Txirrindularitza

Itzulia Sakanatik pasako da

Guaixe 2023ko ots. 16a, 09:38
2022ko Itzulia Sakanatik pasa zenean. CHARLY LOPEZ

Apirilaren 4an, Oskiako harratetik iritsiko da Errotzera

Otsailaren 15ean Euskal Herriko Itzuliaren 2023ko ibilbidea aurkeztu zuten, Eibarren. Itzulia apirilaren 3an hasiko da, Gasteizen, eta apirilaren 8an despedituko da, Eibarren bertan, Aste Santuko aste horretan. Datuak ez dira txantxetakoak: sei etapatan 992 kilometro egin beharko ditu tropelak, joan zen urtean baino 92 kilometro gehiago, eta 26 mendate puntuagarri igo. Guztira 18.000 metroko desnibel metatua izango du Itzuliak. Aurten ez da erlojupekorik egongo, eta horrek arreta piztu du. Bestalde, lehenengoz lasterketa ez da Arrateko santutegian bukatuko. Nolanahi ere, ez zaio gatzik eta piperrik faltako. “Lasterketa gogorra izango da, eta, beraz, txirrindulari on bat ikusiko dugu podiumean” azaldu zuen Roberto Laiseka Itzuliko zuzendari teknikoak. 

Bigarren etapa, apirilaren 4an jokatuko dena, Vianan hasi eta Leitzan despedituko da (193,8 km) eta Sakanatik pasako da. Etaparik luzeena izango da, ihesaldietarako aproposa. Etxauri eta Iberotik sartuko da Arakilera, Oskiako harratetik Errotzera, eta handik Irurtzuneraino egingo du, segidan 3. mailako Uitziko gainera heltzeko. Etapa Leitzan bukatuko da.  

Joan zen urtean ere Itzulia Sakanatik pasa zen. Leitzan hasi zen etapa eta Vianan bukatu, alderantzizko norabidean. Sakanara Zuarratetik sartu zen, eta Etxarri Aranatzeraino Sakanako herrietatik pasa zen. Sakandarrek harrera bikaina egin zioten lasterketari. Etxarri Aranazko bidegurutzea zalez lepo zegoen. Handik Lizarragara jo zuen eta Lizarragako Portuan zale askoz gehiago bildu ziren.