Hamabost egunez ariketa kolektibo baten bidez euskararen erabilera handitzeko gonbidapena egin zuen Euskaraldiak. Izaskun Errazkin Beltzak, Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak, eta Amaia Iparragirre Mendiak, Sakanako Euskaraldiko dinamizatzaileak, balorazioarne berri eman dute.
Euskaraldian kantitateak edo kalitateak, zerk inporta du?
Amaia. Edizio honetan kalitateari indarra eta garrantzia eman behar geniola garbi esan zen. Leku guztietan argi esan zen nahiago zela 20 baino 10 pertsona. Ariketa zintzoa izatea nahi zen. Izena ez ematea emateagatik; izena ematen zuenak konpromiso serioa hartu behar zuen.
2.142 sakandarrek izena ematea asko edo gutxi da?
Izaskun. Balorazioa egiterakoan errazago baloratzen dira zifrak datu kualitatiboak baino, subjektiboak baitira besteak. Zifraren datu objektiboek ematen digute kalean antzeman duguna: 2018tik 2020ra parte hartzaileen jaitsiera nabarmena izan zen eta 2022an bere horretan mantendu da ia, jaitsiera txiki bat egon da. Batzordeekin balorazio bilera egin genuen abendu bukaeran eta datu subjektibo horiek batzordeen bidez jaso dugun inpresioa: gehiago kostatu da herritarrengana iristea, jendea animatzea. Amaiak esan bezala, lorpenen ariketari garrantzia handia ematen saiatu gara. Horren bidez islatu nahi genuen zer den ahobizi eta belarriprest izatea. Ariketari eman nahi genion garrantzia. Lortu dugun? Zaila da jakitea.
A. Sakanan parte hartzea jaitsi bada ere, zenbait herritan igo egin da. Hausnartuta gauza positibo asko ikusi ditugu. Jaitsiera izan den herri batzuetan ere gazte parte hartzaileen zenbatekoa igo egin da. Gazteen parte hartzeari izugarrizko garrantzia eman behar diogu, gure etorkizuna dira.
I. Sakandarren %10,5ek parte hartzea bada zifra esanguratsua. Igoera izan da Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Altsasun.
Herrietako parte hartzea homogeneoa izan da?
I. Ariketa hau oso lotuta dago soziolinguistikako datuekin, ezagutza eta, gutxieneko ezinbesteko baldintza, ulermena. Lotura hori ere parte hartzean ere ikusten da. Baina herritik herrira ere aldeak badira. Herrietan dabiltzanendako polita da emaitza jasotzea.
A. Irurtzunen ezagutza ez da hain altua eta parte hartzea igo egin da.
Belarripresten figura hori ezagutzarekin lotzen du jendeak, eta ez hainbeste hartzen den konpromiso horrekin: aldi guztietan euskara erabiltzeko erabakia.
Rolak ere aukeratu behar dituzte herritarrek. Ezagutzen dituzte belarriprest eta ahobiziren ezaugarriak eta bata eta bestearen aldeko aldeak?
I. Lehenengo Euskaraldian, 2018koan, jada antzeman zen belarripresten figura hori ezagutzarekin lotzen duela jendeak, eta ez hainbeste hartzen den konpromiso horrekin: aldi guztietan euskara erabiltzeko erabakia. Oraindik ere kostatzen da. 2020an belarriprestengana gehiago iritsi nahi zen. Baina ahobizi gero eta gehiago daude eta belarriprest gero eta gutxiago.
Zergatik dira parte hartzaile gehienak ahobizi?
I. Sentsibilitate kontu bat da maila handi batean.
A. Ahobiziei errazagoa eginen zaie ariketa. Seguru daude: badakit euskaraz, ahobizi izanen naiz. Baina belarriprest izatea zailagoa iruditzen da: “nik ez dakit asko euskaraz, beraz, belarria jarriko dut”. Baina deserosoa da.
I. Euskaraldiaren hasieratik esan genuen hizkuntza ohitura batzuk aldatu nahi direla. Lortu nahi da, besteak beste, elkarrizketa elebidunak hain arraro ez izatea: batek euskaraz hitz egitea besteak erdaraz erantzun arren. Kosta egiten zaigu, eta horren atzean hortik pixka bat badago. Belarriprestek esaten dute: nik gaztelaniaz egiten badizut ere, zuk niri euskaraz egin.
