Astearte ihotean, otsailaren 21ean, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena izan zituzten aurkari Binakako finalerdietako play-offetara sailkatzeko hil ala bizikoa zen partidan. Peñak eta Mariezkurrenak 5 puntu zituzten, Ezkurdiak eta Martijak 4, eta sakandarrek irabaziz gero 5 puntutara berdinduta, azken jardunaldiak erabakiko luke nor sailkatuko litzateke play-offetarako. Baina, tamalez, ametsa ez zen gauzatu.
Lau pilotariek partida oso lehiatua eskaini zuten, eta bi bikoen parekotasuna izan zen ezaugarri nabarmenena. Seiko berdinketaren ostean Peña eta Mariezkurrena aurreratzen hasi ziren, baina alde gehiegi atera gabe. Euren estrategia Martija lehertzea eta Ezkurdia alboratzea izan zen partidaren hein handi batean. Martijak bi pilota galdu zituen, baina erauntsiari meritu handiz eutsi zion. Sakandarrak ez ziren gaizki ibili, defentsa ikaragarria erakutsi zuten, baina, agian, jarraitasuna falta izan zitzaien. Ezkurdiak 6 akats egin zituen, halako partida garrantzitsu batendako agian gehiegitxo, baina biko sakandarrak euren itxura onena emanez galdu zuen, Ezkurdiak partidaren erritmoa aldatuz, eta Martijak atzeko koadroetan eutsiz. Pena, 18 eta 22 galduta, Binakako finalerdietako play-offetarako borrokatik kanpo geratzea. Akatsa aurreko asteetan izan zuten lehiakortasun eza izan zen.
Beraz, asteburuan jokatuko den ligaxkako hamalaugarren eta azken jardunaldian ez dago ezer berezirik jokoan, finalerdietako play-offetako ordena besterik ez. Elordi-Zabaleta (12 puntu) eta Altuna-Tolosa (9 puntu) finalerdietarako sailkatuta daude zuzenean, eta seina puntu dituzten P.Etxeberria-Rezustak, Urrutikoetxea-Albisuk, Laso-Imazek eta Peña-Mariezkurrenak play-offetako ordena jokatuko dute. Ezkurdia-Martija (4 puntu) eta Jaka-Aranguren (3 puntu) aukerarik gabe daude.