Pilota

Azkeneko balak Altsasun

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 9a, 13:58

Binakako Pilota Txapelketan hil ala biziko partida jokatuko da otsailaren 12an Burunda pilotalekuan. Ezkurdiak eta Martijak Jaka eta Aranguren izango dituzte arerio, eta galtzaileek oso zaila izango dute txapelketan aurrera egitea

Igandean, hilak 12, Altsasuko Burundan 17:00etan hasiko den jaialdian jokatuko den partida nagusia guztiz erabakigarria izango da, sailkapeneko azken bi bikoen norabidea guztiz baldintzatuko duena. Ezkurdiak eta Martijak Jaka eta Aranguren izango dituzte aurkari hil ala biziko partidan, galtzen duenari txapelketa oso malkartsu jarriko baitzaio. Altsasun emozioa ez da faltako. Sarrerak salgai daude online (proticketing.com). Edo otsailaren 12an 16:00etatik aurrera, Burundako txarteldegian. 

Asteartean igandeko partidarako material aukeraketa egin zen. Martin Alustizak aurkeztutako pilotak aukeratzeko Ezkurdiak eta Martijak Jon Apezetxea Aspeko intendentearen laguntza izan zuten. Aldiz, Jakak eta Arangurenek Baikoko Jose Angel Balanza "Gorostiza" intendente errioxarra izan zuten alboan. Azkar aukeratu zuten materiala, ez zen inolako arazorik egon, eta lau pilotariak ados egon ziren Altsasukoa "final bat, eta partida gogorra" izango dela esatean eta areriorekiko errespeturik handiena erakusterakoan. Material aukeraketara zenbait pilotazale hurbildu ziren. Tartean zegoen Pablo Lopez de Goikoetxea altsasuarra, Altsasu Kirol Elkartean eta Nafarroako Pilota Federazioan makina bat lan egin izan dituena. "Eskerrak aukeraketarako berogailua piztu duten. Materiala partida jokatuko den antzeko tenperaturan aukeratu beharra dago. Pilotetan asko nabaritzen da". Beraz, guztia prest dago Altsasuko partida handirako. 

Promozioko Binakakoan otsailaren 12ko Altsasuko jaialdia zabaltzen duen partidan Promozioan Larrazabal-Eskiroz Zabala-Gaskueren kontra lehiatuko dira. Zabalak eta Gaskuek, irabaziz gero, fabore ederra egingo liekete Bakaikoa-Morgaetxebarriari.

Bestalde, Joanes Bakaikoa etxarriarra eta Aimar Morgaetxebarria amorebietarra txapelketa ona ari dira egiten. 11 jardunaldi jokatuta, sailkapenean hirugarrenak dira (7 puntu), Salaberria-O.Etxebarria (10 puntu) eta Larrazabal-Eskirozen (8 puntu) atzetik. Bigarren postua lortzeko borrokan, gaur, ostirala, Exposito eta Bikuña izango dituzte aurkari Tafallan.