Osasunbideak grebarako gutxieneko zerbitzuak bermatu ditu

Guaixe 2023ko ots. 1a, 07:51
Emakumezkoa Irurtzungo osasun etxera sartzen. ARTXIBOA

Nafarroako Sindikatu Medikoak deitutako mugagabeko greba gaur hasi da. Osasun Departamentuak elkarrizketa ildoa zabalik mantentzen du, eta, gutxieneko zerbitzuak ezarrita, "herritarrei osasun-arreta emango zaiela bermatu" du.

Nafarroako Sindikatu Medikoaren eta Osasun Departamentuaren arteko elkarrizketak fruiturik gabe bukatu da, sindikatuak departamentuaren eskaera atzera bota ondoren. Beraz, gaurtik aurrera Osasunbideko medikuak mugagabeko greba egitera deituta daude. Nafarroako Sindikatu Medikoak, batetik, eskatu du erabateko esklusibotasun sendagileendako, eta ez gobernuak proposatutako bateraezintasuna. Horrek aukera emanen lieke medikuei sare publikoaren soldata osagarria kobratu eta, aldi berean, sare pribatuan jardun ahal izateko. Horrez aparte, aurten soldata igoera hilean 500 eurokoa izatea exijitu dute, baita 2024. urtean beste 500 euro igotzeko konpromiso parlamentarioa ere. 

Osasun Departamentuak, gutxieneko zerbitzuak onartzearekin batera zabalik du Nafarroako Sindikatu Medikoarekin elkarrizketa ildoa, eta uste du aste honetan egindako eskaintza oinarri ona dela osasun-arloko profesionalen aldeko akordio bat lortzeko eta herritarrendako zerbitzu publikoa hobetzeko. 

Gutxieneko zerbitzuak 
Oinarrizko zerbitzua denez, Osasun Departamentuak herritarren osasun-arreta bermatzeko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Horregatik, departamentua pazienteekin harremanetan jarriko da, kaltetuak izan daitezkeen hitzorduak berreskuratzeko. Ospitaleetan, herritarrei arreta emango zaiela bermatuko da, asistentzia egokia izatea ezinbestekoa den zerbitzu guztietan. 

Zehazki, ospitaleratzeari dagokionez, barneratze-gaitasunaren %100 bermatuko da, bai eta jarduera pautatu atzeraezina garatzen duten zerbitzuak artatzea ere, hala nola hemodialisia, tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean, tratamenduak hematologiako eguneko ospitalean, tratamendu jarraituan dauden pazienteendako arreta minaren unitatean, erradioterapiako tratamenduak, simulazioa eta plangintza, bai eta Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak ere.  Errehabilitazioari dagokionez, lehentasunezko pazienteen eta ospitaleratutako pazienteen arreta bermatuko da.

Era berean, larrialdiko interbentzio kirurgiko guztiak ziurtatuko dira, baita larrialdietako jarduera guztiak eta arreta osoa ere eremu kritikoetan, hala nola ZIU, URCE, UCC, Kritikoen Unitatea, Erditzeen Eremua eta parekagarriak diren beste unitate batzuk. Bestalde, hogeigarren asteko ekografia eta amniozentesia (hala badagokio) egitea bermatuko da. Era berean, ospitaleratutako pazientearen lehentasunezko arreta guztia bermatuko da, baita ohiko arreta ere, halakorik balego, programatutako jarduera hauetan: interbentzio kirurgikoak, zerbitzu zentralak, kontsultak eta CASSYR (Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroak).

Ospitaleko Farmazia Zerbitzuei dagokienez, ospitaleratutako pazienteen arreta bermatuko da, tratamendu onkologikoak eta pautatuak, eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan hemoderibatuak erauztea bermatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Ospitaleak hornitzeko, gehienez ere gaitasun logistikoaren %60ra arte. Espezialista batekin hitzordua ezin bada egin greba dela-eta, Osasunbideak ahalik eta lasterren hitzordua emanen dio berriz beste egun baterako. Ildo horretan, hiru ospitaleetako eta informazio-sistemetako onarpen-zerbitzuen artean paziente horiek modu zehatz batean kodetzea erabaki da, ondoren kuantifikatu eta berriz ere hitzordua eman ahal izateko.

Gehiago
Lehen mailako arretaren eremuan, ohiko lanaldian, oro har oinarrizko osasun-eremu bakoitzean eta funtzionamendu-ordutegi osoan, bost lanpostu edo gutxiagoko frakzio bakoitzeko familia-mediku bat eta pediatra bat bermatuko dira lan-txanda bakoitzean (goizez eta arratsaldez). Etengabeko arretako gune bat baino gehiago dauden oinarrizko eremuetan, gutxienez, etengabeko arretako puntu edo ekipo adina familia-mediku egongo dira.

Bestalde, etengabeko arretako ordutegian, oinarrizko osasun-eremu bakoitzean oro har ezarritako zerbitzuen %100 izango da lan-erregimena. Era berean, ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuetan eta larrialdietako zerbitzu arruntetan, oro har ezarritako zerbitzuen %100 izango da lan-erregimena. Aho-hortzen osasunean, odontologo bat ezarriko da laguntza orokorrerako, eta PADI beste profesional bat.

Departamentuak egindako proposamenak

Soldatak

  • Ordainsari finkoetan batez beste 400 euroko igoera hilean, 14 pagetan.
  • Guardiengatiko eta tutoretza medikoengatiko pizgarriak.

Antolamenduzkoak

  • Eguneko kontsultengatiko pazienteen kopurua 32ra mugatzea, hortik gora bere esku egongo litzateke gehiago hartzea.
  • Hamabi minutukoak izanen lirateke kontsultak.
  • Mediku egoitza maiatzean bukatzen dutenei lan eskaintza pertsonalizatuak eginen zaizkie.
  • Lehen arreta osatzeko kontratazioak eginen dira.
  • Lehen Arretan eta ospitalekoetan antolamendu-hobekuntzak egitea.

Bateraezintasuna

  • Medikuarena ez den gainerako edozein jarduera pribatutan aritzeko aukera izanen lukete osasun profesionalek. "Denda bat zabaldu, taberna bat, aholkularitza eman…"