Sakanako beste hiru udalerritan udal hauteskundeetako zerrendaburu izango diren pertsonak hautatzeko prozesua despeditu du EH Bilduk. Arakil, Uharte Arakil eta Ziordiko hautagaiak berretsi dituzte EH Bilduko militanteek. Arakilgo alkategaia Oihana Olabarria Jaka izanen da. Duela 46 urte Iruñean jaioa. Etxarri eta Ihabar artean bizi izan da eta urte batzuk Argentinan eman ondoren, egun, Ihabarren bizi da bere bi alabekin. Gizarte lana ikasketak egin zituen eta Argentinan egon zen garaian, Agroekologian Goi Teknikaritza ikasi zuen. Arakilgo Udalean zinegotzi lanetan egon da duela legegintzaldi batzuk eta azken lau urteetan alkate.
EH Bilduren Uharte Arakilgo alkategaia Txomin Uharte Baleztena da. 1968.urtean jaioa. Hezkuntzan aritu da lanean, Ikastoletan, 28 urtez, Nafarroako “eremu ez-euskaldunean”. Uharte Arakilen bizi da eta herriko hainbat arlotan aritu da eragile. Azkenik, koalizioaren Ziordiko hautagaia Olatz Irizar Martinez izanen da. 1972. urtean jaioa. Kazetaritzan lizentziatua eta Guaixe aldizkariko sortzaileetako bat izan zen. Azken urteetan Aholkularitza sozialeko kooperatiba batean egin du lan. 2015etik aurrera Ziordiko Udalean, lehenik zinegotzi eta azken lau urteetan alkate.