Otsailaren 11n, larunbata, Murtziako Vuelta jokatu zen, egun bateko proba. Lasterketa korapilatsua izan zen, eta tartean Movistar Team taldeko Gorka Izagirrek erorikoa izan zuen. Hala ere, ziordiarrak ez zuen etsi eta Top-Tenean sailkatzea lortu zuen. Lasterketa esprintean erabaki zen eta Ben Turner (Ineos) izan zen txapelduna (4:22:10). Gorka Izagirre hamargarren sailkatu zen, denbora berean. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberriak ezin izan zuen proba bukatu.
Otsailaren 12an, igandea, Almeriako Klasikoa jokatu zen, Matteo Moschetti italiarrak irabazi zuena (4:43:13). Josu Etxeberria 129. postuan iritsi zen helmugara, 2:50era.
Izagirre, Arrieta eta Etxeberria Jaengo Klasikoan
Atzo, otsailak 13, astelehena, Jaengo Klasikoa jokatu zen, Ubedan hasi eta Baezan despeditutako lasterketa (178,9 km). 112 txirrindularik hartu zuten irteera. Tadej Pogacarrek (UAE Emirates) sekulako erakustaldia egin zuen denboraldiko bere lehen lasterketan eta erasoa jota bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (4:36:41), larunbatean Murtziako Vuelta irabazi zuen Ben Turnerri (Ineos) 4 minutu eta 37 segundo aterata. Ikusgarria. Gorka Izagirre Top-Tenean sartu zen, hamargarren iritsi baitzen, 4:38ra. Igor Arrieta (Kern Pharma) uharte arakildarra 36. sailkatu zen, 7:40ra, eta Josu Etxeberriak (Rural Kutxa-Seguros RGA) ezin izan zuen proba bukatu.