Literaturarekin gozatzeko geraldiak

Guaixe 2023ko ots. 13a, 13:37
Miren Agur Meaberen hitzaldia izanen da. ARTXIBOA

Euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzeko, euskarazko kultur kontsumoa eta liburugintza indartzeko, liburutegi publikoen erabilera bultzatzeko eta esperientzia literarioak elkarbanatzeko helburuarekin, Literatura Geraldiak antolatu dituzte.

Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak, Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Literatura Geraldiak egitasmoaren bigarren edizioa antolatu dute. Izenak dioen bezala, zenbait egilek hamabi geraldi eginen dituzte Nafar Iparraldeko herrietan, tartean Arbizun, Iturmendin eta Ziordian; 2023ko udaberrian eta udazkenean literatur solasaldiak, lantegiak eta hitzaldiak izanen dira.

Euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoa indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioak konpartitzea dira Literatura Geraldiak programaren helbur u na gusiak. Proiektuaren lehenengo zatia udaberrian izanen da, eta martxoaren 6an, astelehena, hasiko da Arbizun eta maiatzaren 3an, asteazkena, amaituko da Etxalekun. Udazkenean bigarren zatia izanen da geraldi gehiagorekin.

Geraldiak
Hiru saio mota izanen dira: literatura solasaldiak, lantegiak eta hitzaldiak. Hala, martxoaren 14an, 18:00etan, Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori liburuaren solasaldia izanen da Iturmendiko udaletxean. Nerea Ibarzabal idazlearen Bar Gloria liburuaren solasaldia hirutan izanen da: apirilaren 20an, 18:30ean, Lekunberrin; apirilaren 27an, 17:00etan, Arantzan, eta maiatzaren 3an, 19:00etan, Etxalekun.

Hitzaldiei dagokienez bi izanen dira Sakanan: Iratxe Retolazaren Irakurbide feministak euskal literaturan martxoaren 6an, 18:00etan, Arbizuko liburutegian, eta Miren Agur Meaberen Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena apirilaren 26an, 19:00etan, Ziordiko liburutegian. Retolazaren hitzaldia ere Elizondon izanen da apirilaren 19an, 18:00etan. Bestetik, Eider Rodriguezek Idazleen gorputzak hitzaldia emanen du apirilaren 26an, 18:00etan, Elizondon.

Joseba Sarrionandiak ere geraldia eginen du Beran apirilaren 21ean, 18:00etan, eta Larraintzarren apirilaren 28an, 18:00etan, Egoerak eta liburuak hitzaldia emanen du.

Programaren barruan bi literatura lantegi egonen dira: Mikel Ayerberen Nola iruzkindu liburu bat? apirilaren 1ean, 10:00etan, Lesakan, eta Yolanda Arrietaren Idazketa tailerra apirilaren 19an, 18:30ean, Leitzan.