Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea

Gasbidearekin arduraz jokatzeko deia egin dute

Guaixe 2023ko ots. 7a, 10:01

Udal eta kontejuetako hautetsiak santutegi ondoan elkartu ziren.

Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremua hartzen duten Sakana eta Larraungo toki erakundeek Nafarroako Gobernuari Plazaolako alternatiba aintzat hartzeko eskatu diote 

Aralar mendiaren bi aldeetako hainbat udal eta kontzeju ordezkarik gasbidearen inguruko adierazpena egin dute. Aralarko santutegi ondoan egindako adierazpenean gaztigatu zutenez, “Aralarren zati bat ikutzen badute, Aralar guztia ikutzen dute!” Horregatik, Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremua hartzen duen toki erakundeetako ordezkariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea Aralar mendian barna eraman beharrean Plazaolako bidean barna eramateko. Gogoratu dute Nedgia enpresak hori bera eskatu ziola Sakanako Mankomunitateari 2018an, hark Iribas eta Irurtzun arteko ur ekarria berritu behar zuela baliatuta. 

Baina, azkenean, Etxeberri eta Lekunberri arteko trazadura lehenetsi zen, eta haren kontrako auzibidea eten egin da. Horregatik, Aralar mendiaren bi aldeetako toki erakundeetako ordezkariek Nafarroako Gobernuari eskatu diote aintzat hartzeko Ingurumen Departamentuko bi teknikariren txostena, “hasieran baztertu ziren bi aukera nagusiak berriz aztertu eta birplanteatu beharko liratekeela gomendatzen duena”.

Mendiaren balioak
Agerraldian izan zirenek ohartarazi zuten Aralar barnako gasbide trazadurak “Interes Komunitarioko Habitatak, Lehentasunezko Habitatetan eta intereseko beste habitat batzuetan faunari eta florari eragindako kalteak” sortuko lieketela. “Izan ere, mehatxatutako espezieak daude, Nafarroako eremu atlantikoan duten bakantasun-maila handia eta hartzen duten habitataren kalteberatasun handia dira”.

Gaineratu zutenez, “trazadura horren eraginak kontuan hartzekoak dira: Aralarko Unitate Karstikoa oso sentikorra eta zaurgarria baita horrelako obren aurrean. Oso litekeena da eragin handia izatea sistema hidrikoetan, baita altxor paleontologikoetan eta arkeologikoetan ere. Altxor horiek mota honetako sistemetan ugari diren zuloetan gordetzen dira, eta azken urteotan Aralarko eremu horietan aurkitzen ari dira”.

Erlazionatuak