A. Rol hori gizarteratzea zaila da.
Lortu nahi da, besteak beste, elkarrizketa elebidunak hain arraro ez izatea: batek euskaraz hitz egitea besteak erdaraz erantzun arren.
Ezagutzarekin identifikatzen da: badakizu, ahoa; ez dakizu, belarria. Eta euskaldun petoak belarriprest txapa jarri eta galdera pila erantzun behar izaten ditu.
A. Hori ikusi dut. Belarriprestekiko enpatia edo elkartasuna izateko. Agian, horrela, beraiek erosoago senti daitezke.
I. Inguruan ikusi dut bakarren bat zintzotasunez, eta ariketa ongi ulertuta, jantzi duena belarriprest txapa. “Oso gertuko harreman bat dut, euskara ulertzen du baina oso zaila egiten zait hori aldatzea”.
A. Horrek ariketa modu lasaiagoan egiteko aukera ematen dizu.
I. Baina izan dira belarriprest txapa jarri eta azalpenak eman behar izan dituztenak. Eta horrek ez du erraztu txapa hori jartzea.
Txapa janztearen garrantzia barneratua du jendeak?
I. 2020an, pandemiarekin, urte nahiko berezia izan zen eta egoera oso berezi hartan txapa gutxi ikusi ziren. 2022ko inpresioa da Sakanan, eta Euskal Herrian, txapa gutxi ikusi direla. Balorazio guztietan atera da. Horri buelta bat eman behar zaio.
A. Izena eman dute, baina ez dute txaparik jarri. Zergatik? Batzuk ariketa hori egiteko prest ez zeudelako. Bestetik, izena ematen duen jende batek esaten du: “nik txapa, zertarako?” Ez dute beharrezkoa ikusten. Eta bai, beharrezkoa da.
Zergatik?
A. Erantzuten dute euskara badakitela, eta euskaraz hitz egiten dutela. Eta galdetzen diezu: “Iruñera edo ez dakit zer herritara joaten zarenean, nola eskatuko diozu bakarren bati kafea?” Orduan jabetzen dira. Beraien inguru euskaldunean beti euskaraz aritzen direla, baina hortik kanpo ateratzen bazara egoera pila izanen dituzu non ez duzun agian euskaraz hitz eginen. Lehenengo hitza ez duzu euskaraz eginen eta gaztelaniaz eskatuko duzu kafe hori. Orduan ikusten dute beharrezkoa dela.
I. Txapa jartzeak badu berea: udazkena da, agian, berokia edo jertsea aldatzen egon behar dugu. Hori bada modu bat egun horretan Euskaraldian gaudela gogoratzeko, ariketa hori pixka bat kontziente egiteko. Txapak bi helburu ditu. Batetik, zuk zure buruari gogoraraztea Euskaraldiko hamabost egun horietan zaudela. Eta, aldi berean, besteari ikustaraztea zein den zure rola, bi norabideetan. Egin diren ikerketek diote txapak bere garrantzia baduela. Baina indarra galdu du.
A. Ariketara indarrik gabe iritsi gara. Izen emateari baino, ariketa egun horiei eman behar zaie garrantzia gehien. Hori baloratu dugu.
Herri euskaldunetako jendearendako mezua ere bada Euskaraldikoa. Ariketa da modu bat ondoko herrietan, ez hain euskaldunak diren herrietan, eragiteko.
Bada euskaldun pila parte hartzen ez duena, esaten duena: “zertarako? Ni banaiz eta!” Jende horri, zer?
A. Esan behar zaio oso garrantzitsua dela haiendako eta ingurukoendako. Nik ez baldin badakit berak euskaraz dakien edo ez, beharbada ez diot euskaraz hitz eginen. Eta pertsona euskaldun gisa identifikatzea oso-oso ona da, dakien hori berarekin euskaraz lasai aritzeko. Tentsio hori ez izateko: “sartu naiz denda honetan eta ez dakit euskalduna den”. Zer lasai gelditzen zara jartzen badu: euskaraz badakit. Txaparekin berdin: “ahobizi, belarriprest, jo! Zeinen ondo! Ez naiz hasi behar honi nola hitz egin pentsatzen”. Tentsio hori ez izateko eta lasaitasuna izateko balio du.
