Hiru urteren ondoren, Izabak Bandres Karolo Mendi Eski Memoriala hartu zuen otsailaren 11n eta 12am. Eguraldia eta elurraren baldintzak ezin hobeak zirela, larunbatean lineako mendi eski ibilbide zoragarria osatu zuten eskiatzaileek, eta igandean Ardibidepekua gailurrera kronoigoera. Jon Ander Aranburu eta Nahia Quincoces izan ziren txapeldun handiak. Mendi eskiatzaileen festa eder honen antolakuntzan irurtzundar talde batek hartzen du parte hasieratik, eta tartean dago Ipe Lizarraga Garziandia. Bandres Karolo Mendi Eski Memorialaren logistikaz arduratzen da.
Hastapenak
Bandres Karolo Memoriala Euskal Herrian antolatzen den mendi eski proba ezagunetakoa da. “Antxon Bandresen eta Carlos Imirizaldu “Karolo”-ren alde egiten den mendi eski lasterketa da, eta alde horretatik karga emozionala du. Gure proba berezia da, bitxia eta polita” dio Ipe Lizarraga Garziandia irurtzundarrak. Lizarraga hasieratik dago lasterketaren antolakuntzan. “Antxon Bandres tolosarra, Euskadiko Mendi Federazioko presidentea izandakoa, ez nuen ezagutu, baina Karolo laguna nuen. Bera izan zen memorial honen sorreran sartu gintuena. Antxonek eta Karolok Euskal Herrian mendiko eski probaren bat antolatzearen beharra ikusten zuten. 2011 urtean etxeko istripu batean zendu zen Antxon; Karolok egitasmoaren lekukoa hartu, eta berarekin batera hasi ginen eski lasterketa hau antolatzen, Antxon Bandres Memoriala izena hartu zuena. 2012an antolatu genuen lehenengoz. San Martin eski estazioaren eremuan kronoigoera bat egin genuen, eta horrela hasi ginen” oroitzen du Lizarragak.
Hurrengo urtean, 2013an, Karolo mendizale noaindarrak bizia galdu zuen Aitzondo harkaitzean, Uharte Arakilen izandako mendi istripuan. “Karolo ikastaro batean ezagutu genuen. Irurtzungo lagun kuadrilla bat mendi eskian hasi ginen. Aurretik pista eskian eta iraupen eskian ibiliak ginen, baina mendi eskiak erakartzen gintuen. Lagun baten anaiarekin hasi ginen, baina Nafarroako Mendi Federazioaren ikastaro bat egin genuen eta han ezagutu genuen Karolo. Harreman polita egin genuen eta sarritan joaten ginen elkarrekin mendira, bizikletan ibiltzera, eskiatzera... Bera zendu ondoren mendi eski proba antolatzen jarraitzea erabaki genuen eta ordutik aurrera Bandres Karolo Memoriala izena hartu zuen”.
Ipi Lizarraga: "Karolo laguna genuen. Berak sartu gintuen historia honetan"
Lagun Artean
Noain Mendi Klubak eta Tolosako Mendi Klubak antolatzen dute Memoriala. “Hasi ginenean, klub baten babesa behar zen proba antolatu ahal izateko. Noaingo Mendi Taldeak baiezkoa eman zuen, Karolo bertakoa baitzen. Ordutik gure kuadrilla ia gehiena Noaingo klubarekin dago federatuta. Iruñea, Irurtzun, Tolosa eta Donostiako lagun talde batek antolatzen dugu. Federaziotik deitu ziguten ea gure proba baliagarria izan zitekeen Nafarroako Mendiko Eski Txapelketa izateko eta Euskadiko Mendiko Kopako proba puntuagarria izateko eta baiezkoa eman genuen” nabarmendu du Lizarragak. Antolakuntzan murgilduta dagoenez, ez du inoiz Memorialean parte hartu. “Beste lasterketa batzuetan aritzen naiz, Altitoy, Kantabriako Andres Regil eta bestelakoak, baina gurean ez, lan egitea dagokigulako”.
