Galapagarrek Pista Txirrindularitza Liga Nazionaleko Madril jardunaldia hartu zuen otsailaren 10etik 12ra. Nafarroako pista selekzioko hautatzaile Sergio Aliagak aukeratutako taldean hiru sakandar zeuden: Siets Goikoetxea Garde urdiaindarra (Ecológicos Navarra Beratxa), Ane Berastegi Jaka arbizuarra (Ecológicos Navarra Beratxa) eta Ekaitz Jimenez olaztiarra (Quesos Albeniz-Burunda).
Nafarroako selekzioak lan bikaina egin zuen eta lau domina ekarri zituen. Emakumezkoen jubenilen mailan Raquel Erdoziainek zilarrezko domina lortu zuen, eta gizonezkoen jubeniletan Sandro Abadiak ere zilarrezkoa eskuratu zuen. Kadeteen mailan Siets Goikoetxeak zilarrezko domina kolkoratu zuen eta Ane Berastegik brontzezkoa, Valentziako Leyre Almenaren atzetik. Asteburuan Liga Nazionaleko hurrengo proba jokatuko da, Valentzian, eta Nafarroako selekzioa dagoeneko bertan dago.
Pista txirrindularitza gustuko duzula agerikoa da. Gainera, emaitza bikainak lortu dituzue Madrilen. Kadeteetan zilarrezko domina lortu duzu eta Ane Berastegi arbizuarrak brontzezkoa. Zorionak!
Eskerrik asko. Infantiletan hasi ginen pistan. Kadeteen lehen urtea Zaaf Cycling Team de Navarra taldean egin nuen, baina aurten talde berrian hasi naiz, Tafallako Ecológicos Navarra Beratxan. Pistan gehiago barneratzen jarraitu dugu eta aurten gure maila zein den ikusi da. Pozik gaude.
Zer moduz Beratxa talde berrian?
Oso gustura gabiltza. Nirekin batera Ane Berastegi arbizuarra eta Ane Beltran de Heredia altsasuarra daude taldean. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, June Etxeberria urdiaindarra eta Bakarne Arregi lakuntzarra Lacturale Ermitagaña taldean daude eta Leire Urtasunek aurten txirrindularitza utzi du.
Madrilen pistako zein probatan parte hartu zenuten?
Pista txirrindularitzak modalitate ezberdinak ditu, eta gu kadete mailan jokatu ziren modalitate guztietan lehiatu ginen: scratch, kanporaketa, 200 metroko proba eta puntuazioa.
Zein dira proba bakoitzaren berezitasunak?
Sratch lasterketa normal bat bezalakoa da. Buelta kopuru jakin bat egin behar da, eta helmugan lehena iristen denak irabazten du. Kanporaketa proban hainbat itzuli eman behar dira, eta tarteko esprint bakoitzean helmuga lerroa igarotzen azkena kanporatua izaten da. Hiru azkenek jokatzen dute txapelketa. 200 metroko proban banaka ateratzen gara. Hiru itzuli eman behar dira, bi goiko peraltetik, eta kanpaiak jotzen duenean azkeneko itzulia azpiko peraltetik egin behar da, ahal duzun azkarren. Lehendabiziko sei onenek puntuatzen dute eta lehenengo lauek beraien artean jokatzen dituzte postuak, lehia batzuk jokatuz. Puntuazioa azkeneko proba da, eta nire ustez gogorrena. Epaimahaiak erabakitako itzuli jakin batzuetan (bost itzulietan edo hamar itzulietan behin) lehenengo sei-zazpiek puntuatzen dute. Bueltak eman eta eman aritu beharra dago, eta kanpaiak jotzen duenean topera joan, puntuatzeko.
Lau proba hauetan egindakoa kontuan hartuta lortu zenuen zilarrezko domina?
Bai. Hobekien 200 metrotako proban ibili nintzen. Abiadura probatan hobeki moldatzen naiz.
Maila handia al zegoen?
Beldur pixka batekin joan nintzen. Maila handia zegoen, baina probak pasa ahala, ikusi nuen ongi aritzeko gai nintzela. Hortik aurrera, eta konfiantza alde, geroz eta postu hobeak lortzen hasi nintzen. Zegoen mailarekin baino, nik emandako mailarekin gelditu nintzen harrituta. Uste baino askoz ere hobeki aritu nintzen.
Liga Nazionaleko hurrengo proba Valentzian jokatuko da, asteburuan.
Bai, Valentziarako prestatzen ari gara, ea nola ateratzen den. Txapelketa bakoitzak bere sariak banatzen ditu, baina gero sailkapen orokorra edo rankinga dago, proba ezberdinetan banatzen diren puntuak kontuan hartuta egiten dena. Lauzpabost proba dira. Ilbeltzaren 28an Tafallan jokatu zena (Ane bosgarren izan zen eta ni zazpigarren), Galapagarrekoa, Valentziakoa eta besteren bat.
Ane Berastegik brontzezko domina lortu zuen. Nola ikusi zenuen?
Oso ongi. Guk argi dugu proba batean norbaitek laguntza behar duela, elkarri lagunduko diogula. Ez dugu inolako lehiakortasunik zentzu horretan.
Noiz bukatuko da pista denboraldia?
Apirilean, Aste Santu inguruan jokatuko diren Espainiako Pista Txapelketetan. Ordurako errepideko denboraldia hasita izango dugu, martxoaren 5ean Nojan lasterketa baitugu. Bi modalitateak elkartuko zaizkigu. Errepiderako ere gogotsu gaude.
Tafallakoa da taldea, baina oinarrizko entrenamenduak hemen egingo dituzue.
Bai. Normalean gure taldeko hirurak geratzen gara, baina batzuetan Junerekin eta Bakarnerekin ere atera izan gara. Tafallara astean behin edo bitan goaz, talde entrenamendua egitera.