Pilota

Altsasuk amesten jarraitzeko aukera eman die

Guaixe 2023ko ots. 13a, 10:40
Ezkurdia eta Martija, partidaren une batean, atsedena hartzen.

Ezkurdiak eta Martijak Binakako laugarren puntua lortu zuten Burunda pilotalekuan, Jaka eta Aranguren guztiz mendean hartuta. Euren izaera berreskuratuta, geratzen diren bi jardunaldietarako oso itxaropentsu daude sakandarrak. Elordi eta Zabaletak, bestalde, agintzen jarraitzen dute


Data ez zela ona, Santa Ageda kintaden biharamunean inor gutxi joango zela frontoira... txutxumutxu horiek bolo-bolo zebiltzan pilotazaleen artean. Bezperan oraindik ere sarrera asko geratzen ziren saltzeko, baina igandean frontoira joateko gogoa piztu zitzaien pilotazaleei eta sekulako giroa egon zen Burunda pilotalekuan. Goialdea ia beteta, kantxak ere sarrera ikusgarria izan zuen. Ezkurdia-Martijaren eta Jaka-Arangurenen arteko partidan asko baitzegoen jokoan: txapelketan aurrera egitea, hain zuzen ere. 

Ikusmina handia zen, bai partidan eta baita harmailetan ere. Izan ere, pilotari profesional ohi ezagunak hurbildu ziren partida ikustera, Altsasuko elkarte batean egindako bazkaria tarteko, eta bertan zeuden Mikel Goñi, Oscar Lasa eta pilotaren munduko beste ezagun batzuk. Aimar Olaizola ere Burundara hurbildu zen, Promozioko Binakakoan lehiatzen ari den Joanes Bakaikoa pilotaria eta beste hainbat ezagun. Apustuak kudeatzen zazpi korridore. “Hori Altsasu batendako asko da” zioten pilotazaleek harrituta. Zenbat lan izango zuten, hori beste kontu bat da. 

Apustuak gorri atera ziren. Hala ere, hasiera oso orekatua eskaini zuten lau pilotariek. Bana, hiruna eta bosna berdindu zuten, eta alternantzia egon zen markagailuan. Aitor Arangurenek sekulako pilotakadak jo zituen eta Jakak ere gantxo ikusgarriarekin bosna berdindu zuen. Baina hortik aurrera Ezkurdia eta Martija gailendu ziren nabarmen. Kolore gorria hartu zuen partidak. Bi aurrelariak txanponaren bi aldeak izan ziren. Ezkurdia erasokor ibili zen, partidaren erritmoa ezarri zuen eta bolea ikusgarriak egin zituen. Aldiz, Erik Jaka ezinean ibili zen, deseroso. Aitortu zuenez, hasieratik sentsazio txarrak izan zituen, eta gorputzaldi onik gabe, ez zen batere fin ibili. Aitor Arangurenek ongi jokatu zuen eta pilota oso gaiztoak itzuli zituen, pilotazaleek txaloz eskertu zizkiotenak, baina berak bakarrik ezin zion partidari buelta eman. Eta Martijak behetik gora egin zuen. Azkenean, 22 eta 6, txapelketako partidarik onena egin zuen biko sakandarrak eta garaipen handia lortu zuen, 4 punturekin Binakakoan aurrera egitea ahalbidetzen diena. 

Elordi eta Zabaleta, erregeak
Elordik eta Zabaletak euren agintaldiarekin jarraitzen dute eta larunbatean, Markina-Xemeinen, 11 eta 22 irabazi zieten Lasori eta Imaz ordezkatu zuen Eskirozi. Lasok eskua minduta bukatu zuen (badirudi ez dela larria) eta Elordik eta Zabaletak euren hamaikagarren puntua lortu zuten. Altuna III.a eta Tolosa bigarren dira (9 puntu). Aipatu bi bikoek finalerdietarako txartela lortu dute jada. 
Gainontzekoei dagokienez, Urrutikoetxea-Albisuk eta Laso-Imazek seina puntu dituzte, P. Etxeberria-Rezustak eta Peña II.a-Mariezkurrenak bosna puntu, Ezkurdia-Martijak 4 puntu eta Jaka-Arangurenek 2 puntu. Azken hauek finalerdietako play-offetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira.

Zergatik ez?
Beraz, Ezkurdia eta Martija oraindik bizirik daude Binakakoan. Lau punturekin eta bi jardunaldiren faltan, oraindik zaila dute finalerdietarako play-offetarako sailkatzea, baina ez da ezinezkoa. Itxaropen handia dute eta konfiantza berreskuratu dute. Euren hurrengo arerioak 5 puntu dituzten Peña II.a eta Mariezkurrena dira, arerio zuzenak. Otsailaren 21ean Tolosan jokatuko duten partida, beraz, beste final bat da. Altsasun euren azken balari eustea lortu zuen biko sakandarrak, eta Tolosan hala egitea espero dute. “Zergatik ez?” zioen Ezkurdiak. Eta egia da. Zergatik ez? Une honetan oso arriskutsuak dira, oso kontuan hartzekoak.