Ibarreko 15 udalek, Sakanako Mankomunitateak eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE) ibarreko merkataritza sustatzeko proiektua ondu zuten joan den urtean. Egitasmoa, berez, Sakanako merkataritza laguntzeko eta bultzatzeko plan bat da, sei arlo eta 13 ekintza dituenak. Haren sustatzaileen iritziz, ekonomia sektore hori "funtsezko sektorea da, bai enplegu sortzaile gisa, bai eskualdeko biztanleendako oinarrizko zerbitzuen hornitzaile gisa". Proiektuaren oinarrian 2018a egindako ibarreko merkataritza eskaintzaren azterketa dago. Han jasotakoei jarraituz egin zuten proiektua, hainbat behar eta erronkari erantzuteko asmoa duena, besteak beste, txikizkako merkataritzaren sektorea bultzatzeko eta merkataritza sarea bizi, lehiakor eta modernizatua mantentzeko.
Toki erakundeek eta SDOZEk egindako egitasmoak 271.000 euroko aurrekontua du. Proiektua Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planeko dirulaguntza deialdira aurkeztu zuten. Aste honetan jakin da Next Generation funtsetik 217.055,27 euro jasoko dituela Mank-ek proiektu hori garatzeko. Aurrekontuaren %80 estaliko dute horren bidez, eta gainontzeko %20a, 53.944,73 euro, udalek jarriko dute. Baina denek ez dute ekarpen bera eginen, hiru irizpide zehaztu baitituzte horretarako: herri bakar batean egiten diren jarduerak udal horrek ordaintzea, ibar guztirako ekintzak herriek duten denda kopuruaren arabera finantzatzea eta Hondakin Zerbitzuarekin lotura dutenak Mank-en kontu izatea.
Eragina
Sustatzaileek egitasmo horretako ekintzak gauzatuz lortu nahi dute Sakanako merkataritzan "kalitatezko enplegu iraunkorrak" sortzen laguntzea. Azaldu dutenez, "proposatutako planeko ekintzek hobetu egiten dituzte merkataritza sektoreko enpresa txikiek eraldaketa digitalarekin bat egin ahal izateko dituzten bitartekoak, tresnak eta baliabideak. Horrela, merkatuaren aldaketei eta kontsumitzaileen eskaerei gehiago eta hobeto erantzuteko gaitasuna izanen dute".
Gaineratu dutenez, "merkataritza eremuetan egindako hobekuntzek eta egokitzapenek, sustapen, ikusarazte eta publizitate kanpainekin batera, merkataritza jarduera dinamizatuko dute, batetik, bezero gazteagoak erakarriz, eta, bestetik, egungo erosleak sendotuz eta denendako erosketa esperientzia erosoagoa eta erakargarriagoa eskainiz".
Udaletako, Mank-eko eta SDOZEko ordezkarien iritziz, "horrek guztiak lagundu egiten du sektorean enpleguak mantentzen, belaunaldien arteko erreleboa sustatzen eta ekintzaile berriak sartzen". Horri lotuta, gogorazi dute Cederna-Garalurren ekintzailetza zerbitzuaren bidez 26 ekintzailek beraien enpresa sortu eta autonomo gisa lanean hasi zirela joan den urtean. Haietako batzuk merkataritzaren sektorean izan ziren, eta, gutxienez, seiren kasuan belaunaldien arteko erreleboa edo lehendik zeuden negozioen eskualdaketa beren gain hartu zuten.
Arazoak eta helburu zehatzak
Egitasmo horren bidez sustatzaileek Sakanako merkataritzarako zazpi arazori konponbidea eman nahi diete. Lehenik, txikizkako merkataritza sektorearen eten digitala konpontzea. Aldi berean, saltokietan dagoen belaunaldi errelebo ezari konponbidea eman nahi dio. Horrekin batera, merkataritza tradizionala mehatxatzen duten zenbait dinamika azkartzen ari dira merkatuan, besteak beste, online erosketa. Planarekin eragotzi nahi dute herri txikiek funtsezko zerbitzurik ez izatea edo zerbitzu horiek galtzea. Helburua ere bada tokiko elikagaien, elikagai iraunkorren eta kalitatezkoen ekoizleen eta elikagaien merkataritzaren arteko lankidetza edo loturak estutzea. Horiekin batera, aukera baliatu nahi dute merkataritzan sortzen diren hondakinak egoki kudeatu eta erabilera bakarreko ontziak erabilera saihesteko. Azkenik, merkataritza sektorearen atomizazioari aurre egin nahi diote.
