Futbola

Altsasuk puntu bat ekarri zuen Oibartik eta Etxarrik eta Lagun Arteak puntuatu gabe jarraitzen dute

Guaixe 2023ko urt. 31a, 10:55

Altsasuk puntua ekarri zuen Oibartik.

Preferente mailako hemezortzigarren jardunaldiak puntu bat utzi du Sakanan

Preferente mailako hemezortzigarren jardunaldia jokatu berri da.

Ilbeltzaren 28an Aibarés izan zuen aurkari Altsasuk. Oibarren jokatutako partida oso estua izan zen. Aibarés izan zen aurreratu zena, baina Altsasuk ekinean jarraitu zuen eta 6 minutu beranduago bana berdindu zuen Aitor Floresek. Bigarren zati osoan berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina partida banakako berdinketarekin despeditu zen eta Altsasuk puntu garrantzitsua lortu zuen sailkapenean laugarren den Aibarésen kontra. 

Etxarri Aranatzek Leitzako Aurrera taldea hartu zuen ilbeltzaren 28an San Donato zelaian. Hotza izan zen protagonista nagusia. Etxarriren helburua hiru puntuak eustea zen, baina ezinezkoa izan zen, Aurrerak 17. minutuan eta 28. minutuan sartutako golei esker 0 eta 2 aurreratu baitzen. Etxarri Aranatzek zuen guztia eman zuen, baina ezin izan zion partidari buelta eman. 

Lagun Arteak Amigó izan zuen aurkari ilbeltzaren 28an Amigó ikastetxean. Zulotik atera nahi du talde lakuntzarrak, baina, momentuz, ezinezkoa da. Lehen zatian 2 eta 0 aurreratu zen Amigó, baina bigarren denbora hasi eta berehala Iñaki Berastegik Lagun Artearen aldeko gola egin zuen eta 2 eta 1 hurbilduta, lakuntzarrak partidan sartu ziren berriz. Tamalez, 77. minutuan Amigók hirugarrena lortu zuen, eta nahiz eta gogoz saiatu, 3 eta 1 galduta itzuli ziren sakandarrak Iruñetik. 

Universidad de Navarrak jarraitzen du Preferente mailako lider (41 puntu), eta Altsasu zortzigarren da (26 puntu). Etxarri Aranatzek hamazazpigarren jarraitzen du (10 puntu) eta Lagun Arteak hemezortzigarren (5 puntu), biak geroz eta zulo sakonagoan. Hurrengo jardunaldian Altsasuk Amigo izango du aurkari, Beti Onaken kontra lehiatuko da Etxarri Aranatz eta Lagun Arteak Beriain hartuko du Zelai Berrin.