Ez kontzentraziorik, ez pediatrarik

Guaixe 2023ko ots. 13a, 08:57

Osasun publikoaren aldeko kontzentrazioa osasun etxean.

Osasun etxearen parean elkarretaratzeak egiteari utziko diote asteazkenetan. Baina pediatra faltak kezka sortzen du plataforman eta herritarrengan.

Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak deituta Altsasuko osasun etxearen parean kontzentrazioak egin dira azken sei asteazkenetan. Guztietan jendetza bildu da. Baina bilkurak egiteari utziko diote Burunda mendebaldeko osasun eskualdeko sendagile falta, neurri batean, konpondu baita. Asteazkenean bost mediku egon ziren eta ostegun eta ostiralean sei egotekoak ziren. “Larriena, konpondu da. Medikurik ez zegoela esaten zuten, eta handik edo hemendik ekarri dituzte”. 

Hala ere, plataformako kideak osasun eskualdeko profesionalen kopuruari eta egonkortasunari adi jarraituko dute. Momentu honetan pediatra faltak kezkatuta ditu. “Asteak dira ez dugula pediatrarik eta gurasoak Iruñera joan behar izaten dute haurrekin. Gainera, haur eta gaztetxoei aldian behin egin behar zaizkien azterketak ere ez dira egiten ari”. Horregatik, ume eta gaztetxoen gurasoak bilera batean parte hartzera gonbidatu zituzten. Bilkura Kukuerreka elkartean egin zen ostiralean. Han Altsasuko osasun eremuari lanaldi osoko eta lanaldi erdiko pediatra bana zer lanketa egin daitekeen aztertu zuten. Gogorarazi zuten Etxarri Aranazko osasun eskualdean pediatrarik gabe 27 egun daramatzatela. Bestetik, osasun publikoa eta kalitatezkoa aldarrikatzeko Irurtzunen elkarretaratzea egin zen astearte eguerdian, azokan.

 
 
Arartekoa 
Burunda mendebaldeko osasun eskualdeak zuen mediku faltaren berri emateko hainbat herritarrek Nafarroako Arartekoarengana jo zuten abenduaren erdialdean. Haietako bat Arturo Carreño Parras izan zen, Patxi Vera Donazarren erantzuna asteartean jaso zuena eta bilkuran irakurri zuena. Arartekoak Osasun Departamentuari gomendatu dio Altsasuko oinarrizko osasun eremuan osasun arreta bermatzeko hartu beharreko neurrietan sakontzeko, eremuak beharrezkoa den mediku kopurua izan dezan. 

Osasun Departamentuak orain arte sendagile gabezia konpontzeko eman dituen pausoen berri eman zion Arartekoari eta hark erantzunean jaso ditu, besteak beste: Lan Eskaintza Publikoaren ondorioz, plaza batzuk hutsik gelditu zirela, mediku bat aurki lanean hasiko dela, osasun eskualdera lanera etortzen diren medikuei diru osagarriak ordaintzen zaizkiela (etxetik Altsasura arteko desplazamendua, azken 6 hilabetetan Nafarroan hori kobratu duten bakarrak), kontratu luzeak eskaini, lana eta familia bizitza kontziliaziorako erraztasunak eman direla eta abar. Baina ezezko asko jaso dituztela jakinarazi dute departamentutik. Azaldu dutenez, “profesional faltagatik libre dauden lanpostuak asko dira eta langileek erabakitzen dute non lan egin nahi duten. Eta lanpostu horiek lehentasunez eskaini arren, ez dugu plantilla osatzea lortu”. 

Burunda mendebaldeko osasun eremuak ez du zuzendaritzarik. “Postu horiek borondatezkoak dira. Eremuko profesionalei eskaini ondoren, postua hutsik gelditu zen. Beste eremuetakoei ere eskaini zitzaien, baina ez zuten onartu. Horregatik, gaur egun zuzendaritzaren ardura Nafarroa Iparraldeko Lehen Arretako eta Jarraipeneko Zuzendariordetzarena da. Zuzendaritza taldean daude eremuko Erizaintza eta Administrazio Buruzagitza duten erizain eta administrariak”.