Hori guztia lortu ahal izateko zortzi helburu zehatz ditu planak. Batetik, tokiko merkataritzan erosketak handitzea eta Sakanako saltokietara bezeroak erakartzea. Bestetik, establezimendu berriak sortzea eta oraingoak mantentzea. Merkataritzak Sakanan dituen euskarri digitalei dagokionez, irudi bateratua eta funtzionalitate optimizatuak lortzea. Populazio eta denda gehien dituzten herriak Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Altsasu dira. Proiektuaren bidez merkataritza gune nagusi horien irudia eta erakargarritasuna hobetu nahi dute.
Aldi berean, Sakanako merkataritza gune nagusietan hutsik dauden 15 merkataritza lokal birgaitu, irudia hobetu eta higiezinen merkatuan zirkulazioan jarri nahi lituzkete. Egitasmoan jaso denez, elikagaien merkataritzan erabilera bakarreko ontzien erabilera %50 murriztu nahi dute. Horrekin batera, gutxienez ibarreko 20 saltoki haien kudeaketa eta errentagarritasunerako funtsezko alderdietan trebatu nahi dituzte, datu berritzaileak erabiltzeko tresnak eta metodologiak erabiliz. Bukatzeko, hedabide digitaletan eta sare sozialetan egindako dinamizazio eta publizitate kanpainen eragina gutxienez %50 handituko dute.
Planeko ekintzak 2024ko maiatza bitartean gauzatuko dira. Heldu den urtean bakarrik eginen den ekintza bakarra dago: dendarien prestakuntzarena.
Sei arlo, 13 ekintza
Digitalerako trantsizioa
- 1. Sakanako merkataritzak bere burua ikustarazteko eta bere produktuak saltzeko tresna eta euskarri digitalak ditu: www.sakanakogida.eus web orria, SakanaAPP telefono mugikorrendako aplikazioa eta Top Topa merkataritza elektronikoko plataforma. Horietan guztietan edukia, erabilgarritasuna eta funtzionaltasuna egokitzeko eta bateragarri egiteko beharrezkoak diren hobekuntzak aztertu, proposatu eta gauzatu nahi dituzte. Helburua da hiru euskarrien arteko integrazioa, osagarritasuna eta koherentzia lortzea. Aurrekontua: 7.647,2 euro.
- 2. Sakanako merkataritza sustatzeko eta dinamizatzeko kanpaina bat diseinatu eta gauzatu sare sozialetan, SakanaAPPn eta Sakanako Gida webgunean. Aurrekontua: 6.050 euro.
- 3. Sakanako merkataritzaren publizitate, komunikazio eta ikusgarritasun ekintzak diseinatzea eta abian jarriko dira. Horrekin batera, eskualdeko eta erregioko komunikabide digitaletan, sare sozialetan eta beste euskarri digital batzuetan aurten egin beharreko kanpainak ere martxan jarriko dituzte. Aurrekontua: 11.797,5 euro.
- 4. Ibilgailuak eta pertsonak zenbatzeko sistema ezartzea Altsasuko merkataritza eremuan. Aurrekontua: 12.100 euro.
Salmenta puntuaren eraldaketa
- 5. Etxarri Aranazko merkataritza gunean LED teknologiako eta energia eraginkortasun handiko luminaria bereziak jarriko dira. Plazan zuhaitzak daudenez, erdialdea argiztatuta dago, baina saltokien fatxadak ilundu egiten dituzte zuhaitzek. Horregatik, egungo argiztapenaren ordez argi lauso bat jarriko da, zutabezko luminarien bidez. Aurrekontua: 37.445,87 euro.
- 6. Sakanako hainbat herritako merkataritza guneetako lokal hutsak eta zaindu gabeak daude. Ekintza horren bidez horiek identifikatu, kudeatu eta horien kanpoaldeak hobetu nahi da, beti ere, merkataritza gune horien itxura hobetzeko eta erakargarritasuna handitzeko, eta merkataritza gune horiek mobilizatzea eta zirkulazioan jartzea eragiteko, negozio berriak abian jar daitezen sustatzeko. Aurrekontua: 61.170,1 euro.