I. Zalantza hori herri euskaldunetan eta herri txikietan ematen da. “Herri txikietan denak gara euskaldunak, denok dakigu nork ulertzen duen euskaraz eta nork ez”. Hala ere, herri txikietan ere baditugu hizkuntza ohitura batzuk ez dutenak laguntzen batzuetan euskaraz hitz egiten. Herri euskaldunean halako euskalduna da, halako ez. Eta sorpresak hartzen ditugu. Laguntzea den oro positiboa da. Sorpresak gutxi badira ere, euskararentzat irabazi oro positiboa eta beharrezkoa da. Gainera, gero eta gutxiago bizi gara gure herrian bakarrik, beste herrietara ere joan behar izaten dugu. Herri euskalduneko biztanle horiek ere izan daitezke eragile ez hain herri euskaldunetan. Arbizutik edo Etxarri Aranaztik Altsasura edo Iruñerrira egunero mugitzen gara, asko. Herri euskaldunetako jendearendako mezua ere bada Euskaraldikoa. Batzordeetatik jaso izan dugulako: “gure herrian ez da beharra ikusten”. Eta ariketa da modu bat ondoko herrietan, ez hain euskaldunak diren herrietan, eragiteko.
Euskaraldia emakumezkoen ariketa bat da?
A. Datuei begiratuz gero, erabat.
I. Roletan ahobizi nagusi izan den bezala, hiru Euskaraldietan %60tik gora emakumezkoak izan dira, eta, gainera, indartzen.
Zergatik?
A. Galdera zaila da. Buelta asko eman diogu.
I. Euskararekin lotura duten beste ikerketa batzuetan antzeman da: emakumeen jarrera aktiboagoa edo konpromiso handiagoa euskararekiko. Ez dakit zergatik den. Kale erabileraren neurketan emakumezkoen erabilera gizonezkoena baino puntu batzuk gorago dago. Neurketa horrek agerian uzten du umeen presentziak noraino baldintzatzen duen positiboki euskararen erabilera. Zaintzarekin lotuta egon daiteke? Hipotesietako bat da.
Lehenengo ediziotik antzeman zen gazteak ez zirela Euskaraldian sartu. Baina horren beste aldea da gazteen inguruko mugimendu asko Arigune bezala inplikatu direla.
Zergatik dute parte hartzaile gehienek 30 eta 59 urte artean? Non daude gazteak eta adinekoak?
I. Helduak ez egotea ezagutzarekin lotuta egon daiteke. Hizkuntzaren transmisioa galdu zen herrietan helduen adin tartean agian ez daude hainbeste euskaldun. Alde horretatik, herrien arteko aldeak nabarmenak dira: Arakil eta Burunda aldean adinekoen parte hartzea izugarri jaisten da. Tarteko adin horietan, badira ikastetxe bidez euskaldundu direnak. Baina horri erreparatuz gero, gazteak ere hor egon beharko lirateke. Ez dugu lortu. Lehenengo ediziotik antzeman zen gazteak ez zirela Euskaraldian sartu. Baina horren beste aldea da gazteen inguruko mugimendu asko Arigune bezala inplikatu direla: gaztetxeek edo gazte elkarteek izena eman dute; Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan lanketa egin da... Parte hartze bat izan da azken honetan. Gabezia hori ikusten genuelako egin genuen saiakera berezi hori ikastetxean. Sakanako gazteen parte hartzea %18ren bueltan dago. Baina Burundako zenbait herritan, esaterako, puntu batzuk gorago dago.
A. Batzordeetatik esan dutenez, gazteek beraiek, gazte asanbladek-edo egindako lanketa bategatik izan da hori. Eskertzekoa da.
I. Haiek haien kabuz landu nahi dutela jaso dute batzordeek: “guk gurea eginen dugu, baina batzordean ez gara sartuko”.
A. Ongi etorria haien lana. Iritsiko da momentu bat elkarlana egiteko.
Demografia aztertuta, kopuruan gazteak gutxiago dira. Askoz gehiago dira tarteko adinekoak. Tarte horretakoak parte hartzaile gehien izatea konpromisoaren adierazle da?
I. Batetik, adin tarte horretan daude gurasoak. Lan mundura ere jotzen dugu Ariguneen bidez, eta hango jende gehiena adin tarte horretan dago.
A. Garrantzitsua da haiek datuetan gehienak izatea. Gazteen eredu, seme-alaben eredu dira.
Ahobizi eta belarriprest txapek laguntzen duten bezala, arigune identifikagarri horrek ere batzuetan gure eskemak apurtzen ditu, eta positiboa da euskaraz ulertzen duen entitate hori horrela identifikatzea.
Entitateetan ere Euskaraldia egin da?
