Mank-ek materia organikoa banatzearen garrantziaz informazioa emanen du

Guaixe 2023ko ots. 16a, 09:00

Emakumezkoa edukiontzi marroi baten ondotik pasatzen. ARTXIBOA

Azokarekin batera, asteazkenetan, informazio postua jarriko du etxeetan materia organikoa behar bezala nola bereizi azaldu eta horretarako beharrezko materiala banatzeko.

Etxeetan sortzen diren hondakinen %40 inguru materia organikoa da. Altsasuarrek hura egoki kudeatzeko hiru aukera dituzte: etxean konpostagailua jartzea, herrian dauden bi auzokonpostagailuetako bat erabiltzea edo bosgarren edukiontzia erabiltzea, edukiontzi txiki marroia. Hondakinen kudeaketari buruzko legediaren arabera 2020rako materia organikoaren %50 bereizita jaso behar zen. Eta 2027rako %70 jaso beharko da bereizita. Altsasun %24 besterik ez da jasotzen, beraz, legedia betetzetik urruti dago. 

Hori dela eta, Sakanako Mankomunitateak materia organikoaren kudeaketa egokia egiteko informazio postua jarriko du asteazkenetan, azoka egunean, Altsasun. Han Hondakin Zerbitzuko hezitzaile bat egonen da eta herrian materia organikoa kudeatzeko dauden aukerak azalduko ditu. Harengana joaten diren altsasuarrek informazioa jasotzeaz aparte izena emateko aukera izanen dute. Bosgarren edukiontzia erabiltzeko izena ematen dutenek, hura zabaltzeko giltza, materia organikoa etxean jasotzeko poltsa konpostagarriak eta 10 litroko aireztatutako pertz bat jasoko du. 


Materia organikorako edukiontzi marroia beste batzuen ondoan.

Datuak 
Gaur egun Altsasuko 201 etxetakoek auto konposta egiten dute, beste 51 etxebizitzetakoek auzokonpostagailuak erabiltzen dituzte eta, azkenik, 794 etxebizitzetakoek bosgarren edukiontzia erabiltzen dute. Materia organikoa egoki kudeatzen duten etxebizitza horiek guztiak Altsasukoen %27,29 dira. 2018ko hasieratik Altsasun barna 140 edukiontzi marroi daude banatuta. Baina altsasuarrek ez dute haiek erabiltzeko pauso handirik eman. Bitartean, Hondakin Zerbitzuak, zituen baliabideak kontutan izanik, Altsasuko materia organikoko hondakin sortzaile handiengana jo zuen, horrela legeak eskatzen zuen bereizketa kopuruetara hurbiltzeko. Horregatik, hezitzaileak informazioa eta materiala banatu dute ostalaritzan, elkarteetan eta merkataritzan.

Harremanetarako
Etxeko materia organikoa banatu nahi, baina azokatik pasa ezin direnek bosgarren edukiontzia erabiltzeko izena eman dezakete 900 730 450 doako telefonora hots eginez edo info.hondakinak@sakana-mank.eus helbide elektronikora mezua bidaliz.