Mendi lasterketak

Marina Zabala eta Maite Beregaña Larrateko podiumean

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 13a, 12:00
Marina Zabala, lasterketan. UNAIPHOTOGRAPHY

Lakuntzarra bigarren izan zen 21 km-ko proban eta uhartearra hirugarren 11 km-koan

Otsailaren 5ean Larrate Trail jokatu zen Zarrakaztelun, Nafarroako Atletismo Federazioak antolatutako Navartrail Kopako lehena. Bi distantziatan jokatu zen, 21 km eta 11 km, eta guztira 300 korrikalari inguru lehiatu ziren. 

Proba luzean Alberto Lasobras (1:30:15) gailendu zen. Sakandarrak ongi ibili ziren. Aimar Araña 33. sartu zen (2:00:25) eta Tomas Calzado 71. (2:34:16). Maria Ordoñezek sekulako erakustaldia eman zuen, sailkapen absolutuan seigarren sailkatuz eta emakumezkoetan gailenduz (1:46:34). Marina Zabala lakuntzarra bigarren sailkatu zen (2:05:21, absolutuan 39.) eta Ainara Galarza urdiaindarra laugarren (2:10:59, absolutuan 48.).

Proba laburra jendetsuena izan zen. Miguel Angel Hernandez iritsi zen lehena helmugara (50:14). Ioseba Iza arbizuarra Top-20an sailkatu zen, hamabigarren izan baitzen (55:29). Bestalde, Ismael Lopez de Goikoetxea 43. sartu zen (1:01:15), Urko Rekalde 59. (1:04:08) eta Ioni Araña 95. (1:09:03). Emakumezkoetan Sensi Bergüésen eta Ainhoa Iraizozen lehia estuan  lehena gailendu zen (58:21), 24 segundoko aldearekin. Hirugarren Maite Beregaña uharte arakildarra izan zen (59:43), eta 16. postuan Miren Rabaz sailkatu zen (1:13:48, absolutuan 120.). 

Marina Zabala, kontentu
Marina Zabala pozik dago Larrate Traileko proba luzeko bigarren postuarekin. "Lasterketa polita da. Ez du desnibel askorik, eta, beraz, asko korri egitekoa da. Hotz handiagoa espero nuen eta termikoa jantzi nuen, baina lasterketa erdian kendu behar izan nuen. Haizeak ere ez zuen gehiegi jotzen. Beraz, gustura ibili nintzen. Bigarrena sailkatzea zorte handia da, kontentu nago". Ez daki Navartrail Kopako bederatzi probatan ariko ote den. "Beste lasterketa batzuetan ere du izena emana, Goierri Garaia bere taldeak Zumarragan antolatzen duen UZ Trailean eta Jurramendin. "Azken hau luzeagoa da, ea zer moduz moldatzen naizen. Izan ere, helburu ezberdinak jarri nahi ditut. Eta hortik aurrera, sentsazioen eta gogoen arabera joango naiz lasterketak aukeratzen".