Pilota

Beste bat!

Guaixe 2023ko ots. 20a, 09:40
Zabaleta eta Elordi, pozik, euren 12. puntua lortu eta gero.

Elordik eta Zabaletak euren hamabigarren garaipena lortu dute Binakako Txapelketan. Liderrak ez dira erlaxatzen eta finalerdietara “sasoi betean eta sentsazio onenekin” iritsi nahi dute

Binakako Txapelketako hamahirugarren jardunaldian Elordik eta Zabaletak Urrutikoetxea ordezkatu zuen Larrazabal eta Albisu izan zituzten aurkari Bilbon jokatutako partidan. Liderrak ziren faboritoak eta, beste behin, ez zuten huts egin. Euren hamabigarren garaipena lortu zuten, baina izerditu behar izan zuten, Urrutikoetxearen partez aritu zen Iker Larrazabalek oso ausart jokatu baitzuen. Arabarrak pilota arin mugitu zuen, erasokor jokatu zuen eta 10 tanto egin zituen. 

Bilboko partida lehiatua izan zen, eta hasieran bi bikoak paretsu ibili ziren. 12 eta 10-eko aldea izan zuten Elordik eta Zabaletak, baina partidari buelta eman eta 13 eta 15 aurreratu ziren Larrazabal eta Albisu. Ezkurdiaren eskubikada ikaragarri baten ondotik Aspekoek aginte makila hartu zuten eta Elordiren sakeko tantoarekin 16ra berdindu  eta hortik zuzenean joan ziren 22ra, Elordik sakez, gantxoz, txokoan eta atzerako pilotakadarekin partida erabakita utzi zuelako. 

Ezkurdia-Martija, Tolosan
Binakako hamahirugarren jardunaldiko bi partida jokatu dira. Elordik eta Zabaletak euren 12. puntua lortu dute eta Peio Etxeberriak eta Rezustak euren 6.. puntua (Irribarriak ordezkatu zuen Peio Etxeberria), Lasori eta Eskirozi 17 eta 22 irabazi eta gero. Gaur, otsailak 20, astelehena, Jakak eta Arangurenek Altuna III.a eta Tolosa izango dituzte aurkari, Tolosan, eta bihar, otsailak 21, asteartea, Ezkurdiak eta Martijak Peña II.aren eta Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute. Hil ala biziko partida da, Ezkurdiak eta Martijak irabaziz gero 5 puntu izango lituzketelako, Peña II.ak eta Mariezkurrenak bezala. Beraz, asko dago erabakitzeko Tolosako inauterietan.