I. Lehengora goaz: kualitatibo eta kuantitatiboa. Datuek esaten digute izen ematea igo egin dela. Baina, egia da, aurreko edizioko antzeko ezaugarriak dituzte. Gehienbat zerbitzuen mundura iritsi gara Ariguneen bidez: merkataritza, ostalaritza, finantza erakundeak... Normalean, beraien ekimenez Arigune gisa izena ematen dutenak gutxi dira. Normalean, batzordeetakoek bisitak egin behar dituzte, baita haien izenean izena eman ere batzuetan. Prozesu hori nekagarria da. Baina, aldi berean, oso ezezko gutxi jasotzen dira; baldintzak betetzen dituztenak, normalean, prest egoten dira. Hori bada positiboa.
A. Ariketa egiten den? Haiei galdetu beharko litzaieke. Askotan hor galdu egiten gara. Ez dakigu beraiek noraino iritsi diren eta zer konpromiso hartu duten Euskaraldirako. Batzorde guztiek baloratzen dute oso erantzun ona izan dutela.
I. Ahobizi eta belarriprest txapek laguntzen duten bezala, arigune identifikagarri horrek ere batzuetan gure eskemak apurtzen ditu, eta positiboa da euskaraz ulertzen duen entitate hori horrela identifikatzea. Ohitura aldaketa ekartzen dute. Zeren ikastetxean eta udaletxean Ariguneak egotea espero dugu, euskarazko arreta jasotzea.
Lantegiak?
I. Hori da gure hutsunea. Ez aurreko ez honetan ere ez dugu lortu lantegietara iristea. Batzordeendako eremu zaila da. Sakanako Mankomunitatearen eta dinamizatzailearen bidez iristeko saiakerak egin ditugu. Gutunak eta beste bidali dira. Euskaltzaleen Topaguneak berak ere enpresa handietara jo izan du.
A. Hasieran zerrenda bat egin izan dugu eta Topaguneak landu du. Gu ez gara, eta batzordeak gutxiago, ez gara lantegietara joan. Batzordeendako izugarrizko lana da, ezin da hainbeste eskatu. Herriko saltoki eta bestelakoetara iristen nahikoa lan badute. Lantokietara joatea lan zailagoa iruditzen zaigu. Horregatik, Topaguneak egiten du. Egitekoen zerrendan dugu, beste baterako.
I. Enpresa zenbat eta handiagoa izan, ariketak beste tamaina bat hartzen du. Izena emateko baldintzak daude, aurretik hausnarketa egin behar dute...
Ariguneei euskara erabiltzeak zer ematen die?
I. Maila handi batean, herriarekiko gertutasuna. Euskara da Sakanako berezko ezaugarri bat. Eta bi norabideetan. Alde batetik, bezeroak edo erabiltzaileak hartzeko orduan. Eta, aldi berean, langileei ere. Euskaldunak direnek euskara erakutsi eta lantzeko aukera ematen du.
Aurreneko bi edizioetan Euskaraldia eta Korrika ikasturte berean izan ziren. Azkenekoan, Korrika eta Euskaraldiaren artean uda eta oporrak egon dira. Eraginik izan du aldaketak?
A. Korrikak Sakanan izan zuen arrakastarekin, pentsatzen nuen jendeak pilak kargatuta izanen zituela eta Euskaraldira oso-oso gogotsu iritsiko zela. Eta ez zen horrela izan. Ez dakit zer den hobea.
I. Covid-19 gaitzak ekarri du biak urte berean izatea. Lehen ez zen horrela. Hasieran kezkaz hartu genuen, ondoren ez zait iruditu hain... Euskaraldiaren lehen edizioan denbora askorekin hasi ginen lantzen, aurreko urtean hasi ginen. Baina orain gero eta gehiago atzeratzen ari da Euskaraldiaren lanketa, dagoeneko ariketa berria ez delako, rolak eta Ariguneak ezagutzen direlako... Nahiz eta badauden hobetzeko gauzak. Batzordeek ere lanketa atzeratzea nahita egiten dute, ez erretzeko. Alde horretatik, ez dut gaizki ikusi urte berean egitea. Alde txarra aurrekontuena da. Udalek eta Sakanako Mankomunitateak urte berean bi gastu eginbeharra dute, Korrikakoa eta Euskaraldikoa.
Euskaraldian pertsonei ariketa zintzo bat eskatzen diezulako, konpromiso bat hartu behar dute. Korrikan ez dute inolako konpromisorik hartu behar.
