Sakanako Garapen Agentziak kontratazioa eginen du

Guaixe 2023ko ots. 21a, 11:52

Sakanako Garapen Agentzia hartzen duen eraikina, Arbizuko Utzubar industrialdean. ARTXIBOA

Proiektu Europarren Kudeaketaren arduraduna behar du. Hautapen proban parte hartzeko eskabideak otsailaren 26ko, igandeko, 23:59ak arte aurkez daitezke.

Duen langile premia betetzeko, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) Proiektu Europarren Kudeaketaren arduraduna kontratatzeko hauta proben deialdia egin du. Hautagaiek, besteak beste, honako baldintzak bete behar dituzte: unibertsitate ikasketak izatea, euskarazko C1 maila, ingelesezko B2 maila, gidabaimena eta autoa izatea eta, gutxienez, antzeko eginkizunetan bi urteko lan esperientzia. 

SGAk eskaintzen duen kontratua lanaldi osokoa, mugagabea da, A mailakoa da eta %8ko osagarria izanen du. Soldata gordina  32.190,33 eurokoa da. Hautatutako pertsonak bost hilabeteko probaldia pasa beharko du. Bere eginkizun eta arduren artean egonen dira Sakanako Estrategian Planean aurreikusitako jarduerak garatzea. Batetik, maila askotariko Ikerketa eta Garapenaren inguruko programa, ekimen eta dirulaguntzen inguruko informazioa jasotzea, aztertzea eta zabaltzea. Bestetik, proiektu estrategikoak identifikatu, sustatu kudeatu eta justifikatzea, Europa mailakoak batez ere. Aldi berean, enpresen arteko elkarlana sustatu beharko du arlo askotan (berrikuntza, merkaturatzea, nazioartera ateratzea, inter-ekintzailetza…). Horrekin batera, askotariko proiektuak kudeatu beharko ditu, eskualdea garatu eta enpresen posizionamendu estrategikoa hobetze aldera. Eta, azkenik, berrikuntza teknologikoarekin, I+D+T-rekin eta teknologia-transferentziarekin harremana duten beste zerbitzu batzuk ere eman beharko ditu.