Aurten Bandres Karolo Mendi Eski Memorialeko zortzigarren edizioa jokatu zen. Azken urteetan ezin izan zen egin, “lehen bi urteak ditxosozko pandemiarengatik eta joan zen urtean elur faltagatik. Nahiko urduri geunden. Gainera, ez zuen elurrik egiten. Baina, azkenean, sekulako elurtea bota zuen eta proba baldintza ikusgarrietan egin zen. Bai elurrarengatik, elur asko eta ona zegoelako, eta baita eguraldiagatik ere. Asteburukoak egun eguzkitsuak izateaz gain, ez zuen haizerik egin. Hiru urteren ondoren, halako baldintzak egotea merezi genuen” nabarmendu du.
Bandres Karolok harrera bikaina du. “Izena ematea zabaldu eta astebetean bete ziren 220 tokiak. Horrek sekulako indarra ematen dizu. Jendea gurekin oroitzen da. Eta eskertzekoa da”.
Ipe Lizarraga: "Proba baldintza ikusgarrietan jokatu zen. Hiru urte ondoren, merezi genuen"
Trazak markatzea
Halako proba baten atzean lan izugarria dago. Guztira 60 pertsona inguru aritzen dira antolakuntzan, eta horietatik zazpi-zortzi irurtzundarrak dira. Soilik ibilbide guztia trazatzeak eta markatzeak izugarrizko lana du. “Mendi lasterketa bat prestatzerakoan pistak edo xendak erabiltzen dira, baina elurretan ezin da. Hortaz, proba baino lehen ibilbide guztiko trazak ongi markatu behar ditugu, eskiatzen. Aurten lineako proban 20 km ziren, eta kronoigoeran 5 km, pentsa nolako lana den. Gainera, bi traza markatzen dira, eskiatzaileek beste bat aurreratu nahi badute traza bikoitza izan dezaten. Horrekin batera ibilbide guztia banderatxoekin markatu behar da. Igoeretarako berdeak, eta jaitsieretarako gorriak. Aurten, baldintza metereologikoak alde genituenez, bezperan guztia markatu genuen, baina gerta izan zaigu elurra ari zuelako edo haizea zegoelako bezperan gauez ibili behar izatea eta proba hasi baino ordu eta erdi inguru markatze lanak bukatzea, horrek dakarren estresarekin”. Zorionez, aurten ez dute arazo hori izan. Ibilbidean traza egokiak egiten saiatzen dira, “ez oso tente, eskiatzaileak eroso joateko. Eta izugarri eskertzen digute, traza on batetik zoazenean gutxiago nekatzen zarelako eta gehiago disfrutatzen duzulako”.
Kontrol guneetan ere jendea egon behar da. “Bost igoera eta beste horrenbeste jaitsiera zeuden, eta bakoitzean kontrol gune bat egon behar da. Eskiatzaileek igotzeko eskiei foka larruak jartzen dizkiete zoruan, eta jaisterakoan kentzen dizkiete. Eta hori kontrol guneetan egiten da. Aurten guztira 12 kontrol gune zeuden”. Eta, jakina, bestelakoak ere antolatu behar dira. “Logistikaz arduratzen naiz ni. Irteera eta helmugako arkua eta banderolak eman, kronometratzeko gailuak, musika, megafonia, auzatea eta hornidura guztia... Guztia aurreikusi, prestatu eta lotu behar da, furgonetetan kargatu, muntatu eta guztia bildu”.
