Atletismoa

Ruben Mendieta: talde berria eta Nafarroako txapelduna

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 7a, 12:00
Ruben Mendieta, podiumean. UTZITAKOA

Nafarroako Pista Estaliko Txapelketetan olaztiarrak Atletismo Albacete talde berriarekin primeran debutatu zuen, 800 metrotan gailenduz. Hiru Herriko Israel Arbizu etxarriarra 3.000 metroko txapeldunordea izan zen

Larunbatean, ilbeltzak 28, Nafarroako Pista Estaliko Atletismo Txapelketa jokatu zen atleta nafarren bilgune izan zen Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Atletek lasterketa eder eta borrokatuak eskaini zituzten, errekorrak izan ziren eta banatu ziren dominen artean bi iritsi ziren Sakanara. 

Ruben Mendieta Alegria korrikalari olaztiarrak urrezko domina lortu zuen 800 metroko gizonezkoen lasterketan. 2023 urtean talde berriarekin hasi da lanean olaztiarra, Atletismo Albaceterekin, eta hasiera ezin hobea izan du taldean. "Orain arte Grupompleo Pamplona Atletico taldean aritu naiz, baina Atletismo Albaceteren proposamena, kategoriaz igotzeko taldea indartzearena, polita iruditu zitzaidan eta animatu nintzen, helburu berriak izateko eta giroz aldatzeko. Ea zer moduz doakidan" dio irribarrez. 

Mendieta, 48 ehunenekoengatik
Gizonezkoen 800 metroko lasterketa ehuneneko gutxi batzuengatik erabaki zen. Borroka oso estua izan zuten Ruben Mendietak eta Hiru Herri klubeko Mikel Calvo Romok. "Lasterketa irabazteko aukerak nituela sentitzen nuen, entrenamendu onak egiten ari naizelako, baina banekien Mikel Cabo Valentzian oso ongi lehiatzetik zetorrela eta sasoitsu zegoela. Lasterketa mantso abiatu zen eta hori niretako eta Mikelendako ez da egokia, biak jokalari nahiko azkarrak garelako, baina lasterketan eroso ikusi nuen nire burua; erraza egiten zitzaidan" dio Mendietak. 

Lehen 400 metroek ez zuten bigarren 400 metroekin zerikusirik izan."Lehen 400 metroetan ez nintzen nekatu; helmugarako 300 metroren faltan erritmoa aldatu, buruan jarri eta taldea tiratzen hasi nintzen, baina 100 metroren faltan Mikelek gainditu ninduen. 20 metroren faltan Mikel aurreratzea lortu nuen eta hortik aurrera lehia bizia izan genuen biok. Zorionez, ni sartu nintzen aurretik". Mendietak 1:54.36 denboran osatu zituen 800 metroak, eta Mikel Calvok 1:54.84-an. 48 ehuneneko alde eskasak erabaki zuen. 

Gizonezkoen 800 metroko txapelduna da Ruben Mendieta. "Lasterketa indartsu eta ongi bukatu nuen. Pozik nago, nahiz eta marka ona ez izan. Izan ere, lehen 400 metrotan mantso joan ginen, eta nabaritu zen. Hortaz, guztia kontuan hartuta, kontentu" dio. Asteburuan Madrilen lehiatuko da. "800 metrotan lehiatuko naiz eta nire marka pertsonala (1:53.05) jaisten saiatuko naiz. Aurrera begira, pista estaliko denboraldia bukatu eta aire zabalekoa prestatzen hasiko naiz".

Arbizu, zilarrezkoa
Nafarroako Pista Estaliko Txapelketetako bigarren domina sakandarra Israel Arbizu Alberto korrikalari etxarriarrak ekarri zuen. Gizonezkoen 3.000 metroko lasterketan bigarren sailkatu zen Hiru Herri klubeko korrikalaria (8:55.65), bere taldekide Javier Magaña Mondejarretik segundo batera (8:54.27). "Elkarrekin entrenatzen dugu biok, Hiru Herriko taldean. Ni oso pozik nago bigarrena izateagatik, baina hurrengo egunean Espainiako Kros Txapelketa jokatzen zen Ortuellan, eta nabaritu zen. Distantzia horretan, 3.000 metroetan ni baino hobe aritzen diren korrikalariak falta ziren. Hala ere, bigarren sailkatu nintzen eta oso kontentu nago. Gainera, sentsazio oso onak izan nituen, nire marka pertsonaletik lau segundora geratu nintzelako. 

Arbizuk gogor jarraituko du entrenatzen. "Otsailaren 25ean Nafarroako Distantzia Motzeko Kros Txapelketa jokatuko da Altsasun, eta bertan lehiatuko naiz. Bestalde, pista estaliko denboraldia bukatuta aire zabalekoa hasiko da eta ongi prestatu nahi dut. Aire zabaleko pistan, udan, 1.500 m eta 5.000 m distantziatan ongi ibili nahi dut, eta horretarako prestatuko naiz aurten bereziki, Nafarroako Txapelketan ongi aritzeko.