Jasangarritasuna eta zirkulu ekonomia
- 7. Sakanako 248 saltokietan Zero Hondakin kanpaina bat egitea, merkataritzak bezeroekin duen elkarreraginean sortzen den hondakin kopurua murrizteko helburuarekin. Horretarako, batetik materialak banatuko dira dendetan (silikonazko, kotoia, jute edo beste materialetako poltsak). Bestetik, kartelak eta sare sozialetarako edukia eginen da. Azkenik, saltoki bakoitzari hondakinen gida bat emanen diote, saltokiko jabe eta langileak hondakinen sorrerako prebentzio praktiketan hezi eta hondakinen bereizketa optimizatzeko. Gainera, 248 saltokiak bisitatuko dira. Bisita horien bidez materialen banaketa eginen da eta zati organikoaren bereizketan parte hartzeko eta beste frakzio batzuen bereizketa hobetzeko jarraitu beharreko prozedura azalduko da, baita hondakinen prebentzioa helburu duten ekintzak ere. Ondoren, jarraipena egingo da. Aurrekontua: 44.573,59 euro.
Hornikuntza katea eta trazabilitatea
- 8. SakanaAPP aplikazioan funtzionalitate berri bat garatzea, eskualdeko tokiko produktuen eskaintza ikusarazteko, "Dastatu Sakana" irudiaren bidez. Funtzionalitate horri esker, aplikazio hori erabiltzen duten kontsumitzaileek eta bisitariek zuzeneko salmenta egiten duten hurbileko ekoizleak eta tokiko produktuaren aldeko apustua egiten duten saltokiak ezagutzeko aukera izanen dute, haietarako sarbidea erraztuz eta, horrela, merkaturatze zirkuitu laburrak indartuz. Aurrekontua: 2.388,54 euro.
Seinaleztapena eta prestakuntza
- 9. Sakanako txikizkako merkataritzari zuzendutako prestakuntza teoriko eta praktikoaren eskaintza. Bi ikastaro izanen dira. Aurrena, hamar saltokirendako izanen da. Haien jabeek bezeroen arreta hobetzeko prestakuntza jasoko dute, datu-baseak erabiliz eta bezeroen joerak eta portaerak aztertuz. 10 orduko iraupena izanen du ikastaro horrek. Haietatik, 4 ikasgelan izanen dira, establezimenduko bezeroarentzako arreta plan bat diseinatzeko. Plan horretan honako hauek jasoko dira: eguneroko arreta, saldu ondoko zerbitzua eta gatazkak konpontzea. Beste ordu bat bezero misteriotsu merkataritzan teknikaren bidez beteko da eta azken 5 orduak, berriz, dendan bertan jasotako tutoretzaren bidez, proposatutako plana ezartzeko eta metodologia azaltzeko.
Bigarren ikastaroa merkataritzaren kudeaketa hobetzea (ekonomikoa, stocka eta abar) du helburu. Hamar saltokirendako tokia izanen da. Ikastaroan tresna teknologikoak ezagutu, datuak modu adimentsuan eta erabilgarrian erabiltzen ikasi eta metodologiak ateratzen ikasiko dute. 10 orduko iraupena izanen du eta haietatik 4 ikasgelan izanen dira, kontabilitateari eta zergei buruzko prestakuntza eta izapideak errazteko tresnak ezagutzeko. Gainontzeko 6 orduak establezimenduei tutoretza pertsonalizatua emateko izanen dira, negozioaren errentagarritasunaren hobekuntza zehatzetan. Aurrekontua: 27.830 euro. - 10. Txikizkako merkataritza sentsibilizatzea hondakinak murrizteari, berrerabiltzeari eta ekonomia zirkularrari buruz. Aurrekontua: 3.025 euro.
Bestelakoak
- 11. WIFI sareak ezartzea Irurtzungo, Lakuntzako, Etxarri Aranazko eta Altsasuko merkataritza guneetan. Aurrekontua: 12.705 euro.
- 12. Merkataritza-jarduera handiena duten udalerrietako sarbideetan (Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Altsasu) eta Altsasuko merkataritza gunean dauden establezimenduei eta merkataritza eskaintzari buruzko seinale integratuak jartzea. Aurrekontua: 11.586 euro.
- 13. Totem digitalak jartzea Altsasun, Lakuntzan eta Irurtzunen, herritarrentzat interesgarriak diren informazioa eta merkataritza iragarkiak zabaltzeko. Aurrekontua: 33.000 euro.