Txirrindulariak

Txirrindulari afizionatuak ere martxan dira

Guaixe 2023ko ots. 16a, 12:10

Eskuinetik hasita laugarren, Iker Mintegi, Essor Basquen. MARTIN EARLY

Otsailaren lehen bi asteburutan Iparraldean jokatutako Essor Basque lasterketak eman dio hasiera amateurren denboraldiari. Hamar afizionatu sakandar ditugu, tartean Aralar eta Burunda klubetatik igo diren hiru berri. Joan zen urtekoetatik bik utzi dute

Txirrindulari afizionatuen tropelak ekin dio 2023 denboraldiari. Otsaileko lehen bi asteburuetan Essor Basque Txapelketako etapak jokatu ziren Iparraldean. Zenbait sakandar ibili dira bertan, Iker Mintegi, Martxel Etxeberria eta Mikel Uncilla tartean. 

Gure errepideei dagokienez, afizionatuen lehendabiziko lasterketa otsailaren 25ean jokatutako da, Euskaldun Txapelketarako baliagarria den Zumaia Saria. Bestalde, Nafarroan jokatuko den lehen proba martxoaren 19an Lizarran erabakiko den Cirilo Zunzarren Memoriala izango da.

Gorabeherak
Aurten amateurren mailan hamar txirrindulari sakandar lehiatuko dira errepidean, joan zen urtean baino txirrindulari bat gehiago. Beraz, gora egin dute afizionatuek. Horietatik hiru Rural Kutxa-Alea talde sakandarrean daude. Jon Erdozia etxarriarrak eta Martxel Etxeberria iturmendiarrak joan zen urtetik jarraitzen dute bertan, baina biei Sakana Group Aralar taldeko jubeniletatik igo den Mikel Uncilla etxarriarra batu zaie. Joan zen urtean taldekide zen Mikel Olaetxea unanuarrak, bere garaian Sakana Group Aralarren trebatu zenak, txirrindularitza utzi egin du. 

Laboral Kutxa taldean ez dago aldaketarik eta bertan jarraitzen dute Ailetz Lasa ziordiarrak eta Iker Mintegi altsasuarrak, joan zen denboraldiko sentsazio onak berreskuratzen eta progresioa bilatzen. Construcciones Qoda-Ciclismo Riojano taldeak ere bi sakandar ditu 2023 denboraldian: aurretik bertan aritzen zen Andoni Ocaña urdiaindarra, eta Quesos Albeniz-Burunda taldetik igo den Ander Villalobos altsasuarra. Bestalde, Jon Gil lakuntzarrak Gomur Cantabria Infinita taldean jarraituko du denboraldi honetan eta Aitor Ondarra lakuntzarrak ere Latorre Ederlan taldean ekin dio denboraldi berriari. 

Afizionatuen mailara salto egin duen hirugarren txirrindulari sakandarra Aimar Tadeo lakuntzarra da. Sakana Group Aralar taldeko jubeniletatik Lizarte taldearen tokia hartu duen Finisher taldera egin du salto Tadeok, maila berriari tamaina hartzeko gogotsu. 

Tropel sakandarrak duen beste hutsunea Iker Cerviñorena da. Bere garaian Sakana Group Aralarren trebatu zen txirrindulari irurtzundarrak Telcom taldean egin zuen bere afizionatuen mailako ibilbidea, baina txirrindularitza utzi du.