Makina berria konpost plantarako

Guaixe 2023ko ots. 15a, 08:44

Konposta makinatik pasa ondoren egituratzailea alde batetik, plastikoa bestetik (kamioian) eta, azkenik, metalak bereizten ditu. MANK

Konposta bahetu ondoren gelditzen dena berriro bahetzen du konposteko egituratzaileak, plastikoa eta metalak bereizten ditu. Sakanako Mankomunitateak prozesuarekin guztia balioztatzea eta zero zabor helburua ezartzea espero du.

Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen Utzubar EKO Guneko konpost plantan konposta egin ondoren, Hondakin Zerbitzuko langileek hura bahetu egiten dute. Eta prozesu horren ondorioz hiru material mota opatzen dituzte konpost plantako langileek. Batetik, materia organikoarekin batera nahi gabe botatako koilaratxoak eta sardexkak. Bestetik, materia organikoa jasotzeko konpost poltsak eta plastikozkoak. Eta, azkenik, konposta egiteko erabili eta guztiz degradatu ez diren materia organikoko egituratzaile puskak (egur zatitxoak, azalak eta beste). 

Ibarreko erakundeak Hondakin Zerbitzuak konpost plantan erabiltzeko makina berria erosi du. Harengatik 166.676,29 euro ordaindu dizkio Bianna Recycling SMUri. Ilbeltzaren 16an ekarri zuten makina. Teknikariekin batera probak egiten aritu ziren eta emaitzak ikusita zenbait moldaketa egin zizkioten, “eraginkorragoa izateko”, argitu du Olatz Garde Mazkiaranek, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko teknikariak. Ibarreko erakundeko langileak joan den astean makinaren erabileran trebatu zituen enpresa egileko teknikariak. Jakintza jaso ondoren makina aste honetan jarri dute martxan. 

Makina Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko Ministerioak (MITERD) finantziatu du %90-ean, Next Generation funtsekin sortutako Enpresa publikoetan hondakinak kudeatzeko dirulaguntzaren bitartez. 

Lan moldea 
Mank-ek ibarrean jasotako materia organikoa konpost plantara ontzera eramaten du. Konposta egina dagoenean, hura bahetu egiten dute, zati handiak eta bestelako hondakinak kendu eta konposta etxean, baratze edo sorotan erabiltzeko moduan uzteko. Orain makina berriarekin konposta bigarren aldiz bahetuko dute Hondakin Zerbitzuko langileek, eta, horretarako, erositako makina berria erabiliko dute. 

Aurretik bahetutako konposta makina berrian sartu eta bahetuta aterako da. Konpost garbia aterako da eta, aldi berean, beste hiru hondakin ere bereiziko ditu. Batetik, “konposta egiteko erabilitako eta degradatu ez den egituratzailea. Garbia ateratzen denez, berriro konposta egiteko erabiliko dugu”, azaldu du Gardek. Bestetik, aire xurgatzaile handi baten bidez poltsa zatiak jasotzen ditu makina berriak. “Horiek birziklatzera bidaliko ditugu”. Eta, azkenik, makinak banda magnetikoa du eta, haren bidez, “konpostarekin batera nahastuta dauden metalezko objektuak jasoko ditugu. Normalean, materia organikoa botatzerakoan konturatu gabe botatako koilaratxoak izaten dira. Horiek guztiak txatarra gisa kudeatuko ditugu”, argitu du Gardek. 
 
Makina berria lanean ikusi dute dagoeneko Hondakin Zerbitzuko teknikari eta langileek. Gardek azaldu duenez, “eraginkortasuna handitzearekin batera, prozesu guztian errefusa gutxi ateratzen da, eta den-dena balioztatzen bukatuko dugu. Zero zabor helburura betetzen lagunduko du makina berriak”. Martxan jarri zenetik konpost meta handiak pilatuta dituzte konpost plantan. Hura guztia berriro bahetzea izanen da Hondakin Zerbitzuko langileen egitekoetako bat orain. 

Konposta eramateko aukera 
Besteak beste, etxeko lore, lorategia edo baratzetan erabili daiteke Sakanako Mankomunitatean egindako konposta. Hala egin nahi dutenek Arbizuko Utzubar EKO guneko bulegoetatik pasa behar da lehenik, astegunetan 08:00etatik 15:00etara. Teknikarien argibideak jaso ondoren nahi beste konpost eramateko aukera izanen dute. Horretarako, norberak zakuak edo gurdiak eramatea eskatzen dute ibarreko erakundetik.