Linea eta kronoigoera
Larunbatean, otsailak 11, lineako proba jokatu zen. Belaguako Angel Oloron aterpea irteera eta helmuga zela, ibilbide gogorra bezain ederra osatu behar izan zuten eskiatzaileek. Besteak beste, Lakora ondoko Kortaplana eta Binbalet gailurrak igo zituzten, eta Kartxela eta Binbalet tontorren iparretik Zuberoako mendietan sartu ziren. Azken igoera, “Heriotzaren zeharkaldia” izenez bataiatutakoa, bereziki gogorra izan zen. Bost igoera eta bost jaitsiera izan ziren, 20 km eta 2.000 m desnibel guztira. Igoera horietako bi eremu edo korridore oinez osatu behar izan zituzten, kranpoiak jantzita. “Azken momentura arte ez dugu ibilbidea zein den esaten. Sekretuan mantentzen dugu, azken unera arte ere ez baitakigu nola egongo diren elur baldintzak. Ibilbidea prestatzerakoan beti saiatzen gara ibilbide arruntak edo ezagunak direnak ez izatea, eskiatzaileek toki berriak ezagutu ditzaten eta proba berritzailea izan dadin. Arreta berezia jartzen diogu horri. Aurtengo ibilbideko zati batzuetan aurretik ere barneratu izan ginen, baina igoerak eta jaitsierak toki ezberdinetatik egin genituen, esaterako Iparraldera jaisten zirenak. Horiek berriak ziren” aipatu du. A ibilbide luzeagoaz gain, B ibilbidea zegoen ere, laburragoa (11 km, 1.100 m desnibela), “mendi eskian hasi berri direnendako edo ibilbide ez horren gogorra egin nahi dutenendako. Izan ere, gure mendi eski probara lehiatzera datorren jendea dator, baina baita besterik gabe ibilbidea osatu nahi duen jendea, disfrutatzera datorrena. Kranpoiekin joan behar den eremu batzuetan ere sokak jartzen dizkiegu. Azkenean ibilbide berezia baina modu seguruan egiteko aukera ematen du gure lasterketak, eta eskiatzaileek balioa ematen diote” zehaztu du Lizarragak.
Igandean, otsailak 12, Izaban hasi eta Ardibidepikua gailurrera zioan kronoigoera jokatu zen, km bertikal bat bezalakoa, baina eskiekin, 5 km-ko distantzia eta 700 metroko desnibela zuena.
Urrestarazu eta Rubio, podiumean
Memorialerako eskiatzaileek bi probetan egindako denbora batzen da. Nahia Quincoces mendexarra eta Jon Ander Aranburu zumarragarra izan dira Memorialeko aurtengo txapeldun handiak, meritu handiz eta sekulako erakustaldia emanda. Quincoces bi probatan gailendu zen (linean 2:37:43 ordu, eta kronoigoeran 44:36 minutu), eta Aranburu kronoigoeran (38:42 minutu). Lineakoan bigarren izan zen (2:20:23 ordu), Noel Burgos madrildarraren atzetik (2:10:38). Kronoigoera, aldi berean, Euskadiko Kronoigoera Txapelketa izan zen eta Quincoces eta Aranburu izan ziren txapeldunak. “Telemarkeko eski zahar batzuk ditugu: batean emakume txapeldunen izenak jartzen ditugu eta bestean gizonena. Aurten Aranbururen izena lehenengoz jarri genuen, Quincocesek aurretik Memoriala irabazia zuelako”.
Lineako proba, aldiz, Nafarroako Mendiko Eski Txapelketa izan zen aldi berean. Senior mailan Josema Urrestarazu altsasuarra hirugarren sailkatu zen, eta senior beteranoen mailan Nafarroako txapelduna izan zen (2:41:12), Patxi Rubio uharte arakildarraren aurretik (2:54:55). “Josemak, urtero bezala, gure proban parte hartu zuen. Baita Patxi Rubiok ere. Aurreko edizioren batean ere Juanjo Goikoetxea aritu izan da, egun Nafarroako selekzioko hautatzailea dena. Baina sakandarrak antolakuntzan aritzen gara lehiatzen baino” aipatu du Lizarragak.
