Mank-ek ur kontagailuen irakurketa egiten hasi da

Guaixe 2023ko ots. 1a, 11:41
ur kontagailua. UTZITAKOA

Ilbeltzeko azken egunean hasi zen zazpi herrietan eginen du lan hori 

Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, ur kontagailuen irakurketa egiten ari da Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun, Iturmendin, Urdiainen eta Olatzagutian ilbeltzeko azken egunetik. Eginen duen irakurketa aurtengo lehen hiru hilabeteko da. Ibarreko erakundetik jakinarazi dutenez, irakurketa egiterakoan langileek etxeren batean bakarren bat opatzen ez badute oharra utziko diote. Etxejabeak hartan bere ur kontsumoaren irakurketa idatzi eta Mank-i jakinarazi beharko dio. Beltzez dauden komaren aurreko zenbakiak hartu behar dira. Horretarako hiru bide daude: 948 464 867 telefonora hots eginez, 663 399 732 telefonora Whatsapp mezua bidaliz edo ura@sakana-mank.eus posta elektronikoko helbidera mezua bidaliz. 

Mank-eko arduradunek gaztigatu dutenez, “garrantzitsua da irakurketa bidaltzea; hiru hilabete honetan kontsumorik ez bada neurtzen, hurrengo ordainagirian kobratu beharko da atzeratutako kontsumo hori. Beraz, bi hiru hilabeteen kontsumoa ordainagiri batean joango da, ordaindu beharrekoa handituz”.