Pediatrarik ez bi osasun eskualdetan

Guaixe 2023ko ots. 7a, 08:51

Langileek ere bat egiten dute osasun publikoaren aldeko aldarrikapenarekin. ARTXIBOA

Etxarri Aranazkoan eta Altsasukoan ez dago haur eta gaztetxoak artatuko duen profesionalik. 

Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak asteazkenean jakinarazi zuenez, Etxarri Aranazko eta Altsasuko osasun eskualdeetan ez dago pediatrarik. Haien ordez Osasunbideak erizainak jarri ditu, baina Iruñeko San Martin osasun etxera edo larrialdietara bideratzea beste erremediorik ez dutela azaldu zuten plataformakoek. Pediatra falta hori dela eta Osasun Departamentuari kexa azaltzeko eskatu zuten. Erreklamazio orriak edo osasun karpeta horretarako erabili daitekeela gogorarazi zuten. 

Bestalde, azken bi asteetan Burunda mendebaldeko osasun eskualdean bost mediku egon dira. “Egoera kopuru horretan egonkortu bada ere, plantilla ez dago osorik, mediku bat falta da. Egoera egokia ez denez aldarrikatzen segi behar dugu”, gaineratu zuten. Bestetik, jakinarazi zuten antzeko egoera bizi zuten Bortzirietako plataformarekin bilera egin behar zutela atzo. “Iritziak trukatu eta indarrak metatzeko helburuz goaz”, esan zuten.