Iker Irribarriak prentsaurrekoa eskaini zuen otsailaren 22an, Eibarren. EITB-k bere komunikabideetan aurreratu zuena berrestu zuen: 26 urterekin pilota profesionala utziko duela, eskuin belaunean dituen arazoengatik, medikuen jarraibideei kasu eginda. “Saiatu naiz konponbide bat bilatzen, baina aditu guztien gomendioa argia izan da: nire kirol ibilbidea amaitzea. Nire bizitzan hartu behar izan ditudan erabaki zailenetako bat da, baina ziur nago onena dela niretzat. Pena dut, asko maite dudan zerbait uztera noalako, baina argi dut pilotari izan nintzela, naizela eta izango naizela” adierazi zuen Iker Irribarriak, Aspeko enpresa buru eta teknikariak alboan zituela eta Aspeko eta Baikoko pilotari mordoaren babesarekin. Han zeuden, besteak, beste, Joseba Ezkurdia, Julen Martija, Jose Javier Zabaleta eta Aaron Arbizu.
“Lesio batengatik 26 urterekin pilota utzi beharra pena izugarria da. Urte asko zituen txapelen lehian aritzeko. Niretako ohorea izan da berarekin jokatzea. Ezkerrarekin zuen jotze boteretsuak berezia egiten zuen. Ibilbide laburra izan du, baina arrakastatsua” azaldu zuen Ezkurdiak.
Irribarriak Buruz Buruko bi txapel ditu, 2016koa eta 2019koa, eta 2017ko Binakako Txapelketako txapela, Rezustarekin batera lortutakoa.
Zabaletarekin eta Martijarekin despedituko da
Iker Irribarriak martxoaren 4an jokatuko du bere azkeneko partidan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Jose Javier Zabaletarekin osatuko du bikotea, Jokin Altunaren eta Julen Martijaren kontra aritzeko.