Futbola

Altsasuk eta Lagun Arteak puntu bana, eta Etxarrik bat ere ez

Guaixe 2023ko ots. 14a, 10:55
Altsasuk azken unean berdintzea lortu zuen.

Preferente mailako hogeigarren jardunaldiak bi puntu utzi ditu Sakanan

Altsasuk Beriain taldea hartu zuen Dantzalekun otsailaren 12an eta bi taldeek lehia bizia eskaini zuten. Partida hasi eta berehala Aitor Floresek Altsasu aurreratu zuen, eta partida altsasuarren alde jarri zen. Beriainek ez zuen etsi eta ordu laurdenera berdindu egin zuen. Bizi-bizi jarraitu zuen partidak atsedenaldia baino lehen Beriainek bigarrena sartu baino lehen. Baina berehala bina berdindu zuen Imanol Lobok, eta partida zerotik hasi zen. Bigarren zatia ere oso lehiatua izan zen. Bi taldeek aukerak zituzten, baina Beriainek atzera ere aurreratzea lortu zuen, penaltiz. Berdinketaren bila abiatu ziren altsasuarrak eta 90. minutuan, partida bukatzear zela, Imanol Lobok hirugarrena sartu zuen eta hiruna berdinduta, puntu bat bildu zuen Altsasuk. 

Etxarri Aranatzek, aldiz, ez zuen zortea lagun izan otsailaren 11n San Donato zelaian jokatutako partidan. Etxarriarrek Ilunberri hartu zuten, arerio zuzena, baina gauzak ez ziren ongi atera, partida hasi eta ordu erdira Ilunberri aurreratu baitzen. Etxarri partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Gainera, egoera gehiago korapilatzeko Ilunberrik bigarrena sartu zuen eta 0 eta 2 galduta eta punturik gabe despeditu zuen Etxarrik partida. 

Lakuntzako Lagun Artea taldeak, aldiz, salestarretan jokatu zuen Salesianos taldearen kontra. Bi taldeek parez pare jokatu zuten, baina 28. minutuan Yonatan Dávilak Lagun Artearen aldeko gola sartu eta airea hartu zuten lakuntzarrek. Partidak bere horretan jarraitzen zuen eta Lagun Arteak ongi eutsi zuen, eta partida garaipenarekin despeditu behar zela zirudienean Salesianosek berdintzea lortu zuen azken minutuan. Horrela, puntu bakarrari eutsi zioten lakuntzarrek.

Derbia ate joka
Preferente mailako sailkapenean Amigo da liderra (46 puntu). Altsasu hamargarren postuan dago (27 puntu), Etxarri Aranatz hamazazpigarrenean (10 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarrenean, azkena (9 puntu). Ihote asteburua denez asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko. Otsailaren 24-26ko asteburuan 21. jardunaldia jokatuko da: Altsasuk hamalaugarren den Salesianos taldea hartuko du eta Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen arteko derbia jokatuko da Zelai Berrin, azken postuan bietako nor geratzen den erabakiko duena. 

Emakumezkoetan, jardunaldirik ez
Emakumezkoen Preferente Mailan asteburuan ez zen partidarik jokatu. Otsailaren 18tik 19ra jokatuko den hamabosgarren jardunaldian, Altsasuk Burladés hartuko du oraindik zehaztu gabe dagoen data eta ordutegian. Sailkapenean Altsasu zazpigarren da eta Burladés laugarren.

Erregional mailan Altsasuk otsailaren 15ean jokatuko du
Erregional mailan hemezortzigarren jardunaldia jokatu berri da, baina Altsasuk eta Rotxapea taldeek partida atzeratzea adostu zuten eta otsailaren 15ean, asteazkena, jokatuko dute, 19:30ean, El Iratin.