Lasterketa jarraitzera jende dexente hurbildu zen. “Erraketekin ibiltzen edo eskiatzen ez badakizu ez da hain erraza ibilbidea jarraitzea. Horregatik ez da hain jendetsua izaten, baina hala ere helmugan kuadrilla polita zegoen. Eta jakinda gero Izaban zer nolako giroa dagoen... jendea hurbiltzen da”.
Ipe Lizarraga: "Josema Urrestarazu, urtero bezala, gurean aritu zen. Baita Patxi Rubio ere"
Izabako festa
Bandres Karolo Memoriala lasterketa bat baino askoz ere gehiago da, “mendi eskiko festa da”. Larunbateko lineako proba despeditu eta gero, arratsaldean Izabako zineman Eñaut Izagirre geologo eta glaziologoak Into the ice proiekzioa eskaini zuen, Darwin mendikateko bidaia erakusten duena. Eta Jumere aita-semeek Bandres Karolo Saria jaso zuten. “Pirinioetako ia eski proba guztietan ibiltzen da Wilfrid semea, baita gurean ere, eta aita hari laguntzen egoten da beti. Gainera, bere garaian iraupen eskiko olinpikoa izan zen. Omenaldia merezi zutela erabaki genuen, eta eskertuta zeuden”. Ekitaldian ere antolatzaile taldean izandako bi kide gogoan izan zituzten, Oskar Lizarraga eta Joxe Mari Arbelaitz. Segidan, bertso poteoan ibili ziren mendi eskiatzaileak diren Imanol Uria eta Aitor Sarriegi bertsolariekin. “Taberna guztiak beteta zeuden, sekulako giroa zegoen. Gure proba mendian jokatzen da, baina herria asko girotzen du”. Izabarrek gustura hartzen dute Memoriala. “Zinea, frontoia, mahaiak eta bestelakoak uzten dizkigute, igandean bertan egiten baitugu miga jatea. Izabako Udala, ADI IKE elkartea, Kurruskla elkartea eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, bestela ezingo genuke hau guztia antolatu” dio, bihotzez, Lizarragak.
Pozik egoteko arrazoi asko dituzte Bandres Karolo Memorialeko antolatzaileek, eskiatzaileen partetik hitz ederrak baino ez baitituzte jaso, lasterketaren edertasuna eta antolakuntzaren lan ona goraipatzen dutenak. “Ibilbidea ederra zen, jendeak igoeraz disfrutatu zuen eta jaitsierez ere lore asko jaso ditugu. Eta eskertzen da, atzetik lan handia dagoelako, proba baino hilabete batzuk lehenago hasten den lana” aitortzen du.
Ipe Lizarraga: "Egia esan, lore asko jaso ditugu. Eskertzen da, honen atzean lan handia dagoelako"
Datorrenerako gonbidapena
Lehertuta baino pozik bukatu dute lana Ipe Lizarragak eta gainontzeko boluntarioek, “nekatuta, halako proba bat antolatzea nahiko estresantea ere badelako, baina kontentu, guztia ongi joan delako. Edizio honen arrakasta errepikatzea kostako zaigu, baldintzak paregabeak izan direlako. Aurten boluntario berriak hurbildu zaizkigu, eta ikusita zein ongi atera den jada hurrengo urtekoan pentsatzen gaude. Ideia pila ditugu, baina baldintza klimatikoek lagundu beharko dute” dio.
Sakandarrek ateak zabalik dituzte Bandres Karolo Memorialean, “bai antolaketan boluntario izateko edo proban parte hartzeko. Sakanan iraupen eskian dabilen jendea dago, baina mendi eskian hastea gehiago kostatzen da. Hala ere, badakit zaletasuna dagoela”.
Hor nonbait, Bandres eta Karolo pozik egongo dira, euren ametsak bizirik jarraitzen duelako. “Hala espero dugu. Sarritan gure artean aipatzen dugu kabroi hauek oztopo pila bat jarri dizkigutela, baina tarteka hauspoa hartzeko beta ere ematen digute... (kar, kar...)”. Gustuko tokian, aldaparik ez.