Asteburuan Hirugarren Mailako hamazazpigarren mailako jardunaldia jokatu zen. Aralar Mendi taldeak Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartu zuen larunbat eguerdian Larrebieta pilotalekuan. Uhartearrak gogotsu atera ziren zelaira eta lehen minuturako Ibai Martiarenak Tafallakoen atea zulatu zuen. Aralar Mendik gora egin zuen, erasoan jarraitu zuen eta beste sei gol sartu zituen, Jon Arenaza, Mikel Hermoso de Mendoza, Jon Iribarren (2), eta Jorge Mariñelarena (2) jokalariei esker. 7 eta 0 irabazita, uhartearrek primeran ospatu zituzten ihoteak.
Bestalde, Cintruenigon jokatu zuen Ibararte Xotak, Garbayo Chivite taldearen kontra. Bi taldeek lehia oso estua izan zuten hasieratik. Ibararte Xota aurreratu zen Angel Maria Villarek sartutako golari esker, baina Cintruenigok berdintzea lortu zuen eta partidari buelta eman zion, ia konturatu gabe 4 eta 1 aurreratuz. Talde irurtzundarrak ez zuen behera egin eta Jon Argandoñak, Angel Villarrek eta Mikel Belokik sartutako golei esker launa berdintzea lortu zuen, partida irauliz. Partida puntu banaketarekin despedituko zela aurreikusten zenean, azken minutuan Cintruenigok garaipenaren gola sartu zuen, talde sakandarra nahiko jota utzi zuena.
Sailkapenean, San Juan da liderra (34 puntu). Aralar Mendi zazpigarren postura igo da (22 puntu), eta partida bat oraindik du jokatu gabe. Ibararte Xotaren kalterako, talde irurtzundarra zazpigarren postutik zortzigarrenera jaitsi baita (20 puntu). Hurrengo jardunaldian Ibararte Xotak sailkapenean seigarren den Bonel Construcciones Ablitas taldea hartuko du Irurtzunen. Partida otsailaren 28an jokatuko da, asteartea, 20:00etan. Aldiz, Aralar Mendiri atseden jardunaldia dagokio.