Hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketan hamaseigarren jardunaldiak txanponaren bi aldeak erakutsi zituen Sakanan. Batetik, Uharte Arakilgo Aralar Mendik garaipen ederra lortu zuen Orkoienen, Kirol Sport liderrari 1 eta 2 irabazita. Bi taldeek borroka amorratua izan zuten, Kirol Sportek lidergoa baitzuen jokoan, baina Jon Iribarrenek bederatzigarren minutuan Kirol Sportekoen atea zulatu zuen eta partidari buelta ezin eman ibili ziren Orkoiengoak. Azkenean, 26. minutuan bana berdindu zuten eta are gogorragoa bilakatu zen norgehiagoka. 39. minutuan, partida bukatzear zela, atzera ere Jon Iribarrenek gola sartu zuen, garaipenarena. Kirol Sportek lidergoa galdu zuen, etxean.
Bestalde, lidergoa lortzea jokoan zuen San Juan taldearen kontra jokatu zuen Ibararte Xotak eta Iruñeako taldeak Irurtzungoari ez zion aukera zipitzik eman, asko baitzuen jokoan. Partida hasi eta berehala aurreratu zen San Juan, baina Jon Argandoñak sartutako golari esker bana berdindu zuen Ibararte Xotak. Hortik aurrera partidak protagonista bakarra izan zuen, San Juan, beste lau gol sartuta azkenean 5 eta 1 irabazi zuena.
Horrela, San Juan da Hirugarren mailako lider berria (31 puntu), Gazte Berriak taldea puntu batera duela (30 puntu). Kirol Sport hirugarren da. Ibararte Xota zazpigarren da (20 puntu, eta Aralar Mendi zortzigarren (19 puntu), partida bat gutxiagorekin. Otsailaren 18an, 12:00etan Aralar Mendik Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartuko du Larrebieta pilotalekuan eta otsailaren 18an, 16:00etan, Garbayo Chivite Cintruenigo izango du aurkari Ibarartek, 16:00etan.
Emakumezkoetan Xotak atseden
Emakumezkoen Lehen Senior Mailan hamalaugarren jardunaldia jokatu zen, baina Xotak atseden jardunaldia zuen. Sailkapenean Lacturale Orvinak jarraitzen du lider sendo (34 puntu). Xota zortzigarren da (10 puntu). Xotak ihote asteburuan jokatu beharreko partida aurretik jokatu zuen, otsailaren 10ean hain zuzen ere, eta 0 eta 1 galdu zuen Talleres Recarte Murchanteren kontra. Hortaz, asteburua libre dute irurtzundarrek.