Korrika zertarako den eta Euskaraldia zertarako den, ezberdintasuna argi dago?
I. Helburuak desberdinak dira.
A. Euskaraldian pertsonei ariketa zintzo bat eskatzen diezulako, konpromiso bat hartu behar dute. Korrikan ez dute inolako konpromisorik hartu behar. Korrika euskararen aldeko festa bat da. Korrikan errazagoa da parte hartzea. Horretan Euskaraldia gauza serioagoa da.
I. Denboran mugatua da, baina hizkuntza ohituretan eragitea eskatzen ari zara.
A. Esfortzu hori egin behar duzu.
I. Aldi berean, aurreneko edizioetan izen emate eta txapa asko. Baina ariketa, egin zen? Orain, berriz, kezka dugu: txapa gutxiago, izen ematea ez aurrera ez atzera. Garrantzitsua ariketa egitea da.
A. Hurrengo Euskaraldian hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa izan behar da garrantzitsuena.
Hiru edizio, ariketa ezaguna da dagoeneko?
I. Bai. Herrian informazio mahaia jartzean nabari da egindako ibilbidea. Lehenengo urtean lan handia egin behar izan zen rolak gizarteratzen. Maila handi batean lan hori egina dago. Nahiz eta hobeki bereizteko lan egin behar den, rolak ezagutzarekin ez lotzeko, baizik eta hartutako konpromisoarekin. Ariguneena 2020an izan zen berritasuna. Gauza batzuk findu behar dira.
A. Ariketa hori ezaguna delako, jende askok ondoren ez du berriro izenik izan, haiendako oso gogorra izan zelako. Inguruan ikusi dut hori. Izugarrizko ahalegina izan zen, gehienbat ezagutza ez duenarendako. Belarriprest izan ziren askorendako oso zaila izan zen, oso deseroso sentitu ziren momentu batzuetan. Horregatik, behar bada, izena ematen dute, baina txapa ezkutatu.
Ariketa egun horietan indarra jartzea da erronka. Bidean lan asko egin behar da, izen emateak garrantzitsuak dira, baina garrantzitsua ariketa da.
Hurrengo Euskaraldirako zein helburu edo erronka jarriko diozue Sakanako Euskaraldiari?
I. Ariketa egun horietan indarra jartzea da erronka. Bidean lan asko egin behar da, izen emateak garrantzitsuak dira, baina garrantzitsua ariketa da. Batzordeak ezin gara indarrik gabe iritsi ariketa egunetara. Bakoitza bere kabuz, libre, aritzea utzi genuen. Ariketa egunetan ezer egin gabe gelditzeak halako sentsazioa sortu zigun. Gero ikusi dugu batzuek bai, baina beste batzuek ez dutela ariketa serio hartu. Jende hori aktibatzeko zerbait egin behar da, eta ez dakigu zer. Ideiak eskertzen dira.
A. Freskotasun pixka bat faltatu izan zaio. Zaila da gauza horietan asmatzea, baina herritarrak Euskaraldiarekin berriz bat egiteko lehen edizioko ilusioa piztuko duen berritasunen bat edo zerbait behar da.
Pandemia eta geroko lehen ariketa. Nola hartu zuen jendeak?
A. Hasieran herrietako Euskaraldia batzordeak elkartu genituen eta jendea gogotsu ikusten genuen. Lanerako gogoz zegoen. Gu ere berdin. Gero bidea luzea izan da eta indarra galtzen joan gara.
Indar galera: batzordeek, jendeak, denek?
I. 2022an Korrika ere egin zen. Herri askotan Korrikaren antolakuntzan aritutakoak, udaberria pasata Euskaraldia herrian dinamizatzera pasa ziren. Nahikoa erraza izaten da ordezkari horiek opatzea herrietan, bere xumetasunean eta txikitasunean. Sakanako gero eta herri gehiagotan daude. 2018an herri batzuk batzorderik edo ordezkaririk gabe gelditu ziren. 2020an Sakanako ia herri denetan lortu genuen eta 2022an falta ziren gutxi horiek ere sartu dira. Alde horretatik, pozik. Baina, batetik, batzordeetan nekea sumatu dugu. Eta hori beste batzuetan baino beranduago hasi garela. Eta, bestetik, herritarren artean ilusio falta antzeman dugu gehiago. Lehenengo Euskaraldia hark ekarri zuen berritasun hura dagoeneko ez da hala. Eta horrek berak batzordeak kutsatu ditu.
