etxeberriak profesionalen bere hirugarren denboraldia ilbeltzaren 29an hasi zuen, La Marsellesa Sari Nagusian, Frantzian. Klasiko gorabeheratsuan Nelson Powless (EFE) gailendu zen. Josu Etxeberriak matxurak eta bestelako arazoak izan zituen.