A. Batzordeak ilusio handiarekin etorri ziren eta erantzun falta horrek haien ilusioa jaitsi arazi zuen.
I. Batzordeetako ordezkariekin izaten dugu harremana gehienbat. Batzorde deitzen diegu, baina talde txikiak dira. Denetarik dago. Batzuetan herriko Euskara Batzordeak hartzen du ardura hori. Besteetan zinegotziak. Edo eta euskalgintzako beste gai batzuetan aritzen diren berberak, gainera.
A. Herri askotan leku askotan dagoen jendea da, oso konprometituta daudenak. Euskaraldia Batzordean egoteaz aparte, euskara taldean... Batzuek onartzen dute: “erdi bakarrik nago”.
Batetik, batzordeetan nekea sumatu dugu. Eta, bestetik, herritarren artean ilusio falta antzeman dugu gehiago. Eta horrek berak batzordeak kutsatu ditu.
Euskaltzale berririk gerturatu da?
I. Herrian bertan izena emateko baldintza da herrian batzorde bat egotea. Irañetan izena emateko aukera izan da. 2020an ere bai. Pertsona bat izan dugu hor laguntzen. 2022ko berritasuna Unanu izan da, indartsu egon dena. Lehen aldia den horietan herriak ilusioz hartzen du. Ez da berdina zure herrian izena ematea, zure herrian Euskaraldia sustatzeko jardunaldiren bat antolatzea, edo ondoko herrian izena eman behar izatea. Beste ilusio batekin hartzen dute.
Osasuntsu daude batzordeak?
A. Denetarik dago. Batzuk nahiko bakarrik sentitu dira eta Sakanako Mankomunitateak eta beste batzordeek babes pixka bat eman diete. Leku askotan ari den jendea da. Horregatik, ezin diegu gehiegi eskatu, ez ditugu erre nahi. Gauzak poliki-poliki, arin egiten saiatzen gara, hainbeste bilerarik gabe. Gutxi dira baina gauza puntualetarako laguntza eskatu eta badute. Badaude batzorde osasuntsuak ere, jende dezente dagoena. Beharbada hirutan elkartu eta horrekin nahikoa izan zuten batzordeak badaude. Horregatik, gainean egon naiz, laguntza ematen saiatzeko.
I. Sakanako batzordeak elkartzeak laguntzen du. Gehien bat indar gutxien dutenei. Batzuetan pertsona bakarra da. Horiek eskertu egiten dute. Sakanarako gutxieneko egutegi bat adosten saiatzen gara elkarri ideiak eman... Hori eskertzen dute.
Komunikazio kanalak sortzen dira. Euskararen inguruko edozer gauza antolatzen denean zabaltzen laguntzen dizun sare bat duzu.
Euskaraldiaren helburuetako bat ariketatik aparte, euskaltzaleak artikulatzea zen. Sakanan lortu da?
A. Batzuk jarraitzeko asmoa adierazi dute. Gero... Baina Whatsapp taldeak segitzeak laguntzen du. Nahiz eta ez ikusi, bilerarik ez egin, taldea osatuta dago eta zerbait puntuala dagoenean berriz elkartzen dira. Batek bidaltzen badu, besteak prest daude laguntzeko. “Euskararen Eguna da eta zergatik ez dugu hau egiten?” Beste batzuk taldea uzten dute. Halako taldeak herri askotan mantentzen dira. Beharbada ez dute lanik eginen hurrengo Euskaraldia edo Korrika arte.
I. Komunikazio kanalak sortzen dira. Euskararen inguruko edozer gauza antolatzen denean zabaltzen laguntzen dizun sare bat duzu.
A. Sakanako taldea ere hor dago. Hara euskarari buruzko gauza asko bidaltzen ditugu. Eta herrietan berdin gertatzen da.
I. Baina batzordeak indartzea, ez. Lakuntzan lortu da. Aurreko edizioaren ondoren euskara talde egonkor bat egiteko eta martxan jartzeko saiakera egin zuten. Badabiltza horretan. Aldi berean, nekearen arriskua ere ikusi diogu. Gehienbat ariguneen lanketagatik, nekagarria suertatzen da.
A. Jende hori zaindu egin behar da. Ez zaie gehiegi eskatu behar. Euskaraldia bukatu da, lasai hartu. Etorriko dira beste batzuk.